Idazleak - Kattalin Miner - Hemeroteka - Kattalin Miner: "Erabaki handiak bezain garrantzitsuak dira egunero hartzen ditugun erabaki txiki horiek"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Kattalin Miner > Hemeroteka

Hitzen Uberan

2017-03-17 Kattalin Miner: "Erabaki handiak bezain garrantzitsuak dira egunero hartzen ditugun erabaki txiki horiek" | Uberan-eko erredakzioa

Hiruzpalau aste dira liburua argitaratu zela. Zer moduzko esperientzia ari da izaten? Zerbaitek eman al dizu arreta bereziki komunikabideen eta aurkezpenen zurrunbilo honetan?

 

Liburu atera berri da eta, egia esan, bada halako zurrunbilo bat: lehengoan egin nituen hiru elkarrizketa egun berean, eta ez nekien nori kontatu nion zer. Asko ari naiz disfrutatzen hala ere, polita da zerbait egitea eta ikustea jendeari interesatzen zaiola.

 

Ohituta nago jendaurrean hitz egitera, baina kolektibo baten izenean aritu izan naiz beti, mugimendu feministaren ordezkari bezala adibidez, ez nuen inoiz aurkeztu soilik neurea omen zen zerbait. Gainera, literaturak badauka puntu hori autoretzarena, eta egia esan pixka bat deseroso sentitu naiz horrekin, badauka egotik asko, kontuz ibiltzeko kontua da. Euskal Herria oso txikia da eta pixka bat zentzuz begiratuz gero konturatzen zara ez dela beste munduko ezer, baina egiten badituzu bi aste egunero zure liburuaz hitz egiten eta tokatzen zaren jende guztiak liburuaz hitz egiten badizu, ematen du liburua dela gauzarik inportanteena. Jakin behar duzu beheko okinak oraindik ez dakiela nor zaren eta hori ere ona dela. Arreta eman dit zer zurea egiten duten, badirudi jenialitate bat egin duzula, zerbait genuinoa. Ez zait igo, baina konturatu naiz nola bideratzen den dena indibidualtasunera, zutaz hitz egitera.

 

Beka-ereduari eta sorkuntza indibidualari eta kolektiboari buruzko hausnarketa batzuk entzun dizkizut, bai. Sakonduko zenuke horretan?

 

Orain arte ez nuen inoiz egin horrelako ariketa bat, eta, hasteko, iruditzen zait oso gauza bakartia dela, eta ni ohituta nago kolektiboan egitera gauza denak. Bestalde gezurra da zuk bakarrik egiten duzula, beti ari zara gauzak irakurtzen, gero ideia bat lapurtzen duzu, gauzak gertatzen zaizkizu… Gezur hutsa da autoretzarena, dena dago kutsatua. Bekaren harira, okurritu zitzaidan oso ondo legokeela laupabost pertsona horretan ari direnean prozesua konpartitzea, elkarrenak irakurri, feedbacka eman…Uste dut kolektiboki landuz gero asko irabaziko luketela prozesuak berak eta liburuek.

 

Literaturzalea izan zara beti; poesia eta artikuluak idatzi izan dituzu asko. Zergatik eleberri bat, zergatik istorio hau?

 

Beti idatzi izan dut, gehiago irakurri egia esan, eta gero literaturako masterra ere egin nuen, eta beti daukazu hor: idaztea gustatzen bazaizu, badago beti nobelaren mamu hori. Beraz, erabaki behar nuen: egingo dut ala ez dut egingo, baina ez naiz egongo horrela beti, hasten zirriborro bat eta inoiz ez bukatzen, edo hobby gisa idazten baina argitaratzea buruan bueltaka. Orduan hasi nintzen idazten Igartzara begira, aitzakia horrekin zerbait zehatza egite aldera: aurkeztuko dutm eta irabazten badut, ondo, eta bestela akabo pelikula hau. Egia esan, lagina hain gustura idatzi nuenez, erabaki nuen idazten jarraituko nuela, irabazi ala ez.

 

Zer moduzko prozesua izan da zuretzat? Idazten aritu zaren urte honetan, faseak egon al dira? Zer galdera/zalantza/zailtasuni egin behar izan diozu aurre?

 

Egia esan nahiko jarraian idatzi dut. Udarako, baneukan zirriborro bat, eta gero. Urtarrilean, joan nintzen astebete kanpora eta liburua bota nuen, lehenengo bizkarrezurra behintzat. Ez naiz blokeatu, ez dut eduki inspirazio-krisirik, hori bai, nire fase gorrotagarriena zuzenketak dira, ez naiz batere perfekzionista eta liburua irakurtzen baduzu nabaritzen da. Gustatzen zait zera hori, atera den moduan geratzea. Nire zalantzarik handiena izenburua izan zen.

 

Bai, aldatu egin duzu.

 

Denek bezala. Ematen du Igartzako betebehar bat dela. Egia esan izenburua ez da nire fuertea. Lagina bidali baino bost minutu lehenago konturatu nintzen ez neukala halakorik, eta orduan ipini nion “Kafe betea”, hitz joko txar bat, kafea edaten zuelako pertsonaiak. Gero, prozesu osoan zehar ez nintzen akordatu ere izenburuaz, eta maketazioan zegoela Xabierrek [Xabier Mendigurenek, Elkarreko editorea] esan zidan ez zuela konbentzitzen. Ni ere ez, egia esan, ez du ezer esaten eta ez zetorren bat liburuarekin. Astebete pasa nuen zoratzen, ez baitzitzaidan ezer okurritzen, eta, orduan, Anariren kontzertu batean, hari kontatu nion izenburua topatu ezinda nebilela, eta aurrez esana nionez bere kantu bateko esaldi hori agertzen zela behin eta berriz liburuan, ba esan zidan horixe jartzeko. Eta halaxe.

 

Azalarekin ere oso kontent nago, Juanmak [Aramendi] sekulako lana egin du, bidali zidanean berehala pentsatu nuen perfektua zela. Beti esaten dut: lehenengo ikusten diren bi gauzak dira jendeari gehien gustatzen zaizkionak eta bat bera ere ez da nirea, ez izenburua ez eta azala ere. Ea maila ematen duen gero.

 

Hel diezaiogun orain istorioari. Erabakiei buruz idatzi nahi zenuen.

 

Egia esan nik neuk ere ez nekien horren obsesionatuta nengoenik kontu horrekin, intuitiboagoa zen, ez zen izan erabakien inguruan hausnartu nahi nuela, eta liburu bat egin, baizik eta dudatan nengoela etengabe eta konturatzen nintzela zenbat gurutzatzen duen gure bizitza erabaki beharrak, bai erabaki handiak deitzen diegun horiek baita txikiek ere; egunero erabaki behar dugu kafea nola hartu, adibidez. Konturatu nintzen geure burua ez dugula sekula dudatitzat, nonbait ezaugarri txar bat delako duda egitea, eta oso urduri jar gaitezke inguruan badaukagu ezin erabakita ibiltzen den norbait. Gero, ordea, errealitatea da denok egiten dugula duda. Beste gauza bat da zer mekanismo dauzkagun hortik ateratzeko, baina ez dugu dena egiten %100 ziur. Orduan hasi nintzen pentsatzen nola egiten diegun aurre erabaki behar horiei eta zer puntutaraino erabaki horiek badiren inportanteak. Nire hipotesia zen ez direla erabaki handiak bizitza aldatzen dutenak, baizik eta egunero hartzen ditugun erabaki txiki horiek: zer jan, nola jantzi, nola joan lekuetara, eta horiei igual ez diegula garrantzirik ematen eta hor trabatu gaitezkeela.

 

Beste gauza bat da zenbat gauza ditugun erabakitzeko, eta hor badago kritika bat kapitalismoari. Zenbat aukera ditugun: gure belaunaldiak aukera guztiak ditu eta, kakotx artean betiere. Dena daukagu eskura eta horrek berak zenbat neurosi ekar diezazkigun.

 

Gure aurrekoek ez zuten halako aukerarik izan eta beraz gu mainati hutsak gara kexatzen baldin bagara.

 

Hori agertzen da osabarekin dituen elkarrizketetan, gure aurreko belaunaldiaren kritika da. Dena egin dezakegu, baina aukera askatasun hori zenbateraino ez den kartzela bat… Gure belaunaldiko krisi ohiko bat da, ez jakitea nola heldu zaren zauden tokiraino.

 

Hitz egin dezagun hau dena haragiztatzeko erabili dituzun pertsonaiei buruz: Jezabeli buruz, hasteko. Zein da, zer gertatzen zaio, zergatik interesatzen zitzaizun.

 

Batetik, izenaren kontua dago, horrekin ere duda mordo bat izan nituen, batez ere pretentziosoa iruditzen zitzaidalako, pretentziosoa-edo, ez baita azaltzen zergatik daukan izen hori. Bartzelonan aritu nintzen lagina idazten, eta behar nuen izen bat bi laburdura zituena, hau da izango zena Jeza eta Bel, eta ezagutu nuen bat horrela deitzen zen norbait. Pentsatu nuen gero aldatuko nuela, baina gero gertatu zitzaidan idazle guztiei entzun diedan gauza bat, beti pentsatu izan dudana gezurra zela, baina ez: pertsonaia bat egiten duzunean hartzen du izaera propio bat eta joan egiten zaizu eskuetatik. Ni saiatu nintzen Jezabeli eginarazten nik ideologikoki eginarazi nahi nizkionak, eta ezin zen, Jezabelek ez luke hori egingo, eta hori oso kurioso egin zait. Arrazoi horrexegatik beragatik ezin nion izena aldatu, oso berea zuelako jada.

 

Iruditzen zait egin duzula galdera bat pixka bat belatua ea ni naizen Jezabel… Edozelan ere ez daramat batere gaizki galdera. Nahi baino gutxiago galdetzen didate, egia esan. Ez daukat konplexurik esateko nigandik asko daukala, baina sekulako distantziarekin egin dut, oso urruti sentitzen dut Jeza.

 

Ispilu-lanak egiten dizkiote beste hainbat pertsonaiak liburuan aurrera egin ahala: Lucia, osaba... Denak zeneuzkan buruan hasieratik? Badirudi bakoitzak osatu-edo egiten duela Jezaren izaera eta egoera.

 

Elkarrizketa luze bat egin zidaten Goierri Irrati Telebistan eta justu galdetu zidaten pertsonaiei buruz banan-banan, okurritu zitzaigun oso polita izango zela beste liburu bat egitea, eta erakustea besteek nola ikusten duten Jezabel, zeren berak gorroto ditu denak, eta igual norbaitek gizajotzat hartzen du bera.

 

Pertsonaia guztiak nituen buruan, osaba izan ezik, eta garrantzitsua da gero, baina hasieran aitzakia bat zen, norbaitek utzi behar ziolako herentzia Jezabeli. Ezin zen izan aita edo halako norbait, drama handiegia litzateke. Idatzi ahala konturatu nintzen osabak zerbait gehiago esan behar zuela, eta bukaeran bota nuen dena, eta irakurri zenuten zuk eta Iratxe Retolazak eta biek esan zenidaten gauza bera, oso ona zela pertsonaia baina lehenago agertu behar zuela. Ez nuen pentsatzen hainbesteko garrantzirik izango zuenik, baina ematen dio aurreko belaunaldiarekin harreman hori, elkarrizketa asko ditu erabakitzearen inguruan...

 

Gero, Lucia neska-lagun ohi bat da, eta oso inportantea iruditu zitzaidan pertsonaia hori, batez ere harremanetan egiten ditugun tranpak erakusteko. Hor bai egin dut ispilu-lan handia, pertsonaia ez da oso ondo geratzen, baina erakutsi nahi nuen norbera kokatzen dela modu batean harremanetan, norberak erabakitzen duela non egon eta ezin dugula aritu etengabe kexaka. Pertsonaia oso interesgarria da, oso egoera kañeroak bizi dituzte biek.

 

Bai, adibidez, bazkaltzera joaten direnean: Luciak nahi du jatekoa erdibana egin eta izokin entsalada eta berdura erreak hartu; Jezabelek, ordea…

 

Bai, erabaki horrek tontakeria bat dirudi baina esertzen direnean eta Lucia hasten denean aukerak proposatzen, Jezabel hasten da haserretzen, nahiz eta azkenean Luciari kasu egin. Hori erabaki bat da, Lucia ez da Jezabel behartzen ari, ez bazuen hori jan nahi, esan zezala. Besteari egozten diogu errua, bestea da dudatia. Jende askok esan dit oso identifikatua sentitu dela egoera horrekin. Gainera, konturatu naiz beti dakigula zer nahi dugun; gehiago edo gutxiago axola zaigu, baina jakin badakigu gutxi gorabehera, eta askotan kamuflatu egiten ditugu gure nahiak, bestearen nahitik pasa… gauza oso arraroak egiten ditugu, janariarekin are gehiago eta bikote-harremanetan, zer esan; zenbat gauza egiten ditugun bikote-harremanetan, nahiz eta ez ditugun egin nahi eta adibidez lagunekin ez genituzkeen egingo.

 

Eszena horretan, gakoa ez baita janaria bera…

 

Noski, metafora bat da. Jezabalek eztanda egiten du eszena horretan, oso bidegabea da nola egozten dion errua Luciari, hark zerbait inposatu balio bezala, eta ez da hori. Baina Jezabel konturatzen denean bera non jarri den, horrek leherrarazten du. Oso interesgarria litzateke bazkari hori Luciaren ikuspegitik aditzea. Jezabelek sekulako zirkua sortu du bere buruan, eta akaso Lucia ez da enteratu ere egin.

 

Ane ere bada pertsonaia garrantzitsu bat.

 

Hori hasieratik neukan, bai. Egia esan oso kateatuta egon nintzen Hodei Egiluzen kasuarekin, dexente jarraitu nuen… Beti pentsatu dut maite duzun norbait desagertzea dela pasa dakizukeen gauzarik okerrenetako bat, eta ez zait inoiz pasa, baina zer behar duen izan duda horrek, noiz hasi ahazten, noiz eman galdutzat; nahita joan den, zerbait pasa zaion… Hainbeste aukera daude! Eromena iruditzen zait. Orduan baneukan gogoa horrelako pertsonaia bat egiteko, aukerak irekitzen dituelako.

 

Beste pertsonaia lausoago baina berdin garrantzitsu bat badago liburuan: gainontzekoak, hots, lankideak, larunbatetan erosketak egitera doazen familiak, gu-ka hitz egiten duten bikoteak.

 

Jendeari esan behar izan diot ez dudala gorroto, batez ere lankide ohiei, baina sekulako plazera izan da pertsonaia hori jartzea munduaren aurka despotrikatzen, nik inoiz egingo ez nukeena. Jezabelek une horretan ordea gorroto du jendea biszeralki, gainera prepotentzia horrekin… Oso absolutua da, horrela pentsatzen du eta ez dago atzera bueltarik. Oso argi ikusten ditu besteen ajeak: besteek ez dakite nola iritsi diren horraino, besteak dabiltza gaizki, besteak damutuko dira beren bizitzaz… Krisia etortzen zaio, hain zuzen ere, berak ere dudak dituenean, ez dakienean benetan erabaki ote duen ustez erabaki duen hori guztia.

 

Eta Anci?

 

Anci erabateko aitzakia da: bidaia bat egiten du Jezabelek eta hor ezagutzen duen maitalea da. Bi arrazoirengatik sartu nuen: batetik, arnasa emateko narrazioari. Bestalde, sartu nuen euskal literaturan falta delako sexua oro har eta sexu lesbikoa are gehiago. Inguruan galdetu nuen ea oso behartua geratzen zen, esan zidaten ezetz, eta aurrera. Aparte idatzita neukan eszena bat zen, liburuarekin ez zeukana zerikusirik.

 

Bi sexu-eszena daude liburuan, lehenengoa jendeari asko gustatu omen zaio baina oso tristea da, ez da sexuari buruzkoa, da Luciarekin daukan harremanaren gainbeherako une bat. Pena ematen zidan horrela uzteak, hori izateak sexu-eszena bakarra, zerbait alegreagoa jarri nahi nuen.

 

Idazleek beren lehen liburuan handira jo ohi dute hordago, eta zuk, berriz, kimatu egin duzu liburua. Zergatik?

 

Beka eman zidatenean pentsatu nuen: zer nahi duzu egin? Argi neukan ez nintzela etorri euskal letrak iraultzera, hori ez zen helburua. Nahi nuen izatea laburra eta erraz irakurtzekoa.  Adibidez azken orrazketan kendu nion kapitulu oso bat, zirelako hausnarketa batzuk oso… Nik neuk ere ez neukan argi zer esanarazi nahi nion pertsonaiari. Krisia bat da, lau zertzelada kontatzen dira, eta listo. Nahi nuen irakur zezatela bereziki literaturzaleak ez direnek ere. Sinplera jo nuen, eta gainera horrek ez du zertan izan anbiziorik gabea, hori lortzeak ere badu bere zailtasuna.

 

Ez da sinplea sakontasuna kendu diozulako, gainera.

 

Momentu batean Xabierrek esan zidan: eta amarekin daukan harremana zer? Baina hori beste liburu bat da, hasten baldin banaiz pertsonaia bakoitzaren istorioa jorratzen… Adiskideak, adibidez, agertzen dira erakusteko testuinguru bat daukala Jezabalek, baina hasi banintz txikitako garaiak kontatzen, nola ezagutu zuten elkar eta abar… Ez nuen nahi.

 

Irakurri dutenen iritzirik jaso duzu?

 

Niri gauza onak esan dizkidate. Jendea atsegina da. Hala ere, asko ari naiz ikasten, ikusita jendea nolakoa den kritikekin. Oso profil ezberdinak daude. Batzuek esaten dizute gustatu zaiela eta kito, ez dute sakondu nahi; gero beste batzuek gogo handia daukate liburua komentatzeko, iritzia eman ez ezik aukera ematen dizute horri buruz sakon aritzeko, eta gero dago profil bat oso zehatza, igual aspaldi ikusi ez duzun norbait, eta etortzen da, egoten zarete tarte bat hizketan, eta bat-batean esaten dizu: irakurri dut, e? Baina, horrela, pixka bat indiferentziaz, “que no se te suba a la cabeza” esanez bezala, eta orduan egiten dizu kritika bat oso erabatekoa. Eta ez duzu hartzen ez gaizki ez ondo, konturatzen zara kritika egiteko modu horrek zerikusi handiagoa daukala berarekin zurekin baino.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta