Idazleak - Karlos Gorrindo Etxeandia - Laginak - Erratzen gainean

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karlos Gorrindo Etxeandia > Laginak

Narratiba

Erratzen gainean |

Deabruaren katedrala dugu hau, azaldu zien txangozaleei gidari lanak egiten zituen mutil gazte segailak. Hitz haien oihartzunak eztanda egin zuen Usueren baitan eta zati txiki guztiak gorputz osoan zehar sakabanatu zitzaizkion. Goizean goizeko urduria naretu beharrean, areagotu egin zitzaion. Urduriak eta ezinegonak mendean hartu zuten, leizezulura barruratu ahala.

Toki iluna, argitasunik gabea, ospela eta itsua irudikatu bazuen ere, bestelakoa begitandu zitzaion Deabruaren katedrala. Aurriritzi guztiak hankaz gora jarri zizkion leize argitasunez beteak; zabala zen, sabai leun ederrekoa eta soinu xaramelagarria zuena: uraren eta haizearen hots loarazalea zuen kobazuloak. Aurkitzea espero zuenetik gutxi zeukan haitzulo hark.

-Areto nagusian gaude. Sorginek akelarreak-eta egiteko baliatzen zuten egonleku hau -jarraitu zuen mutil gazteak zehaztasun historikoak aletzen-. Goiko alde horretan, leize txiki bat baino gehiago daude, errekaren norabidearen alde banatan. Errekak -argitu zien txangozaleei-, Infernuko erreka du izena eta alderik alde zeharkatzen du kobazuloa.

Begiak itxi zituen Usuek eta uraren eta haizearen hots xuxurlaria iritsi zitzaion belarrin ondora. Entzumenaren zentzumena baliatu zuen begiek ikusten ostopatzen ziotena, hau da, ikusmenetik haratago ikusi nahi zuena, irudimenak agintzen ziona alegia, ikusi ahal izateko. Eta baso sarri bat ikusi zuen zuhaitz ezezagun ederrez jantzita eta erreka baten murmurioa entzun zuen eta lurraren lurrin hezea usaindu zuen.

Hura paradisua zen! Begiak ireki zituen eta gidariaren berbak pilota bilakatu ziren, eta, aurrena horma batean, hurrena bestean, punpa egiten zuen oihartzun hotsa gero eta indargeago iristen zitzaion belarrietara.

-Giza eskuek manipulatu gabeko kobazulua duzue hau. Hemen ez duzuen ez giza edota animalien irudirik ikusiko hormetan; ez dago argindarrik inon, eguzkiarekin aski baitu galeria ia guztiak argi betean izateko. Estalaktita eta estalakmitarik ere ez da ageri hemen; baina leizezulo honek hori guztia baino gehiago du, haitzulo hai izaki biziduna da, sentitu egiten dum bihotza du, hemen bizi eta sufritu izan dutenena. Erne jarrita -esan zien entzuleei-, bihotz horren taupadak ere entzun diezaizkiokegu, taup-taup-taup.

Erne jarri ziren gidariaren berbak entzun zituztenak. Bat-batean, haize bolada indartsuak ile mataza harrotu zion Usueri.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta