Idazleak - Karlos Gorrindo Etxeandia - Hemeroteka - Karlos Gorrindori elkarrizketa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karlos Gorrindo Etxeandia > Hemeroteka

Hitzen Uberan

2016 Karlos Gorrindori elkarrizketa | Uberan-eko erredakzioa

Karlos Gorrindori elkarrizketa

Ezpainak arrainak bezala (Erein), obsesio baten kontakizunaOstirala, 2016-01-22

Haur eta gazte literaturan, hainbat liburu plazaratu ditu azkenaldian. Helduentzako literaturari dagokionez, hogei urteko isilunea hautsi berri du. Ereinek plazaratu duen nobela, Ezpainak arrainak bezala izenekoa, bakarrizketa estiloan idatzia dago. Gorka (protagonista nagusia) erabat obsesionatuta bizi da Marta bere andrearekin. Martak harremana hautsi nahi du, baina Gorkak kosta ahala kosta salbatu nahi du. Idazkerari dagokionez, ahozkotasunetik hurbil ibili da Karlos Gorrindo. “Hausnarrean zabiltzanean, hizkuntzarekiko sortzen diren loturak lotura laburrak izaten dira eta bide hori jorratu nahi izan dut”.

Galbidean den maitasun istorio bat. Nobela honen trama egituratzen duen gaia hori dela esan daiteke. Beldurrak, zalantzak, komunikazioa/inkomunikazioa, aurreiritziak... agertzen dira. Agonia baten kronika dela esan daiteke, ezta?

Hasiera-hasieratik geratzen da argi eta garbi zein den bikotearen egoera. Ez dakigu zer gertatuko den amaieran, baina egoerak irauli ezean uste izatekoa da agonia horren azken faseak heriotza dakarrela. Bikotearen bizikidetzearen akabera, alegia.

Ezpainak arrainak bezala. Kontestutik aterata dagoen izenburua dela aipatu zenuen prentsaurrekoan. Momenturik samurrenetik ateratako pasartean. Baina samurtasun gutxi dago nobela honetan, ezta?

Nik esango nuke gozotasunik gabeko istorioa dela. Gogorra eta krudela, estutasuna eta larritasuna eragiten duena. Baina bizitza horrelakoa da. Eta bestelakoa ere bai. Baina gehiago du iluntasunetik argitasunetik baino.

Gorka da protagonista nagusia. Kazetaria da eta bikotearekin ezin asmatu dabil aspaldian. Lehen pertsonan kontatua dago, bakarrizketa itxuran. Obsesio giro hori islatzeko egokiago delako akaso?

Obsesioarena islatzeko modu eta eredu bat baino gehiago izango dira seguru asko. Nik lehen pertsona aukeratu nuen, protagonistaren obsesio patologikoa sinesgarriagoa izango zelakoan. Gero, bakarrizketa modura egituratzea nobela are eta traumatikoagoa bilakatzen du egoera.

Bakarrizketa den aldetik, Gorkaren beldurrak, desioak, zalantzak... gertutik ezagutuko ditugu. Marta, bere emaztea, aldiz enigmatiko agertuko zaigu. Ez du ia hitzik hartuko. Baina etengabe ageri da. Gorkaren hitzekin eraikiko dugu Martaren irudia.

Martaren absentzia Gorkaren presentzia bezain garrantzitsua dela uste dut. Agian ahotsa eman izan banio, bere sentimenduak eta zalantzak, beldurrak eta erabakiak argiago geratuko ziratekeen. Baina ahots bakarra aukeratzean, sentimenduen suspertzeari bide eman nahi izan nion. Beste aukera bat eskaini nahi izan nion bikoteari.

 

 

 

Gabezia eta eza

Kazetaria da Gorka, protagonista. Eskultore bati buruzko erreportajea osatu behar du eta, nobelan, paraleloan jasoko ditugu Txillida eta Oteizari buruzko azalpenak, eta Gorka zein Martaren arteko harremanaren gorabeherak. Paraleloan doaz espazioa-hustasunari zein amodioa-desamodioari buruzko gakoak. Bata bestearen osagarri edo? Intentzio hori badago ezta?

Oteiza eta Txillidaren artelanen filosofiak bat egiten du nobelako protagonistaren sentimenduekin.  Hutsunea eta espazio mugagabea, protagonistaren sentimenduen adierazle dira. Hutsak eta hustasunak bete egiten dute Gorkak sentitzen eta bizi duen gabezia. Gabezia eta eza.

Amodiotik desamodiorako bidea da nobela gidatzen duen haria. Baina bestelako hari batzuk badira. Beste pertsonaia batzuk ere bai, irakurketan aurrera egin ahala agertuko direnak. ETAren jardunarekin du zerikusia hari horietako batek. Duela bospasei urte, beste kontestu batean bizi ginen. Gaur ordea, ETAren jarduera armatua geldi dagoen honetan, trama hori kontestutik kanpo geratzen da akaso, anakronismo baten gisan akaso?

Nobela hau idatzi zen sasoian ETAk indarrean jarraitzen zuen. Anakronikoa litzateke istorioa gaur egunean kokatu eta iraganean bageunde bezala azaltzea. Hau da, ETA lehen planora ekartzea jada desagertzear dagoenean. Uste dut, bestalde, ETA literaturara gero eta gehiago ekarriko dela, eta bortizkeria politikoak eragindako dramek presentzia handiagoa izango dutela euskal letretan.

Zahartzaroak ere badu bere isla nobela honetan. Gorkak babes bila joko du gurasoengana, baina babes emaile bihurtzen da. Eta hortxe beste paralelotasun bat: gurasoen maitasun “eternala” vs Gorka-Martaren maitasun higatua.

Baztertu samar dituen gurasoenera itzultzea erabakitzen du protagonistak bere burua gero eta bakarrago ikusten ari delako. Eta nahiz eta egunero edota astero haiekin egon ez, atxikimenduak, sentimenduak eta emozioak bere horretan diraute. Sentimenduak ez ditu protagonistak kantitatean neurtzen, kalitatean baizik.

Gainera, ez dut uste babes bila doanik haiengana. Baina egia da babes emaile bilakatzen dela, gurasoek bizi duten dramaren barruan.

 

 

 

“Estilo errakitikoa erabili dut, telegramatikoa

Bakarrizketa moduan idatzia dago nobela. Hautu estilistiko horrek baldintzatuko zuen idazkera bera, ezta?

Bernardo Atxagak esana da lehen pertsonan idazteak askatasuna kentzen diola idazketari, edo bestela esanda, motz geratzen dela irudimena. Edo horrelako zerbait esan zuen. Nik kontatu nahi nuen istorioa lehen pertsonan eta bakarrizketaren moldean idatzita sinesgarriago egingo zuelakoan hautatu nuen. Irakurlea bera senti dadila protagonista eta bizi ditzala protagonistaren sentimenduak lehen pertsonan.

Arin doa kontakizuna, eta arin egiten da irakurketa. Dialogo gutxi dago, baina esaldi laburrak dira nagusi. Burura bezala, paperera ere flash moduan eraman dituzu Gorkaren burutazio asko, ezta?

Burutazioak, hausnarketak, sentimenduak, emozioak ahoz azaltzen ez direnean, buru ganbaran hara eta hona dabiltzanean egiten duten ibilbidea laburra izan ohi da. Telegramatikoa. Eta estilo errakitiko hori erabili dut, literatura ohikoaren erretorikatik urrunduta. Floritura literario gutxikoa, egia esateko.

 

 

 

“Nobela honek ibilbide luzea izan du

Helduentzako beste bi nobela dituzu aurretik idatziak: Ni naizen hori (Txalaparta, 1992) eta Amaren begietan (Autoedizioa, 1995). Hogei urteren bueltan itzuli zara helduentzako nobela batekin. Zer dela eta horrelako parentesia?

Eroso sentitu izan naiz haur eta gazteentzako ipuinak eta nobelak idazten. Ez da nahita aukeratutako hautua izan. Horrela etorri da. Eta uste dut bide horretatik jarraitzeko asmoa ere badudala, nahiz eta orain esku artean dudana helduentzakoa izan. Baina badut beste nobelatxo bat idatzia aspaldian, haur-gazteak protagonista direnak.

Erein argitaletxearekin plazaratu duzu Ezpainak arrainak bezala izeneko liburu berria. Poztekoa izango da itzultzea. Eta itzultzekotan, Erein bezalako argitaletxe batekin itzultzea.

Sona eta prestigio handiko argitaletxean liburua argitaratzeak harro sentiarazten nau. Eta uste dut ate bat baino gehiago zabaldu dizkidala Ereinen argitaratzeak. Oso jende jatorra ezagutu dut bertan, eta eskertuta egon behar derrigorrean, jakina.

Prentsaurrekoan aditzera eman zenuenez, luze jo du liburu honen argitaratzeak. Eta esker oneko azaldu zinen Inazio Mujika Iraolarekin. Idatzi eta argitara eman den arteko epean, zein neurritaraino izan da erabakigarria editorearen lana?

Nobela honek ibilbide luzea izan du. Beste proiektu handiago baten atala da. Baina molde honetan uztea erabaki eta Inaziori bidali nion. Artean Alberdania argitaletxea bizirik zegoen eta Inaziok agindu zidan bertan argitaratuko zutela nobela. Baina bizitzak eta krisiak eta abarrek Inazio beste lantoki batera eraman zuten lan egitera. Eta nire liburua eraman zuen besapean. Liburu hau ez zatekeen argitaratuko Inaziogatik izan ez balitz.

Haur eta gazte literaturan aritu zara azkenaldian. Erritmoarengatik, istorioa kontatzeko erabili duzun narratibarengatik, gazteentzat ere izan zitekeen nobela hau, edo ez?

Inaziok berak esan zuen liburuaren aurkezpenean: gazteek irakurtzeko moduko liburua da. Gazte literatura helduek irakurtzen duten moduan irakur dezakete gazteek helduen literatura. Nobelan erabilitako idatz moldeak lagundu ahal du horretan, jakina.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta