Idazleak - Kepa Altonaga Sustatxa - Laginak - Gould hil dela irakurri nuenekoa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Kepa Altonaga Sustatxa > Laginak

Saiakera

Gould hil dela irakurri nuenekoa |

Gould hil dela irakurri dut goizean. Ezin izan dut sinetsi. Begiak berriro ezarri ditut egunkariko albistean, bigarren irakurraldi batek benetakoago bihurtuko duelakoan. Hainbat xehetasunez jabetu naiz: 1982an diagnostikatu zioten minbizia, urdailekoa-edo -hori bagenekien-; oraingoan birikako minbizi baten metastasiak hil du gure laguna.

Dena dela, apirilaren 5ean Harvard-en egon zen eskola ematen, garun-kirurgia (= brain surgery) jasan eta lau egun geroago. Lehentxoago, martxoan, bere azken liburua aurkeztu zuen, alegia, The Structure of Evolutionary Theory. Hogei urte behar izan ditu 1500 orrialdeko idazlan mardul horren osaketarako. Aurkezpenean adierazi zuenez, liburua amaitzeko inolako xantxarik -almost zero chance of finishing it- ez zuela edukiko pentsatu zuen 1982an, medikuek mesotelioma abdominala zeukala esan ziotenean. New Yorken zendu da Gould, Soho-n liburuz okituta zeukan bere apartamentuan.

Horrelakoak irakurritakoan ere ezin izan dut Goulden heriotza begietaratu. Oso bizirik daukat joan den abenduan egin zigun bisitaldi laburraren gomuta. Bizi-bizirik ikusten dut Gould, ezin biziago: atsegin, kementsu, zorrotz. Gure artean emandako egun bi haietan ez genion gizon gaixoaren itxurarik hartu. Areago, ez genion bidaia transozeanikoen zorioneko jet-lagaren inolako aztarrenik igarri. Fleitean ikusi genuen Eibarren. Une askotan erakutsi zigun bere adorea eta umorea, hala nola, kazetari batzuen eskakizunen aurrean, hala nola, Guggemhein-erainoko joan-etorrian, hala nola, itzultzaile "inprobisatu" batekin eman zuen hitzaldian, edo Durangoko afarian kopa jasota proposatu zigun topan: "Izan dadin albait lasterren Euskal Populua herri libreen arteko kidea".

Hurrengo eguna hunkigarria suertatu zen niretzat. Ekain koba ikusten ibili ginen, Jesus Altunaren eskutik. Goiz osoa eman genuen zaldi-behorren santutegi eder horren baitan, eta egia esateko ez dakit zerk utzi ninduen harrituago, gure arbaso paleolitikoen eskuak kobazulo horretan ondutako irudi-sortak, ala Goulden jarrera deboziozkoak eta jakingura aseezinak. Izan ere, ez da makala Ekain haitzuloko labar-pinturen magia bertako bildutasunean: egundoko bizipena duzu hango hormetako irudiei so egitea, aldi berean Altunaren azalpen konplituak zeureganatuz. Soilik Goulden pozak handiagotu ahal dizu une horretako magia. Eta, izatez, Gould pozaren pozez dabil, ezinago uros, Ekainekoak baitira ikusi dituen lehen labar-pintura jatorrizkoak. Ordura arte labar-artea ikusteko suertatu zaizkion aukeretan beti erreplikak izan dira begi aurrean eduki dituenak. Eta denok dakigu -hainbatetan idatzi du-eta- noraino maite duen benetakotasuna, zein desatsegin egiten zaizkion bizipen "bikarioak". Zernahi gisaz, nekez lortuko dut lerro hauetan islatzea Ekain baitako ilunpean bizi izandako leinurua.

Bazkaldu ostean, Zumaiako K/T muga geneukan itxaroten. Baina, Siberiatik egun horretan bertan etorritako hotz ikaragarriak, etorkizuneko hurrengo baterako atzeratu zuen bisita, zeren, ahalegindu arren, demasekoak baitziren afrontua eta elurra.

Handik bost hilera, Gould hil egin dela irakurri dugu. Baliteke, baina, nik irribarretsu ikusten dut oraindinokarren.

Aspaldidanik ditut gustuko Stephen Jay Gould-en liburuak. Humbertok du errua: berak oparitu zidan Desde Darwin 1986an, eta liburu hori dastatutakoan, titulurik titulu, Gould-ek argitaraturiko den-denak irakurri nituen berehalako batean. Areago, hortik aurrera beti egon izan naiz Gould-en hurrengo liburua noiz plazaratuko zain. Aiduru.

Beharbada, Dinosaur in a haystack (1995) izango da Gould-en liburuen arteko nire kuttunena. Horretarako arrazoia ez dator horrenbeste liburuaren barrutik, zeren, edukiari dagokionez, oso nekeza egiten baitzait Gould-en artikulu-bildumetan gehien gustatu zaidana erabakitzea. Bestelako arrazoi birengatik-edo da nire faboritoa.

Alde batetik, liburuari titulua damaion artikulua, Zumaiako eta Miarritzeko K/T mugen gainekoa da nolabait. Artikulu horretan Gould-ek, besteak beste, Peter Ward paleontologo amerikarrak gure kostaldeko toki bi horietan aztertutako ammoniteen berri zehatza eskaini digu, eta baita, ikerketa horrek dinosauroen suntsipena meteorito erraldoi batek sortua izan zitekeela frogatzeko izan zuen garrantziaren berri ere. Horrelakoak irakurtzea oso gustagarri suertatu zitzaidan liburua eskuen artean neukalarik, baina gerora neure liburu-proiektu baterako abiapuntua izan zitekeela erakutsi zidan, eta horrek, jakina, balio erantsia eman dio. Zumaia, buruan bueltaka darabildan ideian, gune magikoa da -magical place-, dinosauroen suntsipena eta Etxepare medikuaren bizitza elkarrekin lotu eta saiakera zientifiko bat idazteko. Jakina, begien aurrean duzun saiakerari ekiteko.

San Frantziskoko liburudendarik karismatikoenean erosi nuen, eta horrek ere niretzako oso berezia egiten du Dinosaur in a haystack. San Frantziskora izan zen, nire gaztaroaren amaiera markatu zuen Amerikako egonaldi laburreko azken eskapada, eta liburua bertan eskuratu nuen, City Lights Bookstore famatuan. Kalean gora kalean behera nabilelarik, hantxe deliberatu nuen Folin markesak artikulu laburrik ez eta liburu osoa bai merezi zuela, eta idatzi eginen nuela. Hantxe pentsatu nuen Gould-en liburuak ordutik aurrera beste modu batera irakurri behar nituela, ez soilik irakurle soil gisara, baizik eta idatzi-edo gura duen batek maisu paregabea zurrupatzen duen erara. Hantxe bururatu zitzaidan Gould ezagutzea asko gustatuko litzaidakeela.

Joan den 2001eko abenduan Prosa zientifikoari buruzko I. biltzarra burutu zen Eibarren, Markeskoan, Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta. Egitaraua itxuratzen hasi ginenean, hasiera-ekitaldia noren esku uztea eztabaidatu genuen, eta gonbita Stephen Jay Gould-i luzatzea erabaki zen aho batez. Egia esateko neuk ez neukan inolako esperantzarik onartuko zuela: zelan etorriko da, ba, gugana, galaxiaren bazterreko zoko galdu honetara momentuko saiogile zientifikorik puntakoena, edonorentzako erreferentzia eta eredu. Ba, etorri, etorri da. Alde horretatik, poz-pozik egon gaitezke, paleontologo amerikarrak geuganaino hurbiltzeko bere agenda trinkoan tartetxo bat hartu izanaz, eta gainera Irailaren 11 hain gertu zegoelarik. Zinez eskertzekoa dugu erakutsi digun begikotasun handia. Etorrera horrek Gould-en izaeraren beste alde batzuk ere erakutsi dizkigu. Seguru nago Gould-en bisitak adoretu egin gaituela, hain dira-eta desberdin, sona handiko egilearen idazlana norberak bakar-bakarrik irakurtzea eta, bestalde, egilearen beraren aupada sentitzea.

Txiripa batez, bertatik bertara ezagutu dugu Stephen Jay Gould. Orain autografoa dugu bere liburuetan...

Kontingentzia zoriontsua izan da niretzat. Stephen King idazleak harreman luzea eduki izan du harekin; honelako agurra egin dio Boston Globe egunkarian: "I'm glad that my life touched his life and am sorry that his light has gone out". Neu ere pozik nago nire bizitzak haren bizitza ikutu duelako, eta damu dut haren argia joan dela. Orain Gould-en liburuak nire lerroarteetaraino transmutatu dira.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta