Karmele Igartua Bengoa Atzera

5.zenb.,38.orr.
Kenian
L.Luma berrien eleak
4.zenb.,38.orr.
Gorri urratuan
L.Luma berrien eleak
2011
Itsaso kontra bat
Pamiela
2009-12-20
Poesiaren hausnarra
Karmele Igartuaren bigarren literatur lana da Denbora enaren hegaletan, iaz argitaratutako Hitzak orbainetan poesia liburu sarituaren ondorengoa —Felipe Arrese Beitia saria jaso zuen—. Lan berria, poesiazkoa hau ere, Pamiela etxearen eskutik eman du argitara, eta liburu trinko eta landua da. Gehiegikeria gutxikoa, poema bakoitza halako perfekzio baterantz bideratzen da, hitz bakoitza poetikoki nahiz espazialki ondo zainduz. Ez da poema bilduma bat, osotasun markatua duen obra baino, eta zentzu honetan nahiko kasu berezia, poema bildumak nagusitzen diren egungo euskal poesian.

Liburuaren oinarrian dagoen kontzeptu nagusia, seguruenik, denborarena da, eta, beraz, poemetan denboraren igarotzearen inguruko hausnarketak topatzen ahal dira etengabe. Tradizio luzea dute poesiaren historian denboraren, eta orokorrago, izanaren gaineko poemek. XVII. mendeko poeta ingeles zaharrek dagoeneko gai filosofiko hauen ildoetan idatzi zituzten beren poemak, eta soka luzea osatu zuten, gaur egungo poeta handienetaraino (John Ashbery, ezagunena aipatzearren). Gurean ere, gutxi asko, poesia ulertzeko molde hau aski presente egon dela esan dezakegu, oraindik ere sano indartsu dagoela. Xabier Letek aurten jasotako Euskadi Saria edo azken aldian sortutako manifestu poetiko bakarra —Pentsamenduaren poesia— zentzu horretan uler litezke. Kontua da emaitza hauetariko franko aurreikusgarriak eta kontzeptualegiak begitantzen zaizkidala. Arazoa, funtsean, hizkuntza filosofikoa poetikora eramateko langintza horretan dagoela iruditzen zait, hizkera filosofikoak poema zapaltzen duelako. Beste modu batera esatearren, T.S Eliotek aipatzen zuen korrelatu objektiboa dute faltan. Tradizio anglosaxoian —poeta handienetan, bederen—, aldiz, pentsamenduaren sakontasun hau hizkera hanpatutik at eta elementu konkretuetatik abiatuz zertzen da. Gurean, neure ahoz, pentsamenduaren poesiatzat jotzen direnetatik dezentek arazo horixe dute, eta ez da kasualitatea, azken boladan auzi hau hobekien ebatzi duen poetetako bat Kirmen Uribe izatea —bere Bitartean heldu eskutik-en—, Iparramerikako poesiaren irakurle fina, agidanez.

Denbora enaren hegaletan honi, bada, eragozpenik ipintzekotan hor kokatuko nizkioke —nahiz eta ez beti—, eta hausnarketa filosofikoari molde poetiko zehatza ematen ahalegintzen denean, bide akaso urratuegiak —enara beltza, ortzadarra, izarrak— erabiltzean. Zenbaitetan errepikakorregia ere ez ote den begitandu zait, eta anaforaz gehiegi baliatzen ez ote den. Haatik, berretsi nahi dut Igartuak erakusten duen talentu eta argitasun poetikoa, batez ere arestian aipatu keria horiek dituztenen lan askoren aldean. Hala, ale bikain bat baino azpimarratuko nituzke: Memoria -I-, IZARRETARAINO…!, ERRARIAK. Gainera, aipagarria da, lehenago iradoki bezala, poemak materialki eta espazialki lantzeko modua, sarri askotan poemak erdibitu egiten dituelarik gidoien bitartez. Irakurketa moduak biderkatu eta poemei halako mugikortasuna ematen die honek.

Tere Irastorzak liburuaren aurkezpenean Igartua Leterekin erlazionatu zuen eta, baiki, lotura ez dela debaldekoa uste dut. Izan ere, denboraren hausnarketarekin batera, ia ezinbestean, galeraren ideia azaltzen zaigu Denbora enaren hegaletan-en, zeina Egunsentiaren esku izoztuak-en erdigunean dagoen ideia baita. Leteren tonu dramatikoaren aldean, ostera, Igartuaren poesiak aire apur bat ematen digu, iluntasun hori apalduz: “Eta orain, ba, / ez nau hiltzeak arduratzen, / biziak bai, eta bizirik bizitzeak”.
2009-11-11
Heldua, eta neurtua
Karmele Igartua gizakiaz eta denboraz mintzo da Denbora enaren hegaletan bigarren olerki liburuan.

Berrogeita hamar urterekin idatzi du bigarren poesia liburua, eta aurrenekoa iaz argitaratu zuen. Poesia irakurketa luzeen ondoren, eta Bergarako Idazle Eskolatik pasatuta, Denbora enaren hegaletan (Pamiela) kaleratu du Karmele Igartuak (Aretxabaleta, 1959), eta, Pamielako Jose Angel Irigarairen iritziko, nabaritzen zaio eskarmentu hori. «Poesia heldua da.Nabarmentzekoa da sentsibilitatea, eta esan ezinak adierazteko gaitasuna, bai nola garatzen duen, eta bai nola gauzatzen duen poetikoki. Ezer ez da kasualitatea liburuan».

Tere Irastorza olerkariak ere irakurri du, eta olerkari gazteen lanen alboan, idazle helduena aldarrikatu du. «Euskal literaturan olerkaritza trebatzeko genero bat dela dirudi, baina gazteenarekin alderatuta, Karmele Igartuak, edo Xabier Letek, beste idazkera bat dute. Ez bakarrik hizkuntzagatik, beste mundu bat dute, sentimenduak adierazteko beste ahal bat». Irastorzaren iritziko, denbora ur-jauzi bat bezalakoa den metafora du «sustraian» liburuak, eta irudien indarra nabarmendu du.

Igartua ez da enarak erabili dituen Aretxabaletako lehen idazlea, aurretik Juan Arana Loramendi-k ere enarak idazpide hartu baitzituen, eta, autorearen ustez, baliteke bien artean loturaren bat izatea. «Baliteke, poesiarekin izan nuen lehen harremana Loramendiren Enada beltza-rekin izan baitzen. Gero etorri ziren beste euskal idazleen irakurketak eta atzerrikoak. Ez dut uste alferrik agertzen denik enara beltzaren sinbolo hori».

Sinbolismoak eta metaforak karga handia dute poesietan: enarak, olatuak, izarrak, agurrak... «Nire izaeraren adierazgarri dira», dio Igartuak, «nik abstrakzio hori hala ikusi beharra daukat». Sinbolo horiek dira olerki gehienen ardatza, eta horiek erabiliz azaleratzen ditu sentimendu eta hausnarketak. «Liburuaren gaia gizakia da, eta denbora. Gizakia denboraren gorpuzte bat da, eta enara, gizakia bezala, beste bat. Enararen figura oso presente daukat, baita olatuarena ere. Bizitza oso bat ondo laburbil dezakete, bai hegaldi bakoitzak, bai olatu bakoitzak, etengabe datorrena, bata besteari gain hartuta». Heriotza ere ageri da olerkietan, eta antzera azaldu du trataera. «Paradoxa modura agertzen da, heriotza, azken finean, bizitza delako. Bizitzari bizitza gailendu zaio, baina bizitza da, datorrena, beste bizitza bat sortzen».

Denborari buruz mintzatzean, berriz, Igartuak bere egiten du Irastorzaren ur-jauziaren metafora, eta filosofiara hurreratzen da -lehen atalaren titulua Denbora jauziak da-. «Bizitza jauziak dira, denbora ezin da harrapatu, ez da bihar edo atzo, ni naiz denbora guztia, ez dago besterik... Denbora hori pertsonifikatu nahi nuen. Filosofiaren eta zientziaren ardatza da, eta mundua denbora existitzen den unetik existitzen da. Nire ustez, poesia ez da filosofia, baina hau sujerentzia bat da».

Milimetroak

Igartuaren lanean olerkiaren irudi fisikoak ere garrantzia du, «forman sakonera ikusten dut, ez da bakarrik politagoa edo zatarragoa izan dadin». Estetikak garrantzia badu, dioenez edertasuna bilatzea pertsonaren ideal bat delako, baina olerkien forma berezien muina irakurtzeko modu desberdinak iradokitzea eta azpiko mezuak azaleratzea da, elipsiak, hutsuneak, gidoia eta paragrafoak erabiliz. «Edizioa ateratzeko garaian hori zaindu dut, zergatik hitz hori bi milimetro harantzago jarri, zergatik lerro horretan... Bada nik horrela irakurtzen dudalako, olerki baten barruan beste bat egon daiteke, parentesi bat. Poema bat irakurtzeko bi, hiru edo lau modu egon daitezke».
2009
Denbora enaren hegaletan
Pamiela
2007
Agur
Administrazioa euskaraz
2007
Liburuetan
Mugalari, GARA.
2007
Zelan barru horietan?
Ihintza

Zelan, barru horietan?
Bustita esnatu ditun arrosa hostoak eta arantzak behe lainotan, eta lore-begi gorriak, edo zuriak, bil-bil eginda, barruetan.

Barruetan bizi gaitun eta, bizi nahi dugunak. Barruetan gaitun nor, inorenganako izateko, eta horri, batzuk bakardadea deitzen zioten. Eta bakardadea deitzen zioten, bizi nahi dugunok gure barruarekin bakarrik egoten ere badakigulako. Ez zakiten bakarrik egotean noraino izan gaitezkeen lagunen ondoan.

Halabeharrez hago hi ziega horretan ordu askoan bakarrik; nahita topatzen dinagu beste batzuk, kanpo honetan, bakarrik egotea. Eta hori dun, horixe bakarrik, bakarrik egotea, eta, baina, hori ez dun bakardadea; bakardadea ez dun kanpotik ikusten, eta jendez inguraturik bizi arren sentitzen dun. Gutxi zaukan zerikusirik bakardadeak, bakarrik edo jende artean egotearekin.

(“Egon” hitza, zortzi bider idatzi dinat leku txikian, eta esanahi ugarietatik, gelditasunaren zentzu literalenean erabili nahi izan dinat, izatetik ondo bereizteko: “toki batetik ez mugitu, denbora batez bertan geratu”). Egoera horretan hago azken urte batzuetan. Kanpoan batzuk bizitza osoan ditun egonean.

Ba, hori, bakardadea ez dela kanpotik ikusten; izatera, ondo maite duenak
-igarri- egiten din maite dituenen barruan, bakardadea ere.

Agian, bakardadea bortizki sentitzea, norbera dena ez onartzea izango dun. Nor-bera, bakarrik, bakarra dun.

Nor-beraren baitan bizi ditun bizi behar direnak, eta harremanak, nor-berak eraikitzen ditin, on-hartuz debalde eskaintzen dena eta emanez, eman nahi dena. Dena, igual. Ala?

Goiz jaiki naun, gaur ere, behe lainoaren gaineko zeru urdinarekin batera. Leihoa ireki dinat, atzo bezala, eta leihoa irekitzerik ez dutenak hartu ditinat nirekin; bat, hi. Eta guztientzat beste ihintz arnastu dinat, begiak itxita.

Egun berriaren irrikak irribarre bat jarri din nire sabel barruan, eta segundo gutxi batzuetan, -ni- izan zirenak agurtu ditinat memorian eta, “hemen gare” xuxurlatu zienat, segundo gutxitako irribarrean. Eta horri, batzuk bakarzaletasun deitzen zioten, bakan, arraro, diferente, ...”enfin”... esan nahi duten lekuan. Batzuk. Eta bakarzaletasuna erreparatzeko momentua bilatzea badun: zer, nondik eta nola, ba, orduan, bakarzaleak gaitun, eta bakoitz, eta bakan.

Bero

Bete-bete etorri dun -isilik -bakarrik- eman eta eman, eguzkia.

Lurrindu din lehengo ihintz hura eta oparo, bizi-argi, hartu din lurra, baleki bezala bakarrik izaten, eta baleki bezala beste batzuekin eta beste batzuentzat ez izatera, antzua duela izatea.
Bazakinat nola maite dunan epeltasuna, eguzkiarena eta maite ditunan gorputzena. Memorian dauzkan, arretaz bizi izandako denak; memoria dun hor, lagun leial. Bila ezan beroa eta gorputzak eta hondartzak, higan zauden behar direnak egon. Zabal ezan leihoa, begiak itxita, eta eraman itzan kanpoaldeok barrura.

Bazakiten, bakarrik sentiarazi nahi hautenek, zer dun bakarrik sentitzea, bazakiten bakardadea dela zigorrik isilena, hotzena, suntsitzaileena. Horregatik haukate bakarrik, debekuzko hitz isilean eta leiho barik.
Eta guk bazakinagu bakarrik egoten eta bakarrik izaten eta isilik; eta eguzkiaren antzera gaitun bakoitz, bakan, nor, beste batzuekin izateko; eta esango nuke, binaka garela, nor izan eta gero; hazia eta lurra, itsasoa eta hondartza, mendia eta harana, ilargia eta gaua bezala; binaka batera; gero zabaltzen gaitun denetara.

Isilik ernaltzen dun hazia lurrean, isilik hartzen din hondartzak itsasoa, isilik argitzen ilargiak gaua, haranak mendia eusten, isilik.
Eta horri, batzuk isiltasuna deitzen zioten.

Baina hori dun isiltasun bat isiltzen ez dena, gutunetan bizi dena bezalakoa eta begiradetan edo oraindik esan gabeko hainbeste hitzetan. Isilik esan. Isilik eman.
Beste bat dun, zer esan ez duen isiltasun ahitu bat, bakardadean bizi dena eta bakardadearekin. Eta ez dun kanpotik ikusten.

Bat dun emankorra, sortzailea, bizia; eta bestea dun, hilgarria.

Eta batzuk isiltasuna komunikatzeko modu bat dela esaten dinate, mezu bat dela isilezko jarrera. Hala izango dun batzuetan; izan ere, zerbait esateko isiltzen garenetan, ateratzen dun esana bere denboran; eta, baina, ezer esan nahi ez dugulako edo ezer esatekorik ez daukagulako isiltzen garenetan, intentzioa bakarrik ageri dun, isiltzearena, eta zergatiak batzuetan norberak ere ez zakizkin. Eta beste kontu bat dun kartzelan isilik egotera behartua izatea. Baina, badakin? Uste dinat hik, heuk erabakitakoa balitz bezala jokatzen dunala, sortzailea eta emankorra bilakatzen ari dun eta hire isiltasuna.

Haizea

Sentitzen al dun? Erreka-haizea zatorren, fresko, arnasara, eta azalean fereka egiten din. Eta barrua gozatu.

Bakardadeaz eta isiltasunaz irakurri nahi ninan eta liburutegiraino hurbildu naun. Filosofoen apalera jo dinat. Zabaldu ditinat liburu banaka batzuk izenburu baten erreparatu dudan arte. Giza adimenari buruzko entseiuak, John Locke. Pasarte batzuk irakurtzen ahalegindu naun eta arreta “erlazioak” izeneko kapituluan jarri dinat, eta hara! Beste gauza batzuen artean esaten din erlazioa, ondo bereiztuak diren bi ideien artekoa dela, bata bestearekin alderatzeko edo elkarrekin kontsideratzeko ekintza. Zer iruditzen zain? Esaten aritu gaitunana. Biren artean zerbait izateko, bakoitzak bere osotasunean, nor behar duela izan eta aldi berean, banakako absolutu osotasun bakoitza, erlazio baten barruan, partaide erlatibo dela, beste batzuekin batera bakarrik balioa duena.
Gaitun oso, beste batzuekin izateko, eta beste batzuekin gaitun norbanako izango bagaitun.
Eguzkia bezala.
Badakin? Pentsatu dinat sarriago etorriko naizela liburutegira, eta... bidaliko dinat liburu hau ere.
Zelan arindu duen haize honek eguerdiak zekarren bero zakarra!

Euria

Bare, isilik, haizea.
Binaka iristen gaitun, askotan, ilunabarrera; isilik igual.

Binaka esertzen gaitun egurrezko banku berdeetan eta ortze-mugarantz begira, ilargia eguzkia agurtzen ikusten dinagu eskutik helduta, batzuetan.
Eta beste batzuetan harrizko harmaila hotzetan esertzen gaitun, binaka, ortze-mugarantz begira, baina batak eguzkia ezkutatzen ikusten duen tokian, eta iluna, besteak ilargia ikusten din jaiotzen, eta argia; eta orduan, binaka izanda ere pausoa ez dun bat eta isila gailentzen din biren artean, isil-hizketa, inoiz inork entzungo ez duena, batak ez diolako besteari esaten ikusten duenaz ezer eta ez dakigulako batak bestearen barruan, zer.

Eta horri batzuk ez zakinat nola deitzen dioten, baina horixe dun bakardadea, bakardade latza, gorria eta isiltasun hotza. Binaka, bakar-bakarrik.
Eta ez dun kanpotik ikusten.
Isildu dun eguna poliki-poliki. Errekaren zurrumurruak eta kilkerren kantuek isilagotu dinate egunaren zalaparta, eta ilundu orduko, beraiena dinate txanda.

Laino arin batzuk agertu ditun, gorriak, laguna, euria iragarri guran.

Itxi begiak eta gogoratu zerua laino gorritan eta ilargi goiztiar zuri-zuri, bete-bete batek mundua arrosa kolorean jantzi zuen ilunabarra.

Ez dinat leihorik itxiko, leihoa ixterik ez duzuenok gogoan.

Euria. Barruraino.
2006
Gaur arte
Idazle Eskolaren Beka
2006
Gutuna
Mugalari, GARA.
06/2008
Hitzak orbainetan
Bilbao Bizkaia Kutxa