Idazleak - Karlos Linazasoro Izagirre - Hemeroteka - Miniatura bilduma

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karlos Linazasoro Izagirre > Hemeroteka

Berria

2007-06-10 Miniatura bilduma | Mikel Ayerbe

Miniatura bilduma

mikel Ayerbe

Aurkibiderik gabeko liburuetan galdu egiten naiz. Eta Erein-Euskadiko Kutxa Narratiba Saria irabazi berri duen Karlos Linazasororen Diotenez liburuak ez du aurkibiderik. Erraza, beraz, zazpi ipuinetan banatutako Ars Poetica-n eta Holaxe kontuk (1:43 eskalan) izenburupean bildutako ehundik gora mikroipuinetan galtzea. Are gehiago, hasierako zazpi ipuin horiek hamaika aforismo edo atsotitz eraberrituz osatuta daudenean. Baina liburu baten irakurketan galtzea ez da inoiz denbora galtzea izaten, baldin eta galera horretan zerbait irabazi izanaren sentsazioa izanez gero.

Karlos Linazasorok hainbestetan erabili izan dituen osagaiak aurkituko ditu irakurleak liburu honetan: umorea (beltza eta kolore guztietakoa, baina bereziki beltza), esaldi zorrotz eta latz bezain leunak, hitz-joko arriskutsuak, eldarnio literarioak, esaldi inozenteen atzeko gogoeta sakonak, hizkuntzaren erabilera poetikoa... Baina bereziki, Italo Calvinok milurteko berrirako aurreikusiriko sei proposamenen arteko lehenengoa: laburtasunaren aldeko apustua.

Ars poetica bat zazpi ipuinetan atalean, idazleak gai edo irudi baten inguruan hamaika gogoeta, atsotitz eta bertso-lerro sortzen ditu. Glosolaliak eta beste liburuan borreroaren irudiarekin egindakoaren ildotik, oraingoan putzuaren, txorimaloen, eldarnioen, itsasargien, itzalaren, oihartzunaren eta hegalaren irudiak ditu hizpide Linazasorok. Finean, hitz baten inguruan sor daitekeen poetika propio bat islatzeko ariketak lirateke. Hitz bat hartu, putzua esaterako, eta ideia horren baitan etengabe mugituz, ahalik eta irakurketa gehien eskainiz; putzua isla bat dela, baina alderantziz kasu, edo putzuen begietan beti malko dago-ela; edo idazteko, nahitaezkoa dela Putzuan denboraldi bat igarotzea.

Holaxe kontuk (1:43 eskalan) atalean, aldiz, mikroipuinak edo narrazio hiperlaburrak biltzen dira. 1:43 eskala miniaturazko autoak egiteko erabiltzen dena omen da, eta simil hau erabiliz, miniaturazko narrazioen bilduma oso bat aurkezten du Tolosako idazleak. Izenburuko 1:43 eskala lurrikarak neurtzeko erabiltzen den Ricther eskalakoa ere izan zitekeen, mikroipuin hauek miniaturazko lurrikarak ere badirelako zenbaitetan. Gustu guztientzako narrazio motzak aurki daitezke, baina ipuin bakoitzaren atzean nabari da esku beraren itzala dagoela. Zertzelada hitzak inoiz baino zentzu gehiago du Diotenez honetan, eta zertzeladaren atzean dagoen irudi osoa irakurle bakoitzak osatu beharko du.

Ipuinotan bada bitxikerien poetika bat ere. Gauza arraroak, gertaera absurdoak eta pasadizo xelebreak pilatu egiten dira orriak pasatu ahala: oin dislexikoak dituen gizona, hibernatzen ikasi duen narratzailearen kontakizuna, izen-abizen ahoskaezinak dituzten pertsonaiak (Praff edo Przft edo Pzfrrxww jauna), sumendi bat dela esaten dioten gaixoa, arrain bat den auzoa... Linazasorok ohituta gauzka balizko gaixotasunei buruzko ipuinetara, eta hemen ere badute lekua: diplofonia, domino sindromea, metastasiaren eta antropofobiaren ikuskera ezohikoak... Eta betiko kontakizunen moldaketak ere ez dira falta, hala nola Prometeoren mitoaren, Txanogorritxoren edota Kafkaren metamorfosiaren aldaera laburrak.

Mikrokritika batean labur esateko: bitxia. Bitxia bezain egokia, beharrezkoa kasik. Beharrezkoa, gurean aforismoak gehiago landu badira ere, mikroipuin edo ipuin hiperlaburren irakurketan galtzeko aukera gutxi dagoelako oraindik ere, ipuingintzak hain osasun ona duen literatura txiki honetan.






'Diotenez' Egilea: Karlos Linazasoro. Argitaletxea: Erein. Urtea: 2007.





2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta