Idazleak - Leire Bilbao Barruetabeña - Laginak - Ezkatak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Leire Bilbao Barruetabeña > Laginak

Poesia

2006 Ezkatak | Susa

BURUA KENTZEN

Badira
emakume azalak
ezkata usaina baino itsaskorragoak
Badira
barrua nola hustu jakiteke
urdailera zuzenean doazen esku emeak
Badira
amantalean batzen diren odolak
Badira
senarraren begirada duten arrainak
Badira
arnasestuz erauzten diren zakatzak
Badira
olatuen dardara duten gorputzak
Badira
maitale desleialarekin bezala
itsasoarekin oheratzen direnak
Badira
arrainei beraiena bailitz burua kentzen dieten
emakumeak.

EGONARRIA

Ez eskatu ispiluak bezain leiala izan nadin
ezin bazara ikusi zure aurrean,
ezin badidazu barrura so egin
zabalik etsi den leiho batetik bezala.

Ez naiz sugelandarea arrakala artean,
nagoen lekuan irauten erakutsi didate.

Egonarriz eramaten ditut egunak,
aitak emandako etxeari eutsiz
etsi naiz oharkabean.

Ez dakit bestearen minaz nireaz ez bada.
Ikusten dudan bezala diotsut,
ez eskatu ispiluak bezain leiala izan nadin,
ez naiz mugituko
hatsak agintzen didan heinean.

Nagoen lekuan irauten erakutsi didate.

BETAZALAK

Zabaldu dituzu begiak,
itzartu berri denaren usaina daukazu,
lo egin duenaren zaporea.
Zarratu dituzu begiak,
gezurrak jauzika ari zaizkizu betazaletan,
eta nik denak sinetsi nahi.

Zarratu dituzu begiak,
isiltzen denaren betazaletan
irakurtzen ahal delako gordekoa,
nola hilotzei begiak zarratzen dizkiegunean
hildakoen betazaletan irakurtzen ahal den
esateko zutena, esan gabe laga dutena.

Lo egin duenaren usaina daukazu,
itzartu berri denaren zaporea,
jaioberri bat dirudizu.
Gezurrak sinetsi gura dizkizut,
ume batek egia zaharrak
deskubritzen dituen moduan.

EURITAN

Autobuseko kristalean
utziko dizut mezu umel bat
atertutakoan irakur dezazun

ZAILTASUN SINPLE BAT

Bizitza zailtasun sinple bat baino ez da
zure begien zulora erori nintzenetik,
eta ez dakit nola irentsi gerezi malko hauek
zure ninietan itzulinguruka nabilen artean.

Talaia honetatik zer dakusazun ezberdin
jakin nahi nuen, nitaz aparte zer dabilen
zure begi zuloetan munduaren antzera jiraka.

Kliskada batean irten nintekeen betileon urjauzitik,
baina gatibu hartuta ninduzun betazal itxietan.
Horregatik dakit ez nauzula gehiago
naizen bezala ikusiko.

Alfonbra azpian ezkutatu ditut galderak
eta buelta eman diot giltzari
munduak bere buruari ematen dion bitartean.

EZINEN OREKAN

Hazten joan diren minekin hazi gara,
harri gaineko lo beroarekin,
ezinen orekan.

Ezinekin jostatzea
ez da ezin jostatzea.

Lekuz aldatzeko ez bada
ez hartu harria esku artean.
Urrunera jaurtitzeko ez bada
ez erauzi sortu zen lurretik.

Zinez diotsut,
ezinez izan gara.

Edonora goazela ere
usain bera daramagu azal azpian.
Lur heze usaina,
amaren usaina bezala,
edonora goazela ere
azalaren azpian.

Ez da erraz ezabatuko.
Nork ez du gorrotatu inoiz
gehien maitatu duena.
Nork ez du gorrotatu inoiz
azal azpiko lur heze usaina.

Hazten joan diren minekin hazi gara,
harri gaineko lo beroarekin,
ezinen orekan.

ODOLETAN 2

Odolez zikindu ditut atzamar puntak
eta ahora eraman zalantzati.
Nire gorputzak nahi ez duen odol honek
ez du zapore mikatzik.
Min egiten didate ditiburuek
ezpain eske baleude bezala.
Ez ditut zureak gura,
ez ditut inorenak gura,
niretzat ondo gordeak dauzkat.

Taupadaka daukat barrua, erantzun eske,
eta esku bat pausatu dut bularrean.
Galdetu didazu zergatik batzutan zuri baino
hobeto ulertzen diodan lehoi eme bati.
Orain badakizu bularrak taupadaka ditudanean
zergatik ez dizkizudan uzten ukitzeko,
zergatik gordetzen ditudan neuretzako.

GEREZIONDOAK LORETAN

Bere haur negarra isilarazteko
bueltatu nahi duela herrira esan dit,
maiatzak ertza jo aurretik
gereziondoak loretan ikusteko.

Denborarekin kaleak eta iritziak
okertzen joan zaizkiola,
arnasa ez duela jada
utzi zuen lekuan aurkitzen.

Bakardadea, neguko kaleetan
beroki lodi batekin ibiltzea dela,
badirela atea zabaltzean
inoiz ezer sartzen ez den etxeak,
kanpoko hotza ez bada.

Egunak hausten zaizkiola eskuetan,
hil berriak bezala prestatzen dela gauero,
lotsa ematen diola ohean biluzik hiltzeak.

Maiatzak ertza jo du,
eguzkiak berotu harriak sartu ditu poltsikoan.
Bere haur negarra isilarazteko
bueltatu nahi duela herrira esan dit.

EZ DUT NAHI

Ez dut lurperatuko nauen aberririk nahi,
izan nahi genuena ahora ekarriko didanik.

Ez dut nekatuko nauen maitasunik nahi,
lepora igoko zaidanik mendeku hartzeko ez bada.

Ez dut babestuko nauen amarik nahi,
alboan izango ez badut denbora badoanean.

Ez aberri, ez maitasun, ez amarik
ez badut, nora itzuliko naiz?

ATZERRITARRA

Atzerritar bat dabilkit
neure baitako herrian
itsaso hilak bezain hotzak diren oinekin
birikak zeharkatzen.

Esan, zer egin behar dut
errealitate hau ez bada nirea,
min banaiz,
ni banaiz
loa galtzen duena legez
bere ametsetan arakatzen ari dena.

Zer egingo dut ba,
atzerritar bat badabilkit
neure baitako herrian
harri artean babesten banaiz
zu eta beste guztien aurrean.

Ez da nirea erru guztia,
guztia errua bada.
Zure begiratzeko era da
salatzen nauena.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta