Idazleak - Karmele Jaio - Hemeroteka - Karmele Jaio: “Minik edo egonezinik ez badago, ez dut ikusten istoriorik”

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karmele Jaio > Hemeroteka

Elkar

2007/10/04 Karmele Jaio: “Minik edo egonezinik ez badago, ez dut ikusten istoriorik” |

Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) bere hirugarren liburua kaleratu berri du, “Zu bezain ahul” ipuin-bilduma, aurreko bien arrakasta-bidea izan dezakeena.
Ipuinekin hasi, eleberrira pasa, ipuinetara itzuli... nola izan da joan-etorri hori?
Ipuinetara itzultzea bilakaera naturala izan da. Idazten hasi nintzenetik orain arte nobela bakarra idatzi dut eta hainbat ipuin. Beraz, eskarmentu gehiago dut ipuinak idazten eta nire burua trebeago ikusten dut ipuingile bezala nobelagile bezala baino. Burutik pasatzen zaizkidan ideia gehienak ipuin bihurtzen ditut eta ez nobela proiektu. Zentzu horretan, “Amaren eskuak” nobela idazten hasi nintzenean nolabait nire burua behartu nuen nobela bat idaztera, esperientzia hori nolakoa zen ikusi nahi nuelako. Baina nobela bukatu bezain laster, ipuinak idazten hasi nintzen berriro. Hainbat denbora nobela idazten egon ondoren, sekulako gogoa nuen berriz ipuinetara itzultzeko. Esan behar dut, dena den, oso esperientzia polita izan zela nobela idaztea eta saiatuko naizela berriz ere beste nobela bat idazten.

"Hamabost zauri" haren ildotik doa "Zu bezain ahul", ala zertan da diferente?
Ildo bertsutik doala esan daiteke, baina nik uste dut agian helduagoak direla oraingo ipuin hauek. Horrekin batera, “Hamabost zauri” liburuko ipuinetan baino garbiketa lan handiagoa egin dudala uste dut. Hartan ere ipuinetako soberazko hitzak kentzen ahalegindu nintzen, baina oraingoan uste dut gehiago saiatu naizela horretan, testuak biluzten saiatu naiz, bisuteriazko hitzak edo apaingarriak baino ez direnak alde batera uzten eta bakarrik ipuinean funtzio bat betetzen dutenak mantentzen. Ipuin xumeagoak direla pentsa daiteke again, baina sinpletasun horren atzean garbiketa lan handia dago. Bestalde, gaiei dagokionez, berriz agertzen da pertsonen arteko harreman zailtasunen gaia, berriz agertzen da inkomunikazioa, berriz agertzen dira barne hizketak, eta oraingoan ahulezia agertzen da nabarmen, pertsonen hauskortasuna edo biguntasuna. Pertsonaia guztiak dira hauskorrak, denek dituzte ahuluneak. Ahulune horietan sakontzen saiatu naiz.

Aurreko liburuan bikote-arazoak nagusitzen baziren, hemen familia-kontuek hartzen dute leku handixeagoa. Autobiografikoak dira arrazoiak?
Baietz uste dut. Idazleak errealitatetik edaten du, bizi duen munduan aurkitzen du inspirazioa. Haurdun egoteak eta ama izateak oraindik gehiago zabaldu dit munduaren ikuspegia. Orain lehen ikusten ez nituen hainbat gauza ikusten ditut. Lehen aldiz agertu da ipuin batean haurdun bat, adibidez. Ordura arte ia ikusezinak ziren haurdunak niretzat. Eta bestalde, familia-kontuak agertzeak ere izango du ziurrenik zerikusia nire egoera berriarekin. Dena den, nire bizitzak ipuinetan isla izatea ezaugarri positibotzat jotzen dut. Honek esan nahi du benetako kezketan oinarrituta daudela ipuinak, hau da, hauen azpian badagoela egia bat edo egiazko sentimendu bat.

Harreman pertsonaletatik lan-mundura ere egin duzu jauzi istorio pare batean, hala ere.
Bai, ez dut hausnarketa sakonik egiten lan munduaz, baina agertzen da errealitatearen arlo bat delako, eta honek gure bizimodua asko baldintzatzen duelako.

Askotan erabili duzun baliabidea da ipuinak 2. pertsonan idaztea, ohiko 3. eta 1.az aparte. Nola hartzen dituzu erabaki tekniko horiek?
Askotan jotzen dut bigarren pertsonara horrela iruditzen zaidalako pertsonaiaren kontzientziak hitz egiten duela. Kontzientziak pertsonaiari esaten dio egiten ari dena ez dagoela ondo, atzamarra zuzentzen du berarengana eta esaten dio dituen ahuleziak ikusten dituela, nahiz eta besteen aurrean hauek ezkutatu nahi. Indarra hartzen du testuaren tonuak, nire ustez, bigarren pertsona erabilita. Testuaren tonuaren araberako erabakia da. Askotan hirugarren pertsonan funtzionatzen ez duenak bigarrenean funtzionatzen du, eta alderantziz. Ipuin bakoitzak eskatzen dizu zein pertsonaia erabili. Eta, bestalde, gutxitan erabiltzen dut lehen pertsona, deskribatzen dudan eszena urrunetik bezala ikustea gustatzen zaidalako, perspektibarekin. Kamera baten atzetik bezala.

Joko handia eman dizun motibo bat da urtetan kanpoan ibilitako norbait itzuli eta horrek sortzen dituen arrakalak. Denboraren igarotzea eta...
Esaten da ibaia beti dela bera, baina eramaten duen ura beti dela ezberdina, berria. Gaur ez gara atzo izan ginen pertsona bera. Eta hau erakusteko, joko handia ematen dute denbora askoan ikusi gabeko pertsonaien topo egite edo herrira itzultze egoera horiek. Oso agerian geratzen da egoera horietan gauzak etengabe aldatzen direla, ingurua aldatzen dela eta pertsonak ere aldatzen goazela. Askotan, gainera, horrelako enkontruak gertatu arte bat ez da konturatzen hainbeste aldatu denik. Ispilu batean bezala ikusten du bere burua pertsonaiak aspaldiko lagun bat ikustean. Ipuin batean esaten den bezala, haren zimurretan ikusten ditu batek bereak. Eta ez naiz zimur fisikoez bakarrik ari.

Galtzaileak ez baina ahulak dira zure pertsonaiak. Interes gehiago pizten dizutelako, ala denok ere ahulak garelako, ala...?
Dudarik gabe interesgarriagoa da pertsonaia baten ahuluneetan arakatzea haren alderdi indartsuetan baino. Ahuleziak mina eragiten du, ezinegona, beldurra… Pertsonaia zaurgarriak interesgarriagoak dira. Zaurietatik sortzen dira ipuinak. Zentzu horretan, gorputz sanoek ez dute interes handirik. Konfliktorik gabe ez dago ipuinik, eta ahuleziak konflikto bat gainditzeko zailtasunak jartzen dizkio pertsonaiari, gauzak oraindik zailagoak jartzen dizkio eta hori istorioaren onerako izaten da beti. Bestalde, uste dut denok garela ahulak, denok ditugula ahuluneak. Zenbait arte martzialetan erakusten dute aurkariaren puntu bat ukitze hutsarekin aurkaria bertan behera botatzen. Puntu ahul horiek agertzen dira ipuinetan. Ukitzearekin bakarrik suntsitzen zaituztenak.

Tragedia gogorrik ez duzu idazten, baina halako zapore gazi-gozo bat uzten dute zure istorioek. Efektu hori bilatzen duzu, nahi gabe ateratzen zaizu...?
Esan bezala, mina, beldurra, ezinegona sortzen duten egoeretan bakarrik aurkitzen ditut nik istorioak. Minik edo egonezinik ez badago, ez dut ikusten istoriorik. Baina egoera hauek kontatzean ez dut tonu tragikorik erabili nahi izan, eta horregatik agian geratzen den zapore gazi-gozo hori. Bai, irakurlea zapore gazi-gozo horrekin geratzea bilatzen dut, hausnarketarako bide bat irekitzen duelako.

Eta hurrengo libururik bai bidean?
Bai. Nobela bat dut buruan eta idazten hasita nago. Ipuinen ondoren, berriz saiatuko naiz nobelarekin. Generoak tartekatzen joatea gustatuko litzaidake eta horretan saiatuko naiz.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta