Idazleak - Karmele Jaio - Hemeroteka - "Irakurleari esan nahi diodana benetakoa da, benetako sentimenduak dira"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karmele Jaio > Hemeroteka

EIE

2007-06-25 "Irakurleari esan nahi diodana benetakoa da, benetako sentimenduak dira" | Hasier Rekondo

Irakurleek ematen duten sari bi jaso dituzu berriki: "Idazluma 2007" eta Beterriko Liburuaren aipamena. Espero zenuen Amaren eskuak nobelak lortu duen oihartzuna?

Ez nuen espero. Benetan pozgarria izan da sari hauek jasotzea, bereziki irakurleek emandakoak direlako, eta horrek balio handia dauka. Liburu bat bukatzean halako hutsune bat gelditzen zaizu, zaila izaten delako irakurleen iritzia jasotzea. Sari hauek balio izan didate hutsune hori pixka bat betetzeko.

Irakurleen onespen zabalak zure etorkizuneko lana baldintza dezake? Ematen du zure lana baldintzapean ari dela sortzen. Igartza Saria lortu ostean idatzi zenuen Amaren eskuak.

Ez daukat nik sentsazio hori. Hau da, ni idazten jartzen naizenean ez nago aurreko lanarekin izandako arrakastaz edo arrakasta ezaz pentsatzen. Egia da irakurleen onespena jasotzeak segurtasun handiagoa ematen dizula hurrengo lana idazteko. Beraz, baldintzatzen bazaitu, nik uste beti izango dela onerako.

Idatzi zenuenean alaba zinen, orain amaren eskuak zureak dira.

Bai, nire bizitzan gauzak aldatu dira. Lehen alaba nintzen bakarrik eta duela gutxi ama izan naiz. Dena den, nik uste dut fikzioan izan zaitezkeela ama errealitatean izan barik, hau da, ez duzula zertan asmatzen dituzun pertsonai guztien esperientziak izan behar pertsonai sinesgarriak sortzeko. Ni ez naiz sekula negozioen munduko gizon bat izan, eta datorren liburuko ipuin bateko pertsonaia halako bussinesman bat da. Nik uste dut pertsonai sinesgarriak eraiki daitezkeela gure inguruan daudenen bizitzak atentzioaz begiratuz gero. Gakoa begiratzean dago eta adi egotean.

Bilboko Liburu Azokan aipatu zenuen Amaren eskuak gaztelaniazko bertsioa izango duela eta zu zeu ari zinela paratzen. Oker ez banago, narratzailearen ikuspuntua aldatuko duzu.

Bai, hasieran hitzez hitz hasi nintzen itzultzen, baina gertatzen da hizkuntza batean funtzionatzen duten gauza batzuk ez dutela zertan beste hizkuntza batean funtzionatu behar. Ondorioz, aldaketak egin ditut, eta hauen artean nabariena izan da euskarazko bertsioan hirugarren pertsonan kontatua dagoena gaztelaniaz lehenengo pertsonan dagoela kontatua. Hotzegi egiten zitzaidan hirugarren pertsona gaztelaniaz. Horretaz aparte, kapitulu pare baten ordena ere aldatu dut.

Zure lanetan emakumearen ikuspuntua jorratu duzu nolabait, "emakumezkoen literatura" kontzeptuarekin ados zaude?

Nik uste dut lehenik eta behin ez dela nahastu behar emakumezkoek egindako literatura, emakumeentzako idatzitako literaturarekin. Eta hori asko gertatzen da, askok uste baitu emakumeek idatzitakoa emakumeentzako bakarrik dela. Ez da hori gertatzen gizonezkoek idatzitako literaturarekin. Haiek jorratzen dituzten gaiak unibertsalak dira, ez gizonezkoen gaiak. Eta nik aldarrikatu nahiko nuke emakume baten ikuspuntutik idatzitakoak ere gai unibertsalak direla. Emakumezkoek idatzitako literaturan, normala denez, gizonezkoek idatzitako literaturan agertzen ez diren ikuspuntu eta gai batzuk agertzen dira, bizitza esperientzia ezberdinak ditugulako batzuk eta besteek, baina horrek ez dio gai horiei unibertsaltasuna eta balioa kendu behar. Ez dira emakumeen gaiak bakarrik, gizonenak gizonezkoen gaiak bakarrik ez diren modura. Batzuk eta besteak gai unibertsalak dira, eta gizon zein emakumeei zuzenduta daude. Amatasuna, adibidez, gai unibertsala da nahiz eta esperientzia hori emakumeek bakarrik bizi, gizonek bakarrik bizi dituzten hainbat esperientzia ere unibertsalak diren moduan. Askotan emakume idazle askok erabakitzen du “emakumeen gai” deitzen zaien horietatik ihes egitea euren lana behar bezala baloratu dezaten, jakin badakitelako gizarte honetan “emakumeen literatura” etiketa horrek balioa kentzen diola edozein idazlanari. Nik uste dut literatura serioa egin daitekeela emakumezkoen ikuspuntutik eta ez dugula ihes egin behar “emakumeen gai” deitzen zaien horietatik gure lana baloratu dezaten. Emakumeen ikuspuntutik egin daiteke eta egiten da literatura serioa. Askok ez du oraindik hau ulertu. Behin lagun bat gerturatu zitzaidan eta esan zidan erosi zuela nire nobela...bere neskalagunarentzako. Nik uste dut ez zitzaiola burutik pasatu ere nire nobela berak ere irakurri zezakeela. Berarentzako ere bazela.

"Nobelak ez dira inoiz amaitzen, laga egiten dira", esan duzu.

Bai, berrirakurtzen dituzun guztietan zerbait aldatuko zenukeelako. Niri hala gertatzen zait behintzat. Beti dago zer hobetu, zer aldatu. Idazlea beti dago bere testua orrazten. Etengabe. Azken finean, idaztea zuzentzea da.

Zinemaren eragina nabarmena da zure literaturan, irudiek indar handia dute, erreferentzi-irudiak erabiltzen dituzu.

Nik uste literaturan bisualizazioak garrantzia apartekoa duela. Idazleak irudi bat du buruan eta bisualizazioa erabili behar du irakurleak irudi bera ikus dezan. Horretarako gauza konkretuetara jo behar du. Abstraktutik konkretura pasatu behar da. Maitasuna bezalako hitz abstraktu bat erabili beharrean, idazleak musua edo laztana bezalako hitzak erabiliko ditu eta irakurleak maitasuna ulertuko du, baina modu erraz batean. Ni horretan saiatzen naiz eta horregatik erabiltzen ditut askotan irudiak metafora edo konparazio moduan.

Aipatu itzulpenaz gain, ipuin liburu bat ari zara prestatzen. Aurreratu dezakezu zure hurrengo lanaren nondik norakoa?

Bai, hamabost ipuin izango dira, aurreko ipuin liburuan (Hamabost zauri) bezala. Estiloa oso antzekoa izango da, ipuin laburrak, eta gai aldetik pertsonen ahulezia izango da gai nagusia. Honekin batera, nire lan guztietan agertzen den pertsonen arteko inkomunikazioaren gaia ere nagusi izango da. Hemen ere garrantzi handiagoa eman diot pertsonaiek esan gabe uzten dutenari, esaten dutenari baino.

Berriro bueltatzen zara ipuingintzara. Erosoago sentitzen zara narrazio laburren lurraldean?

Erosoago sentitzen naiz esperientzia handiagoa dudalako ipuinetan. Nire bizitzan hainbat ipuin idatzi ditut eta nobela bakarra. Beraz, gehiago sentitzen naiz ipuingile. Ipuinetan idazleak hainbat gauza uzten ditu gerizpean, ezkutuan bezala, eta nobelan ageriago utzi behar ditu gauzak. Zentzu horretan, misterio handiagoa dute ipuinek, lan gehiago eskatzen diote irakurleari, hitz horien azpian dagoena asmatu behar dutelako.

Fikzioa sentimenduetaz hitz egiteko erabiltzen duzula aipatu duzu.

Fikzioa erabiltzen dut egia bat esateko. Gezurra erabili, egia esateko. Nire egia, noski, ez egia absolutua. Nire lanetan kontatzen diren istorioak gezurrak dira, fikzioa, baina istorio horien azpiko aldean egia bat doa, lurrazpiko ibaia bezala. Hondoan dauden sentimenduak benetakoak direlako. Irakurleari esan nahi diodana benetakoa da, benetako sentimenduak dira.

EIEren bazkide izanda, nola ikusten duzu Elkartea? Zer eskatzen diozu Elkarteari?

Garai berri bat hasi du elkarteak eta indarrez beteta hastea espero dut. Nik elkarteari eskatzen diot, idazleon eskubideak defendatzeaz gain, gure lana han eta hemen ezagutarazteko lana egitea, eta horrekin batera, idazleon gaitasunak hobetzeko tresnak eskura jartzea, hala nola, ikastaroak eta tailerrak antolatuz, beste lurralde batzuetako idazleen hitzaldiak eta elkartrukerako eremuak antolatuz...
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta