Idazleak - Kirmen Uribe - Hemeroteka - «Idazleok gure lotsak ezkutatzen ditugu eta nik azaldu nahi nituen»

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Kirmen Uribe > Hemeroteka

Berria

2009-01-17 «Idazleok gure lotsak ezkutatzen ditugu eta nik azaldu nahi nituen» | Ainara Gorostizu

Urte batzuk barru idatziko du Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) Bilbao-New York-Bilbao (Elkar) nobelaren barruan dagoen nobela. «Orain ez zitzaidan nobela hori interesatzen. Nobela beraren sortze prozesua gehiago interesatzen zitzaidan, idazleak zer kezka, zer beldur dituen, idazlea bera nola aldatzen den... nahiago nuen hori guztia kontatu, molde klasikoetan idatziriko nobela bat egin baino». Asmo berrizaleak zituen oroz gain idazleak.

Hasi da nobela bere bidea egiten...
Liburua, oro har, oso ondo hartua izan da. Jendea ahoz aho bata besteari gomendatzen ari dela dirudi. Liburu berezia da, duen arkitekturagatik eta duen alde intelektual horregatik eta ez dut uste berez oso liburu erraza denik, baina irakurle arruntak oso harrera ona ari dira egiten. Irakurle bakoitzak bere aldetik ikusten du liburua, hain denez aberatsa. Mosaiko baten modukoa denez, hainbat gai, hainbat hizkuntza... ikusi dituzte, eta hori nahi nuen. Nahi nuen jendeak irakur zezala zatika eta gero gera zedila pentsatzera, eta urrunera begira dezala. Ni oso pozik nago liburuarekin. Mila aldiz jaiota ere, liburu hauxe idatziko nuen. Nahi nuena idatzi dut, eta nahi nuen erara. Eta, gainera, debatea ere sortu da, eta hori oso positiboa da.

Beñat Sarasolaren kritikagatik diozu?
Beñatena iritzi bat da, oso kontuan hartzekoa. Eta ikasi egin dut kritika horretatik. Baina ez nintzen zehazki hortaz ari. Beñaten kritikaren atzean, nik uste, kezka bat zegoen: azkenean bazeuden espektatiba batzuk liburua argitaratu aurretik, eta irakurle edo kritikari bakoitzak bere erara ikusten zuen liburua, eta horrek ez dio lagundu liburu honi. Bitartean heldu eskutik liburuak izan duen ibilbide luzeak ez dio lagundu Bilbao-New York-Bilbaori,

Zergatik?
Baldintzatuta irakurri duelako zenbaitek. Gero, pentsatzen dut Bilbao-New York-Bilbaok bere ibilbidea egingo duela, eta onik irtengo dela. Iruditzen zait batzuek iritzi jakin bat bazutela argitaratu aurretik, eta aurreiritziez irakurri dutela, eta pena ematen dit horrek ez dielako utzi liburuan sartzen eta dituen alde guztiak ikusten. Baina gertatu den guztia ikastekoa da.

Baina hainbestekoa izan da mugimendua ala?
Ez, ez. Kritikengatik diot, batzuek zituzten espektatibengatik... Nik ez nuen sentitzen, baina badirudi jendeak bazuela gosea. Ikasi dut beharbada ez dudala hainbeste itxaron behar helduentzako liburu batetik bestera publikatu gabe. Eta, agian, irakurleari gako batzuk eman behar zaizkiola, zeren bat-batean agertzen bada, ezuste handiak hartzen dira, batez ere berrizalea baldin bada. Baina nik neure espektatibak bete ditut.

Kirmen Uribe pertsona eta idazlea ezagunak ziren, orain, Kirmen Uribe pertsonaia dakar liburuak.
Borges idazlea, Borges pertsonaia ezaguna, eta Borges pertsona bera. Liburuan ironia handia dago, umorea ere bai, baina batik bat ironia dago, autoironia. Gauzak kontatzeko modua oso ironikoa da, beti egia zer den zalantzan jartzen da, oroimena zalantzan jartzen da... Irakurleak sentsazio hori du; kalean gelditu eta hori galdetzen didate: «Hau benetan gertatua al da?». Gerta zitekeen, ala ez. Baina inportantena liburuan kontatzea bera da, kontaera. Eta badago kritika bat egiarena berarena, gauzak egia balira bezala kontatzearena.

Kirmen Uribe pertsonaiaren eskutik, indibidualismoari kritika egiten zaio, nahiz eta batzuetan goraipamena dela irudi duen.

Kritika da. Ricardo Pigliak esaten zuen norberari buruz idazten dugunean clown bihurtzen garela, eta nik clown-aren ikuspegitik idatzi dut. Nahi nuen narratzaile bat, eta nahi nuen narratzaile hori maskara gabea izatea, azken garaietako nobelaren maskara kendu eta norbere ikuspegitik kontatu nahi nuen nobela. Kirmen Uribe bat agertzen da, baina beti bigarren planoan dago, oso intimoak diren gauzak ez dira argi kontatzen, familiakoen deskribapen fisikorik ere ez dago, oso gauza txikiekin deskribatzen dira... Nahi nuen narratzailea izatea egilea bera, baina beste batzuen istorioak kontatu nahi nituen, arrantzaleenak, pintoreenak, idazleenak... ikusten dudana kontatu nahi nuen.

Berrizaletasuna izan da liburuaren nahi handiena?
Liburuarekin aspaldi izan dudan gogoeta bat paperera eraman nahi izan dut. Neure buruari galdera bat egiten nion: «Nola idatzi behar da gaur egun, eta zertaz idatzi behar da gaur egun?». Edo, «nik nola eta zertaz idatzi nahi dut?». Zertaz idatzi nahi nuen banekien, mundu bati buruz idatzi nahi nuen, mundu oso konkretu bati buruz. Eta nola? Gaur egungo gizartearen ezaugarriak eta idazteko moduak azalduz. Hor agertzen da ahozkotasuna, agertzen da idatzizkoa eta agertzen da mundu elektronikoa ere, hirurak. Idazketa blog bat izango balitz bezala dago egina, mosaiko handi bat da, zati askorekin osatua. Blog izaera hori azaldu nahi nuen, eta horregatik dator lehen pertsonan idaztea: sinesgarritasunagatik. Nobelaren izaera zatikatua berariaz egina dago. Gero zati horiek guztiak puzzle baten edo sudoku baten antzera bete ditut, istorio batek bestera eraman zezala.

Jauzi arkitektoniko horrek, ordea, nahi pertsonal soil bat baino gehiago, euskal literaturak berak emango zuen jauzi bat izan zedin nahi zenuela dirudi.
Bai, umiltasun osoz, baina bai. Ez nuen nahi geure burua errepikatzea, orain arteko ereduak errepikatzea. Zerbait berria eman nahi nuen. Orain arteko belaunaldiek ere ekarri dituzte berrikuntzak eta gaur egun argitaratzen dituzten liburu askok ere pauso bat ematen dute aurrera. Urte hauetan guztietan, kanpoan ibili naiz asko, eta asko irakurri dut eta ikusi dut zeintzuk diren konstante batzuk eta horiek ekarri nahi nituen Euskal Herrira.

Horrek publiko zabalari begira, dena den, badu arrisku bat, ezta?
Egun Dublinera joaten bazara, toki guztietan dago James Joyce, idazlerik irlandarrena da gaur egun. Berak idatzi zuen garaian, aldiz, Irlandan ez ziren oso ondo hartu haren lanak. Gauza batzuk agertzen diren garaian ez dira oso ondo identifikatzen... baina ez dut uste hau denik liburuaren kasua. Ikusten ari naiz jendea irakurtzen ari dela eta ahoz aho besteei irakurtzeko esaten diela.

Arkitektonikoki jauzi bat egin arren, zutabeetako goxotasun edo samurtasun horri eusten diozu nobelan.
Bai, ahots bera da. Ahots horrek dena biltzen du eta irakurlea ahots horrekin identifikatzen da.

Goxotasun hori helburu bat da?
Urte askotako lanaren bilakaera izan da. Nire zutabeak irakurri dituenak edo nire ibilbidea jarraitu duenak badaki nola joan naizen ahots hori ontzen. Zutabeak nire koaderno izan dira, han proba asko egin ditut, eta gero berreskuratu ditudan ideia asko atera dira zutabeetan. 98tik hona nire estiloa eginez joan naiz, jendeak errekonozitzeko estilo bat eginez joan naiz. Nik ez dakit ahotsa goxoa den, nik uste dut atsegina dela... Baina gauza bat da ahotsa eta beste gauza bat dira pertsonaiak. Pertsonaiak ez dira goxoak, pertsonaiak biziak dira. Gure aitaz adibidez -aitari buruz hitz egiten dut- gauza gogorrak esaten dira, oso era sotilean, eta aitonari buruz zeresanik ez. Oso eszena gogorrak daude liburuan, emakumeari senarrak zapatak kentzen dizkionean, edo Miel marinelari familia osoa fusilatzen diotenean eta Ondarroara etortzen denean papertxo batekin, helbide batekin; edo gure aitaren heriotza kontatzen dudanean... badaude eszena gogorrak, baina kontatzeko era bestelakoa da. Kontatzeko era gaur egunetik iraganerakoa da, iragan hori gainditua duen norbaiten ahotsa da. Hizkera goxoa izan liteke, baina inozoa ez, inondik inora.

Eta ez dirudi idazteko prozesua goxoa izan denik. Liburuan behin eta berriz agertzen da egileak zer-nolako presioa eta ezintasuna sentitzen duen, ama birjina bati ere laguntza eskatzen dio...
Nik azaldu nahi nuen nobela baten hasieran idazlea oso galdua dagoela, eta hasiera oso txarra izan litekeela. Philip Rothek dio hasierako urtean egiten duena zakarretara botatzen duela, eta ezer ez egiteko hartzen duela urte hori. Nik hori azaldu nahi nuen garbi, nola hasieran zalantzak izan nituen, eta ez zitzaidala hainbeste gustatzen idatzitakoa... idazteari utzi eta liburuarekin ahaztu egiten nintzela... zergatik ez hori kontatu? Idazleok gure lotsak ezkutatu egiten ditugu, eta nik lotsa horiek azaldu nahi nituen. Baina ez da gogorra izan, eta batez ere azken urte honetako idazketa prozesua oso gustura egin dut. Momentu batzuetan sentitu dut presioa, baina azken urtean ez. Gero, argitaratu ondoren, berriro sentitu dut presio hori.

Meryl Streepen galdera bat jasotzen duzu liburuan: «Balio du al du fikzioak gaur egun?».
Galdera hori liburu osoan dago. Asmaziotik sortutako fikzioaren kritika bat da liburua, errealitatetik hain urrun dagoen fikzioari eginiko kritika. Liburuan fikziozko pertsonaia bakarra dago, Renata Thomas da nirekin hegazkineko bidaia egiten duen emakumea. Kuriosoa da, liburu guztian ari naiz fikzioa zer den galdezka eta gero nobela bukatzen da fikziozko pertsonaia horrekin. Krisian jartzen da dena gero irtenbide txiki bat emateko. Fikziozko pertsonaia horrek jasotzen du mezu bat, «lagun nazazu», eta hor hasten da beste nobela bat. Errealismoaren mimesirako joera zalantzan jarri nahi nuen. Beti dago zalantza hori, zer da errealitatea eta zer fikzioa?

dokumentua jaitsi | 26.2 Kb.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta