Lourdes Unzueta Zamalloa

Lourdes Unzueta Zamalloa Atzera

2013
Kaiuko bat elurretan
Elkar
2005
Uharak zure begietan
Labayru
2005
Uharak zure begietan
Badator, badator abiadura handiko trena

Amaia arin-arinka doa kaleetan zehar tren-geltokira bidean. Estu eta larri begiratu dio eskumuturreko erlojuari. Honek zazpirak hamar gutxiago direla diotso. Zazpirak hamar gutxiago, eta trena zazpiretan. Abiadan doa orduan. Arnasestuka eta bihotz-taupadak zoli, gorputza izerditan blai-blai sentitzen du.

Ez dio hain berandu izango zenik iritzi etxetik irteeran auzoko Mariarekin bat egin eta berbetan hasi zaionean, alargundu denetik berriketarako beti prest dago-eta Maria. Amaia gustura eta adi egoten zaio, haren bakardadea arintze aldera.

Urrunera Atxuriko tren-geltokiko erlojutzarra dakus. Zazpirak hiru minutu gutxiago diotso. Hartu duen abiadurarekin semafororen bat ere gorri dagoela zeharkatu duela kalea uste du, atzetik kotxeren baten klaxona entzun du-eta. Beldur-ikarak izerdi gehiago atera dio bere gorputz lastertuari. Geltokira sartu denerako zazpirak minutu bat gutxiago. Bere burua salbatuta ikusi du. Egin-eginean baina trena hartu, hartu egingo du.

Txartelak balioztatzen dituen makinarantza hurreratu ahala, orduantxe konturatuko da ez daukala dagokion bidaia-bonoa eskura. Konturatze horrek beste ikaratxo bat eragingo dio gorputzetik zehar. Karteran arakatu beharko du txartel bila eta erraza dela ematen duen arren ez da hain erraza izango. Izan ere, karteran hiru bidaia-bono ditu: alde batetik ilusita hirurak dira berdinak, zuri-urdinak, baina, bestetik, batek Durango-Bilbao jartzen du, besteak Casco Viejo-Derio eta hirugarrenak, Amaiak behar duenak, Bilbao-Bermeo. Hartan-horretan, eskuak urduri eta izerditan, txartelaren albo bietara begiratu, dagokion txartela aukeratu eta makinara sartzen doala, hara non entzuten duen trenaren irteera-txistua. Agur trenari!

Berehala joko du iratzargailuak Amaiaren logelan. Arnasestuka eta blai-blai eginda iratzarriko da eta amesgaizto bat izan duela konturatuko. Ez du trenik galdu. Eta ez du txartel bila kartera arakatzen dabilelako trenik gehiago galduko, lehengo denborak ahaztuta, orain tren-konpainia bererako txartel bakarra jarri dutelako indarrean. Dutxatu, armozua egin eta kalera doa, lanera. Trenez joango da gaur.

Balioztatze-makinara heldu eta txartel bakar berri-bearria sartu du makinan. Berehala txistuka hasi zaio, pi-pi-pi-pi-pi, ez du txartelik onartzen. Leihatilako langilearengana hurreratu, zer jazotzen ote den galdetuko dio. Langileak, txartela eskuetan hartu, eta, espantu aurpegiaz, zera diotso:

-Baina zer txartel klase da hau, ez dago honako txartel bateraturik gure konpainian. Ametsetan zaude, ala? Zuok, emakumeok, beti ametsetan!

-Eskerrak konpainiako gizonburuei, eskerrak beraiei, gure eguneroko arazoak konpontzeko eta ametsak egia bihurtzeko horren prest daudelako. Non dago erreklamazio-orria? - erantzuten dio Amaiak.

Leihatilakoak ez daki zer esan, zer egin. Erdibidean harrapatuta dago.
2003
Ingeles bat Bilbora etorri zan...
(beste egile batzuekin) Bilboko Udala
2000
Bilbao, ipuin biltegia
(beste egileekin) Alberdania
2000
Gutiziak
(beste egile batzuekin) Txalaparta
1998
9808 narrazioak
(beste egile batzuekin) Egunkaria
1991
Argilunak begietan
Galburua Sorta. Labayru
1985
Euskal testuen azterbideak. Literatura II
(koordinatzailea) Labayru