Idazleak - Kirmen Uribe - Biografia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Kirmen Uribe


Ondarroa, 1970.

Arrantzale familia batean jaio zen. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta Literatura Konparatuko graduondoko ikasketak egin zituen Trenton (Italia). Bere lehenengo literatur sari handia kartzelan zegoela jaso zuen 1995.ean, intsumiso zelarik (derrigorrezko soldaduzkara joan nahi ez zuelako). Becerro de Bengoa Saria, Jon Elordirekin batera moldatu zuen Lizardi eta erotismoalanagatik.

2009ko urrian Espainiako Literatur Saria eman zioten, Bilbao-New York-Bilbaonobelarengatik. Kirmen Uribek 2008ko Kritika Saria, Euskarazko nobelaren alorrean idazlan berari esker jasoa zuen.

Olerkia eta multimediak

Jon Kortazar kritikariaren aburuz, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik(Susa, 2001) poema-liburuaren agerpena “iraultza lasaia” izan zen euskal literaturaren munduan. Kritika Saria lortu zuen eta lehenengo edizioa hilabete batean agortu zen. Liburua gaztelaniara (Visor, 2003), frantsesera (Castor Astral, 2006), ingelesera (Graywolf, 2007), katalanera (Proa, 2010) eta errusiarrera (ИздательствоГерника, 2011) itzuli da dagoeneko. Elizabeth Macklin idazle estatubatuarrak euskaratik zuzenean egin zuen ingeleserako itzulpena. Lehen aldia zen euskaratik zuzenean itzulitako testu bat Amerikako Estatu Batuetako argitaletxe komertzial batean agertzen zena. Liburua finalista geratu zen 2007an Estatu Batuetan argitaratutako poesia itzulpen onenaren sarian (PEN Award for Poetry in Translation).

Uribek literatura bestelako arteekin uztartzen dituzten hainbat ikuskizunetan hartu du parte. 2000.ean Bar Puerto jarri zuen abian Mikel Urdangarin eta Josu Eizagirrerekin batera. Taula gainean poesia, musika, bideoa eta ahozko historia biltzen ziren, errepide bat egiteko bota zuten auzo zahar bateko biztanleen bizipenak kontatzeko. 2003.ean Zaharregia, txikiegia agian (Gaztelupeko hotsak) CD-liburua argitaratu zuen Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikariak eta Mikel Valverde ilustratzailearekin batera. Urte berean New Yorken eman zituzten errezital batzuen ondorioz sortu zen lana, eta izenburuak euskarari buruz egiten du galdera, ea gure hizkuntza ez ote den zaharregia eta txikiegia globalizazioaren garaietarako. Arkaitz Basterra zinegileak Agianizeneko dokumentala grabatu zuen taldearen ibilbidean oinarrituz. Agian2006.eko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen. Bitartean heldu eskutik liburuaren frantseserako itzulpena zela eta Entre-temps donne moi la main izeneko ikuskizuna sortu zuen 2006.ean Francois Mouget Bordeleko dramaturgoarekin batera.

Haur eta gazte literatura

Era berean, haur eta gazteentzako hainbat liburu eman ditu argitara. Ezagunenak dira XIX. mendean Amerikara artzain gisa lan egitera joan eta pistolari bihurtzen den Garmendiaren abentura barregarriak. Hiru nobelatxo ditu orain arte Garmendia bildumak: Garmendia eta Zaldun beltza (Elkar, 2003), Garmendia errege (Elkar, 2004) eta Garmendia eta Fanyren sekretua (Elkar, 2006). Garmendia errege izenekoak Liburu berria saria lortu zuen bigarren hezkuntzako gaztetxoen bozkei esker.

Txikiagoentzat Guti (Elkar, 2005) itsasontzirik gabe geratzen den txakur arrantzalearen istorioa eta Ez naiz ilehoria, eta zer? (Elkar, 2004) idatzi ditu. Azken horrek Amira izeneko neskato marokoar baten kezkak jasotzen ditu, zailtasunak dituelako Gasteizen lagunak egiteko. Kukubiltxo antzerki taldearen 20. urteurrena zela medio Mikel Zarateren Ekidazu ipuina moldatu zuen antzerkirako, eta Kukubiltxok eta Oskorrik eraman zuten taula gainera 2002an.

Nazioarteko ibilbidea

Kirmen Uribek nazioarteko hainbat literatura jaialditan parte hartu du. Hala nola, New Yorkeko “World Voices” jaialdian (Estatu Batuetako PEN Clubak antolatzen duena), Berlineko nazioarteko poesia jaialdian, Taipeiko (Taiwan) nazioarteko poesia jaialdian, Manchesterreko literatura jaialdian, Bodeleko ¡Mira! festibalean, Vilenicako (Eslovenia) nazioarteko jaialdian (bi aldiz) eta La Habanako (Kuba) nazioarteko poesia festibalean; eta munduko hainbat unibertsitatetan eman ditu hitzaldiak, esate baterako, Stanford unibertsitatean (Kalifornia), NYU New Yorkeko unibertsitatean, CUNY New Yorkeko hiriko unibertsitatean, Los Angeleseko California Institute of The Arts zentruan, San Diegoko University of California unibertsitatean, Taipeiko Fu-Jen unibertsitate katolikoan edo Varsoviako unibertsitatean. Halaber, bere olerkiak entzute handiko aldizkarietan eta nazioarteko antologiatan agertu dira. 2003. urteko maiatzean The New Yorker aldizkariak “Maiatza” poema argitaratu zuen. Geroztik, bere poemak Amerikako Estatu Batuetako beste aldizkari batzuetan ere agertu dira. 2006.ean Lyrikline Berlineko aldizkari elektronikoak Uriberen hamar poema eskegi zituen webean alemanera itzulita. Orrialde horrek munduko poesia jasotzen du eta lehen aldia zen egile euskaldun bat bertan agertzen zela. 2008.ean Kevin Prufer eta Wayne Millar kritikari estatubatuarrek apailatuta New European Poetry antologiak Kirmen Uriberen hiru poema jaso zituen. “Uriberen literaturak Euskal Herrian ditu erroak baina zeharo unibertsala da” esan du berari buruz Harvard unibertsitateko The Harvard Book Review aldizkariak.

Nobelagintza

2008an argitaratu zuen azkenik bere lehenengo nobela, Bilbao-New York-Bilbao. Jakinmin handia piztu zuen liburuak. Kritika Saria eta Espainiako Literatura Saria (Narratiba alorrean) jaso zituen. 2010ean garai berean argitaratu ziren gaztelania (Seix-Barral), gailego (Xerais) eta katalanerako itzulpenak (Edicions 62). Bilbao-New York-Bilbao nobelak egileak berak Bilboko Loiu aireportutik New Yorkeko JFKra egiten duen alegiazko bidaia du ardatz. Hegaldi horretan idazkizun duen nobelari buruz egingo du gogoeta idazleak. Balizko nobela hori itsasoari lotutako familia bateko hiru belaunaldiri buruzkoa da. Bilbao-New York-Bilbao nobelak ez du ohiko tramarik. Sare itxurako egitura du, eta sare horretan hiru belaunaldietako pertsonen bizipenak tartekatzen dira hainbat hausnarketa, analogia eta zeharkako istorioekin.

Wikipediatik ekarrita.


 

BIBLIOGRAFIA

1998 Ekografia. | Puerta Norte
2001 Bar Puerto. Bazterreko ahotsak. | Korrika 12
2001 Bitartean heldu eskutik. | Susa
2003 Garmendia eta zaldun beltza | Elkar
2004 Garmendia errege | Elkar

GEHIAGO IKUSI

LAGINAK

2008 Bilbao-New York-Bilbao | Elkar

GEHIAGO IKUSI

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta