Idazleak - Kanko Ispizua Hormaetxea - Laginak - IBN -EL KAYIN (Bigarren zatia)(Guda Kantuak)

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Kanko Ispizua Hormaetxea > Laginak

Poesia

IBN -EL KAYIN (Bigarren zatia)(Guda Kantuak) | 1987


I

ERRESINULA lausoak iluntzeko eguzkipean gal-gal
LUEBAKIKO ibarrean itota; gudari hilotzaren arnasak dino
INFINITOAN sinesten duela
ETA ez duela zerurik espero morteroen metraila zenbagaitzean.
ASAO harearen txintak, profetaren xuxurla;
HAREA moreak, hilotzen oinez lorratz gabetuak.
TXINTA, oilaritean almuezinak buruz dinona,
OSTARGIETAN zehar kehe lez aideratuaz,
INGURUBILA.


II

Goizeruan da hegalada, argizariaren lorratza aitzin,
haize mehez orraztuz
egunabarreko alondraren
iparzelaietako dostatzean.

Goizero nabilkio begira, gaubela ondorengo amets,
keheadar hotzetan eta ortzemugako urrutiko harian
mailadiak
marraztuz.

Goizargiak astintzen ditu
lomusuak gudazelaiko hegiotan
igurtziz. Bitartean heriotzak
leun urrupatzen dakizkio erraiak
datorren egunari.

Goizlore uzta batzera dator
andaria galbahean arnasa bahetuaz.
Eta zugana daroaz, Harrar.

III

Gaio idorra. Pikondopeko gerizpe
arrakalatua.
Lurraren hiletari beltzak.
Egarri da eta ez gose,
zeru-ustaipeko errobera erromesa.
Mortuko hondar gotorrak,
gaioak, garaunez garaun
ozeanoa iragaz baleza!.
Aoristoen arro malkorrak
setiaturik. Ezin eutsirik
airearen hari meheak,
kehe boladen jario.
Errobera arrez garraio garrasia,
eta hareatako runak, egarriaren gordailu,
industu dira. Gordailu iharrak.

IV

Begira egiok, begiratu,
ortzemugan deken
marra hari.
soldadu berri horrek!.
Eta ez egiok begirik ken!
Begiok lausotzen bazaizkik ere,
hantxe egon behar duk
eta ez egiok begirik ken!
Jakin egik hantxe dekela,
ortzemugapean beti.
Hantxe jaio izaten dituk balak,
Moises-en marra ikustezinak
marraztuz.
Horiek ere ikusiko dituk
inoiz; sugeak legez narrazten
zakitek, hireganantz.
Begira egiek aurrez aurre,
ez egiek damurik izan.
Hiltzen bahau marraren batek,
begira egiok
heriotzaren beldur bait dituk.
Eta ez egiok begirik ken
soldadu berri horrek;
heuk zaurietatik begiratzen duk eta.

V

Ahaztu egin nauzu Harrar, eremu ihar honetan.
Ahaztu.
Moises-en arkitektura ikustezinez janzten diren mugotan

(Harmaz errunuko marrak, haizearen dostatzeko)
Ibis oihukarizko zeru gorriak.
Argizagi gorriak, zeruko faru,
fedegabekoen higitai amozgabeak;
odol-tintaz izan denaz izkiriaturik.
Moises-en arkitektura apurkorrak

infinitorik maite ez dutenak,
odolak iragazten dakitenak.

Eta gauez, jagoleen opari, zarraldoa doakizu
doluminez jantzita, Harrar.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta