Idazleak - Karmele Igartua Bengoa - Hemeroteka - Heldua, eta neurtua

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karmele Igartua Bengoa > Hemeroteka

Berria

2009-11-11 Heldua, eta neurtua | Imanol Magro

Karmele Igartua gizakiaz eta denboraz mintzo da Denbora enaren hegaletan bigarren olerki liburuan.

Berrogeita hamar urterekin idatzi du bigarren poesia liburua, eta aurrenekoa iaz argitaratu zuen. Poesia irakurketa luzeen ondoren, eta Bergarako Idazle Eskolatik pasatuta, Denbora enaren hegaletan (Pamiela) kaleratu du Karmele Igartuak (Aretxabaleta, 1959), eta, Pamielako Jose Angel Irigarairen iritziko, nabaritzen zaio eskarmentu hori. «Poesia heldua da.Nabarmentzekoa da sentsibilitatea, eta esan ezinak adierazteko gaitasuna, bai nola garatzen duen, eta bai nola gauzatzen duen poetikoki. Ezer ez da kasualitatea liburuan».

Tere Irastorza olerkariak ere irakurri du, eta olerkari gazteen lanen alboan, idazle helduena aldarrikatu du. «Euskal literaturan olerkaritza trebatzeko genero bat dela dirudi, baina gazteenarekin alderatuta, Karmele Igartuak, edo Xabier Letek, beste idazkera bat dute. Ez bakarrik hizkuntzagatik, beste mundu bat dute, sentimenduak adierazteko beste ahal bat». Irastorzaren iritziko, denbora ur-jauzi bat bezalakoa den metafora du «sustraian» liburuak, eta irudien indarra nabarmendu du.

Igartua ez da enarak erabili dituen Aretxabaletako lehen idazlea, aurretik Juan Arana Loramendi-k ere enarak idazpide hartu baitzituen, eta, autorearen ustez, baliteke bien artean loturaren bat izatea. «Baliteke, poesiarekin izan nuen lehen harremana Loramendiren Enada beltza-rekin izan baitzen. Gero etorri ziren beste euskal idazleen irakurketak eta atzerrikoak. Ez dut uste alferrik agertzen denik enara beltzaren sinbolo hori».

Sinbolismoak eta metaforak karga handia dute poesietan: enarak, olatuak, izarrak, agurrak... «Nire izaeraren adierazgarri dira», dio Igartuak, «nik abstrakzio hori hala ikusi beharra daukat». Sinbolo horiek dira olerki gehienen ardatza, eta horiek erabiliz azaleratzen ditu sentimendu eta hausnarketak. «Liburuaren gaia gizakia da, eta denbora. Gizakia denboraren gorpuzte bat da, eta enara, gizakia bezala, beste bat. Enararen figura oso presente daukat, baita olatuarena ere. Bizitza oso bat ondo laburbil dezakete, bai hegaldi bakoitzak, bai olatu bakoitzak, etengabe datorrena, bata besteari gain hartuta». Heriotza ere ageri da olerkietan, eta antzera azaldu du trataera. «Paradoxa modura agertzen da, heriotza, azken finean, bizitza delako. Bizitzari bizitza gailendu zaio, baina bizitza da, datorrena, beste bizitza bat sortzen».

Denborari buruz mintzatzean, berriz, Igartuak bere egiten du Irastorzaren ur-jauziaren metafora, eta filosofiara hurreratzen da -lehen atalaren titulua Denbora jauziak da-. «Bizitza jauziak dira, denbora ezin da harrapatu, ez da bihar edo atzo, ni naiz denbora guztia, ez dago besterik... Denbora hori pertsonifikatu nahi nuen. Filosofiaren eta zientziaren ardatza da, eta mundua denbora existitzen den unetik existitzen da. Nire ustez, poesia ez da filosofia, baina hau sujerentzia bat da».

Milimetroak

Igartuaren lanean olerkiaren irudi fisikoak ere garrantzia du, «forman sakonera ikusten dut, ez da bakarrik politagoa edo zatarragoa izan dadin». Estetikak garrantzia badu, dioenez edertasuna bilatzea pertsonaren ideal bat delako, baina olerkien forma berezien muina irakurtzeko modu desberdinak iradokitzea eta azpiko mezuak azaleratzea da, elipsiak, hutsuneak, gidoia eta paragrafoak erabiliz. «Edizioa ateratzeko garaian hori zaindu dut, zergatik hitz hori bi milimetro harantzago jarri, zergatik lerro horretan... Bada nik horrela irakurtzen dudalako, olerki baten barruan beste bat egon daiteke, parentesi bat. Poema bat irakurtzeko bi, hiru edo lau modu egon daitezke».
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta