Idazleak - Koldo Zubeldia Mendizabal - Hemeroteka - "Poetoi balore filantropikoak gustatzen zaizkigu"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Koldo Zubeldia Mendizabal > Hemeroteka

Diario Vasco

2009-07-13 "Poetoi balore filantropikoak gustatzen zaizkigu" | Felix Ibargutxi

lobo altuna

Olerkiak idazten ditu Koldo Zubeldiak. Lau liburu ditu argitaratuta, bat izan ezik autoedizio moduan atereak. Laugarrena orain dela aste batzuk burutu du eta antologia tankerakoa dugu: Antologia poetikoa 1984-2009. Zaldibian jaio zen eta hantxe bizi da orain ere, herri handiagoetako zurrunbilotik aparte. Inkapazidade-pentsio txiki bat kobratzen duelarik bizimodu apala dauka eta filantropia du amets. Orain dela hilabete batzuk, Zaldibian nengoen batean, gerturatu eta esan zidan elkarrizketa egin behar niokeela. Lehengo astean joan nintzen berarengana eta galdera askorik egin beharrik ez zen izan haren barrua askatzeko.

Nik bereiziko nituzke bi muetatako baloreak: hemen magnifikatu da diru asko irabaztea eta diru asko gastatzea. Baina gure kasua zein da?
Ba ibili garela urte asko ikasten, eta gero lan soziala esaten dena egiten, adibidez amaren ondoan, babesa behar zuelako. Baratza egiten, enkarguak egiten. Nire baloreak ez dira materialismo hutsa eta egozentrismoa, baizik eta poeta baten baloreak. Zuk pentsa ezazu nik azken zazpi urteetan zer egiten ari naizen: goizeko lauretan jaiki, irakurri.... Nik argia eta adimentsua izatearen alde ari naiz bizitzen eta lan egiten. Poetaren geografiaren galderei erantzun egoki, poetiko eta eder bat eman nahian nabil. Guri, poetoi, beste askori ez bezala, balore filantropikoak gustatzen zaizkigu. Eta filantropiaren definizioa, errotik, zera da, gizabanakoari laguntzea.

Zer egin duzu garrantzitsua?
Pertsona behartu batzuei laguntzea eta solidarioa izatea. Nik ez daukat diru asko, baina asko irakurri dut, eta oraindik ere poesi liburu gehiago irakurri behar ditut. Niretzako, bada plazer bat azkeneko urte hauetan asko praktikatu dudana: goizean goiz jaiki, paseo eder bat eman eta poesia irakurtzea. Nik egin dut aita zenak esandakoa: zu juerga egitera ateratzen bazara eta arriskuko tokietan baldin bazabiltza, seguru aso galdurik zaude, edo behintzat erratzeko posibilidade gehiago dituzu, formal eta etiko ibiltzen bazara baino.

Zein poesi liburu izan dituzu ikasbide?
Zuzenbideko ikasle nintzela, orain dela 34 urte, gau asko gelditzen nintzen Mikel Arregi poeta aresoarra irakurtzen. Afari bat egin genuen orain dela sei urte, elkarren berri jakiteko. Gero, denbora luzean, poeta erdaldun batzuk irakurri nituen, EMKko frente sozial eta kultural horretakoa nintzelako. Ez dira asko: Bertol Brecht, Blas de Otero eta Gabriel Aresti. Gero idazten hasi nintzen, eta erreziltaldietan-eta batzuei gustatu zaienez nire olerkiak, ba azkeneko liburu hau ere idatzi dut, laugarrena.

Orain dela gutxi atera duzun liburu hori antologia da.
Lehenengo liburuaren sarrera Migel Anjel Unanuak idatzi zidan, zaldibitarra hura ere. Hark jartzen zuen fariseuz inguratua bizi izan naizela. Badakizu nor-tzuk izan ziren fariseuak, pertsona baten akatsak salatzen zituztenak eta balore onak sekula ikusten ez zituztenak. Bai, Zaldibian ere kuxkuxero eta nazkagarri jende asko dago. Nik 79an Zuzenbidea ikasteari utzi nion, euskara hobeto ikasteagatik eta dedika-tzeagatik euskara eskolak ematera. Lehen, galdetu didazu zein diren nire baloreak, eta esango dizut: herriaren hizkuntzan hitz egitea eta herriarentzako lan egitea. Hor dago Xalbadorren bertsoa: «Hizkuntza da bihotza, herria da gorputza». Eta beste bat Joxe Manuel Odriozolak dioena: herri horrek hizkuntza horretan egiten duena da kultura.

Zer moduzko harremana eduki duzu editore jendearekin?
Orain dela lau urte, edo gehiago, 38 poema bidali nizkion Xabier Mendiguren Elizegiri. Esan zidan gutxi irakurtzen dela poesia eta idazle famatu eta goretsien lanak publikatzen direla. Gero, Berria-n irakurri nuen Joseba Berriotxoak Erroteta argitaletxea sortu zuela, eta hari bidali nizkion olerkiak. 300 ale atera genituen. Zoragarri egin genuen lana. Huraxe izan nuen lehenbiziko liburua, 2005eko maiatzean atera nuena. Harrezkero, han eta hemen, hamabi errezitalditan parte hartu dut. Beldur eszenikoa ere, apurka-apurka, galdu dut. Famatuek -Joan Mari Irigoien eta Koldo Izagirrek...- sona gehiago daukate, baina gu jende jatorra gara, eta jende umila.

«Karmen» eta «Kemen» hitzak jarri dituzu liburu berri honen azalean.
Karmen da ni maiteminduta nagoen neska, eta Kemen da azkeneko urteetan nik daukadana.

Beraz, Karmen hori benetako emakume bat da.
Bai, 42 urte ditu eta hogei egin ditu lanean. Oso neska polita da.

Zuk gutxirekin pasatzen duzu.
Inkapazidade bat daukat eta hortik diru piska bat jasotzen dut, azken urteotan gehixeago. Nire familiak erlijio ikutua izan zuen garai batean eta hortik zeozer gelditu da: ona izateko gogoa. Ez da beti posible izango, baina saiatu beharra dago.

Zein dituzu poeta adiskideak?
Pello Zabaleta da bat. Irakasle izan genuen Itzultzaile Eskolan. Berarekin hilean lau aldiz hitz egiten dut.

Irakurri dut liburu berriko kontakizun labur hori, 'Psikiatra eta bere semearena', eta ez dut ulertu.
Nik gauza bat ikasi dut: ekidinkorra izaten. Ipuinaren mezua zera da: arriskuko toki batean bazaude, alde hortik! Zozoa non dago? Goiko adarrean? Hortaz, goazen hemendik, baliteke elurra etortzea.Artzainen jakinduria.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta