Idazleak - Karmele Jaio - Hemeroteka - Pertsonaiek barnean uzten dutena interesatzen zait

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karmele Jaio > Hemeroteka

Argia

2010/05/23 Pertsonaiek barnean uzten dutena interesatzen zait | Mikel Asurmendi

Gasteiz, 1970. Bi ipuin liburu eta bi nobela argitaratu ditu dagoeneko. Bigarren haurra argira –mundura– ekarriko du aurki: “Idaztean bizitzako esperientziek eragiten dute, baina egoerek ere bai. Duela hiru urte izan nuen lehen haurra eta orduan baino askoz denbora gutxiago daukat idazteko. Bigarren hau alde objektiboa da”. Musika airean (Elkar) bigarren nobelaren karietara jardun dugu Karmele Jaiorekin.

“Zure literatura emea da”. Sailkapen txatxua al da nirea? Iraina ote, agian?

Ez dakit... Nire idazteko modua da, ez da behartua. Emea diozu... Emakumeak protagonista izatea aukeratzen dudan arren, nire helburua gizakiaz hitz egitea da, ez bakarrik emakumeaz, bai emakume baten esperientziatik. Dena den, irakurleak emakume protagonista pertsona unibertsal sentitzea nahi nuke, haren esperientzia edozein gizakirena balitz bezala irakurtzea. Noski, dauzkan berezitasunekin, emakumea delako.

Honelako galderekin kontuz ibili behar dugu, ze, gizon bati ez zaio inoiz esaten “zein gizon ikusten zaitudan liburu honetan”. Edo sinpleagoa: “Zure liburuko protagonista gizona da, zergatik?”. Hori ez zaio sekula galdetzen gizonari. Zentzu horretan gizona aukeratzea gauza neutrala da. Irakurleek neutral gisa hartzen dugu, eta gizon baten esperientzia irakurtzen dugu, baina gizaki guztien esperientziaz dela pentsatzen dugu. Nik nahi nuke irakurleak, emakume baten esperientzia kontatzen denean, gizaki guztien esperientziaz ari dela sentitzea.

Musika airean nobelan musikak badu munta.

Bai. Beatriz talde bateko kantaria da. Liburuaren bukaeran “betiko musika dago airean” esaldia dago. Musika zentzu horretan aitzakia modukoa da istorioa garatzeko. Hau da, garai batetik bestera gauzak asko aldatzen dira baina bizitzaren “musika” beti dela berdina edo antzekoa, jendearen kezkak –belaunaldien artekoak– ez direla hainbeste aldatzen esan nahi dut. Baina besterik ere badago, niretzat garrantzitsuagoa, barne musika, norberak entzuten duena. Gure barnean badago musika moduko bat, beti-beti entzuten ez duguna –edo batzuetan baino ez dugu entzuten– eta bizitzan gertatu zaigun guztiaz osatuta dago, musika horren notak dira bizitzan gertatu zaizkigunak. Hori entzutea edota jasotzea nahi izan dut nobelan.

Emakume bat, etxeko leihotik begira... Horrela hasten da nobela. Bakardadea.

Hori da etorri zitzaidan lehen irudia, emakume bat, bakarrik bizi zena, eguna etxean leihotik begira pasatzen zuena. Bizitzaren lekuko sentitzen da, baina ez protagonista. Begira dago.

Bera Elena da, nobelako protagonista.

Hori da. Nobela guztian “aitzakia” da, bere barne pentsamendua entzutea da funtsezkoa.

Metaforaz osaturiko nobela al da?

Metaforak bizitzaren gauzez hitz egiteko bitartekoa dira, metafora asko dago liburuan. Musikaz hitz egiten dut, baina beste zerbaitetaz hitz egiten dut musika aipatzen dudanean.

Iraganera begira eraikia da nobela. Nostalgia kutsua dauka. Literatur kritikoek “kontuz nostalgiarekin” esaten dute.

Nik ez dut hori sentitu, sartu naiz emakume horren barruan [Elena] eta nostalgia bada, emakumeak sentitzen duena da. Gainera ez dakit nostalgia den, ez nago ziur. Iragana oso presente dago, baina iragana oso gaurko gauza bat bezala ageri da, ez da iragana, oraina da. Iraganean gertatu zaigun guztiak markatzen duelako gaur egun izateko dugun modua. Iragana ez da pasatu den gauza bat, antzinako kanta bat bezalakoa da. Antzinako kanta entzuten dugu eta konturatzen gara hitz guztiak badakizkigula. Non demontre zegoen hori sartuta? Buruan noski. Uste dugu hitzak ahaztuta genituela, baina hor daude almazenatuta. Eta kanta zahar baten hitzak bezala beste kontu asko.

Bakardadea arnasten da hasieran eta adiskidetasuna nagusituz doa.

Bakardadeaz hasi nintzen hitz egiten eta bukatzen dut adiskidetasunaz. Galdera batzuk airera ateratzen dira, adiskidetasunari buruzko zalantza batzuk. Adin batera iritsita haurtzaroko adiskidetasun puru eta garbi hori, baldintzarik gabeko hori, posible da mantentzea, ala ez? Eta ezin bada, zergatik da ezinezkoa? Guk ez dugulako nahi, edo bizitzak berez bultzatzen gaituelako jarrera batzuk hartzera? Elena protagonistaren eboluzio hori kontatzen du nobelak. Elena erreta dago bizitzarekin, poliki-poliki ikusten da baduela zauri bat, iraganekoa, eta nolabait hori konpondu gabe ez dela lasai bizi. Abiatu da, ordea, sendatzera. Bere asmoa munduan hori konponduta uztea da.

Belaunaldien arteko harremanaren –eta jatorri ezberdineko pertsonen arteko harremanaren– isla ere bada Musika airean.

Zahartzaroari buruzko gogoeta da: adineko pertsonek beren bizitzaren gidaritza galtzeari buruz. Bat-batean seme-alabek agintzen dute. Elenak ez du inor etxean nahi, baina seme-alabek esan dutena onartu behar du. Nobelan badago agintzeko modu bat, iraganean egon dena, eta adineko pertsonek galdu dutena. Lehen adineko pertsonek bazuten beren lekua. Agian “egon” besterik ez zuten, baina gaur egun zenbaitetan “existituko” ez balira bezala daude, apur bat baztertuta. Ekialdeko kulturan ez, baina gurean balioa kendu diegu. Hala ere, gure bizitzan ikasten eta ikasten goaz, esperientzia biltzen, eta zahartzarora iritsita ez ditugu aski baloratzen. Ematen du zer pentsatua, beraz.

Elena eta Beatriz. Beatriz gaztea, adineko Elenaren kontrapuntua da. Etorkina da Beatriz.

Pintzelkada da. Ez naiz gaian sartu sakonki. Baina, askotan ikusi dut egoera hori kalean: emakume –edo gizon– nagusi bat eta zaintzen duen etorkina. Beti sortu zait jakin-min hori. Zertaz hitz egingo dute hauek? Zer harreman izango dute? Hain ezberdinak al dira?

Beatriz pertsonaia lotsagabea da, fresca bat alegia.

Bai. Elenarekiko harremanetan talka moduko bat sortzen da. Baina Beatriz bera da Elenaren aldaketa gauzatzen laguntzen duena.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta