Idazleak - Koldo Ameztoi - Hemeroteka - Dena dela... Baxenabarreko

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Koldo Ameztoi > Hemeroteka

Euskaldunon egunkaria

1994-06-12 Dena dela... Baxenabarreko | Agustin Aranzabal

Literaturaren alderdirik herritarrenari loturik, Nafarroa Behereko herrien inguruko ipuinak moldatu ditu Koldo Ameztoi idazle eta ipuin kontalari ezagunak, Maiatz argitaletxeak plazaratu duen liburu berri honetan, “Dena dela… Lapurdiko” izenburuko eder eta aipagarri haren bideari jarraiki.

Alfabetikoki ordenatu ditu Nafarroa Behereko herriak Amikuzetik Zibitzera daraman bidaia literario koloretsu eta interesgarri honen egileak, eta herri bakoitzak duen berezitasun aipagarriren bat edota bizilagunek duten izengoitia izan du oinarri nagusi istorio umoretsu eta bizi hauek sortzerakoan: “Amikuze herri luze”, “Arnegiko zipa txarrak”, “Baigorriko xikiteroak”, “Mokokariak Buztintze Iriberriko”, “Eihalarreko nafar astoak”, “Itzalegi, itzal gehiegi”, “Luzaideko kontrabandixtak” , “Ibarlako mozkorrak”, “Jatsuko zaku lazoak”, “Urgulutsuak Bunuzeko”…

Ez da goi asmo handiko literatura baina bai gozotasunez eta samurtasunez, jakituriaz eta bizipozez idatzi eta landua Ameztoirena. Herria eta herriak ondo ezagutzen ditu kontalariak, eta ondo baino hobeto egokitu ditu liburuko pasadizoak bere ingurune geografiko eta sozialean, liburu bitxi eta harrigarria osatuz, Iparraldea hain ezezagun zaigun hegoaldetarrontzat interes bizikoa izan daitekeena.

Irene Bordaren marrazkiek, liburua ederki apaintzeaz gain, lehendabizi marrazkiari erreparatzen dion irakurlea irakurketara bultzatzeko dohaina dute, marrazki horren atzetik gordetzen den istorioa ezagutzeko irrikaz uzten dutelako.

Liburu ederra, beraz, Koldo Ameztoiren “Dena dela… Baxenabarreko”, ahalegin berezi baten bigarren fruitua. Hirugarrenik ere izango ote, “Dena dela… Zuberoako” bat alegia?
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta