Idazleak - Laida Martínez Navarro - Laginak - Parkeko sorgina

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Laida Martínez Navarro > Laginak

Narratiba

Parkeko sorgina |

Hotz egiten duen egunetan, katarroa harrapatzen dudala esaten du amak eta ez dit kalean jolasten uzten. Halaxe gertatu da gaur eta eskolatik bueltan, eskolako lanak egitera bidali nau segidan. Kaka zaharra! Jesarri, liburua ireki eta hau asperdura! Ikasteko gogorik ez daukadanez, arrebaren logelara joatea erabaki dut. Ane oso listoa da, denek esaten dute, eta primeran pasatzen dugu elkarrekin. Gainera, bere logelatik izugarri ondo ikusten da parkean gertatzen dena. Oso dibertigarria da.

Joan, sartu eta kristalean jarrita eman dugu arratsaldea Eta hori gandua! Makina bat marrazki egin dugu kristalean. Gero parkeko zuhaitzetara begira geratu gara.

-Kontuz, Max! -esan dit bat-batean arrebak -Zuk uste duzu zuhaitz horiek, zuhaitzak direla. Denek uste dute zuhaitzak direlaà Baina ez dira... Badakizu zer diren?

Jo, Ane! Zelako galdera! Izutzeko egin du, ziurà Ba, izutuko nauela uste badu, jai dauka. Oso ausarta naiz.

-Esaidazu, Max, badakizu zer diren?...

-E-e-ez, A-a-ane. E-e-ez d-d-dakit... -erantzun diot totelka, totela naizelako.

Ane poliki-poliki hurbildu zait, sakon-sakonean hartu du arnasa eta lepoan kilimak egitearekin batera:

-PARKEKO SORGINAK DIRA!!...

A zer-nolako sustoa! Korrika batean eta garrasika irten gara logelatik eta primeran pasa dugu barrez eta borrokan amama algara isiltzeko agertu den arte.

Amama agertzean, akabo jaia eta akabo dena. Akabo. Izugarrizko errespetua diogu amamari guk biok, haserretuz gero ipurdia errukirik gabe berotzen digulako. "Dzirt-dzart". Gure ika-mikak ez ulertzeaz gain, amamari berdin dio erruduna nor den, berdin-berdin. Biok zigortuta eta kito.

Amaren ustez, sistema hori oso egokia da: guztietan dator bat amamak esandakoarekin. Gu, beti galtzaile. Gainera amak sarritan esaten du aitaren itsasontzia bueltatu arte ez duela atsedenik hartuko, lan handia ematen diogula eta kapitain batekin ezkonduta egotea oso LATZA dela.

LATZA esaten duenean, niri begiratzen dit... Arraioa! Amak eta amamak behin eta berriro errepikatzen didate arazoetan ez sartzeko eta zintzo-zintzo ibiltzeko. Hori eta ez distraitzeko, oso jale eskasa naizela eta jaten jarraitzeko.

Horixe esan didate gaur ere, askaltzeko orduan: jesartzeko eta den-dena jan arte, ez altxatzeko. Buff!

Bokata eskuan daukadala utzi naute sukaldean. Jo! Ez naiz batere gose; horregatik hurbildu naiz leihora eta horregatik bueltatu zait gogora Anek esandakoa. Bah! ez dago sorginik, ondotxo dakit nik, jakingo ez dut, ba! Baina kalean ez da inor; parkeko zuhaitzak, besterik ez. Eta ilun dago, gero! Ez, ez dago sorginik baina edozein unetan bat agertuko dela dirudi. Agertu eta kalea zeharkatzen hasi. Zeharkatu eta etxera poliki-poliki hurbildu. Gelditu eta gure atean jo...

Hara! Horretaz pentsatu eta ateko txirrina sakatu dute: "txirriiing! txirriiing!" Bi aldiz jo dute. "Txirriiing!" Hirugarrenean, tximista bezain azkar irten naiz. Pasilloko izkinan ezkutatu eta bertatik begiratu dut. Orduantxe ikusi dut sorgina.

Aho bete hortz utzi nau.

Zein itsusia! Altu-altua eta beltzez jantzita. Egundo ikusi dudan sorginik sorginena, zalantzarik ez: lumadun kapela, garatxak aurpegian, sudur luze-luzea. Begira geratu naiz eta ez sorgintzeko, hobe dugula adi egotea erabaki dut!

Txarrena, hainbeste eta hainbeste pentsamendurekin ez naizela ezertaz enteratu. Amamak sorginari zerbait esan, sorginak zerbait erantzun eta kalean gora alde egin du.

Aneren gelara joan naiz korrika.

-S-S-SORGIN BAT, A-A-ANE!!

Leihora eraman dut eskutik helduta. Gortinak zabaldu, kanpora begiratu eta...Ene! Arimarik ere ez!

Horrek mutu utzi nau, benetan; baina Ane, ez. Ane zeharo haserretu da, zeharo... eta adarra ez jotzeko, eta bere logelan ez jateko edo amari esango diola oihukatu dit.

Bokata!!! Egia da! Eskuan eduki dut denbora guztian, nahiz eta probatu ez!

Sukaldera bueltatu naiz burumakur. Amak bokatarekin harrapatzen banau, errieta. Ziur. Zintzo-zintzo jesarri naiz amamaren ondoan eta begiratu didanean, horzkada handi bat eman diot bokatari. Begirada bakoitza, horzkada bat. Horrela ibili gara bokata osoa amaitu arte. Buuf!

-Ederto, laztana -esan dit amamak- Orain, eskolako lanak!

-E-e-eskolako l-l-lanak?

Ez dut egiteko gogorik, baina! Gainera, bihar jai da. Ez dago eskolarik. Bihar egingo ditut, beraz; bestela, aspertuko naiz. Bihar denbora pilo bat edukiko dut egiteko. Baietz egin!

Amamak hori entzun, eta zuzen-zuzen begiratu dit. Ahoa ireki du gero... baina ezer esan baino lehen, atariko emakumea nor zen galdetu diot. Errietarekin hasten bada, jai daukat.

-A, bai! Andere hori?... Auzoko jostun berria da.

Gauza gehiago kontatzeko eskatu diot nik, eta horrela jakin dut sorginaren izena: Kattalin anderea. Horrez gain, amamak beste gauza pilo bat ere aipatu du eta, ziur aski, denak oso interesgarriak; baina sorginari buruzkoak ez zirenez, ez naiz ezertaz enteratu eta ezin ditut errepikatu.

Kattalin anderearekin buruan bueltaka, di-da pasa zait arratsaldea. Oheratzeko orduan, sorginekin kontuz ibili behar dela erabaki dut. Ipuin guztiek esaten dute hori.

Lokartu eta lotan eta lotan egon naiz eguzkiak esnatu arte. Gaur ez zait kostatu altxatzea: jai da, iufaa!... tximista bezain laster gosalduko dut, ama oso pozik jarriko da eta parkean jolasteko baimena emango digu.

Esan eta egin. Esnea eta gailetak, den-dena eta protestatu gabe jan dut. Harrituta utzi ditut guztiak! Amak esan du aspaldian ez dudala hain ondo gosaldu; eta, jarraian, parkera jolastera bidali gaitu Ane eta biok. Zein ondo! Kalea gurutzatu eta parkera heldu gara.

Konturatu baino lehen, Ane korrika egiten hasi da.

-Ezetz harrapatu, zapaburu!

Eta ez dut harrapatu, jakina. Nik baino hiru urte, zortzi hilabete eta bi aste gehiago dauzka. Sekula ez dut harrapatzen.

-I-i-itxaron, A-a-ane!

Korrika eta korrika ibili naiz, baina zuhaitzen artean sartu da eta ez dut berriro ikusi. Jo, Ane! Horrela ez dago jolasterik! Ez nau bakarrik utzi parke erdian, ba! Hori azala! Beno, ba itzultzen ez bada, amari kontatuko diot. Amak beti esaten digu elkarrekin egoteko... Hori eta ezezagunekin ez mintzatzeko. Amari ezezagunak ez zaizkio batere gustatzen, antza.

Arrano-pola! Horretaz pentsatu orduko ingurura begiratu dut urduri. Brrr! Eta ezezagunen bat agertzen bada? Eta karamelurik eskaintzen badit? Horixe bera gertatu zitzaion haur bati ipuin batean. Ezezaguna sorgin maltzur bat zen. Maltzur-maltzurra. Haurrak karameluak jan eta sorginak igel bihurtu zuen.

Kaka! Karameluen kontuak zeharo kezkatu nau, eta ipuinarekin buruan bueltaka hasi naiz: ipuineko haurra txikerra zen, gogoan daukat... eta oso babua, zeren OSO BABUA izan behar baita sorgin bati karameluak hartzeko eta igel bihurtzeko, BABU HUTSA!! Ni, ordea, ez naiz txikerra, bederatzi urte dauzkat. Hortaz, ez dago arazorik: sorgin bat agertuz gero, sorginetan sinesteko NAGUSIEGI naizela esango diot... Hori eta alde egiteko, ez dudala karamelurik jan nahi.

Niri, sorginak! Ez naiz batere beldur. Batere ez.

-AAA!!...

Hau sustoa! Bat-batean Kattalin anderea agertu, gelditu eta nigana etorri da!

-Aizu, mutij! -esan dit.

-Aizu, mutij! -errepikatu du eta hurbildu egin zait!

-E-e-ez, i-i-igela e-e-ez! -oihukatu dut beldurraren beldurrez, eta zuhaitzen artean egin dut hanka, tximista bezain azkar. Sekula ez naiz hain azkar joan, harri batekin estropozu eta "dzaka!" lurrera zerraldo erori arte. Ai, ama! Orain harrapatuko nau!

Esku batek ukitu dit sorbalda.

-EEEZ!!

-Zer duzu, Max?

Ane. Eskerrak! Zorutik zutitzen lagundu dit.

-S-s-sorgina z-z-zen, A-a-ane!...

-Zer diozu, zapaburu?

Eta dena kontatu diot. Den-dena.

-E-e-emango d-d-didazu e-e-eskua? -galdetu diot beldurrez dardarka.

Anek eskutik heldu nau barrez, eta kontuz ibiltzeko esan dit: zapaburu guztiak igel bihurtzen dira eta. Ez diot nik graziarik ikusten baina!

Beldurrak airean pasa dut eguna, leihotik parkera begira, Kattalin anderea noiz agertuko zain. Gauean oso kezkatuta oheratu naiz. Oso kezkatuta; eta lokartu baino lehen, sorginez pentsatzen egon naiz... lokartu ondoren ere bai zeren Kattalin anderearekin amets egin baitut: atzetik agertu, lepotik harrapatu eta Uff! Amamak esnatu nau. Altxatzeko ordua.

Gaur ez da jai, eskolara joan behar da. Horregatik eman dut denbora pilo bat janzteko eta oraindik gehiago gosaltzeko. Ama zeharo haserretu da eta amama ere bai. Anek ez dit itxaron. Ni gabe joan da, oso geldoa naizela esan ondoren. Ni geroago irten naiz, askoz geroago eta eskolarako bidean konturatu naiz: eskolako lanak, arrano-pola! Amama egin gabe dauzkadala enteratzen bada, txikitu egingo nau! Hobe dut egitea... Hortaz, motxila ireki eta maisuak emandako orria atera dut.

"Ehunekoak: asmatu adibide bat".

Erraza. Berehala etorri zait burura:

... 100 ezezagun badaude, eta horietako 10ek karameluak eskaintzen badizkizute, ezezagunen %10 sorginak direla jakingo duzu.

Listo. Ikasgelara sartutakoan, maisuari eman diot. Jesarri eta ehunekoak kalkulatzen pasa dugu goiza. Oso dibertigarria izan da, eta di-da joan zait denbora.

Lasai-lasai ibili naiz etxera heldu arte; baina heltzean, a zer-nolako ezustea!, sartu eta amama ikusi dut... SORGINAREKIN!!

-Zatoz hona, laztana. Esan kaixo Kattalin andereari.

Eta hara joan naiz beldurrez dardarka.

-K-k-kaixo.

Kattalin andereak irribarre egin du eta... zer eta KARAMELU BAT eskaini behar! Susmoa piztu zait segidan: karamelua sorginduta dago, ziur! Jan eta igel bihurtuko naiz. Baietz bihurtu!

Karamelua hartu, beste erremediorik ez dut eduki; baina logelara heldu bezain laster, leihotik bota dut. Atzazalak karraskatzen geratu naiz...
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta