Idazleak - Julen Gabiria Lara - Laginak - Han goitik itsasoa ikusten da

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Julen Gabiria Lara > Laginak

Narratiba

2004 Han goitik itsasoa ikusten da | Elkarlanean


Goizeroko lehenengo lana, Liviarentzat, gurdia kantinaz kargatzea da. Lehenago, oraindik ilunetan, Di Ruggeroren beste langileren batek behiak jetzi eta kantinak prest uzten ditu, eta Liviaren txanda da orain, lehenengo printzekin. Beraz, kalera irteten denean, ia igarri ere ez zaio egiten, printzen artean beste printza bat.

Astoa jartzen du gurdiari tiraka, eta badoa.

Di Ruggerok uniforme bat jarri zien bere langileei aspaldi, artean hiru langile baino ez zituenean. Emakumeentzako bat eta gizonentzako beste bat. Toskanako arropa tipikoak edozelan ere: gizonek galtza bonbatxo urdin biziak, belaunen azpian estu lotzen direnak, hankak bordatutako galtzerdiekin estalita. Goian, alkandora zuria bordatu gorriekin, figuratxoak eta irudi geometrikoak, gehienak gorriak edo urdinak. Buruan kapela, lastozkoa.

Emakumeek gona beltz luzea eraman behar dute, ia lurrerainokoa, soila baina elegantea, aspaldi batean igandetako arropa izango zena Toskanako nekazarientzat. Eta atorra, gizonezkoenaren antzera, zuria baina figurarik bakoa, eta gainetik mantelina koloretsu bat, zetazkoa, apur bat zailtzen duena esnea banatzearen lana, baina koloretsua azken batean.

Eta badoa, astoa jarrita gurdiari tiraka. Eta Ponte a Emako txokoetan galtzen da, atarietan topatzen dituen ontziak betetzen.

Gogo bereziz uzten du esnea Ginoren etxeko atarian, beti besteei baino apurtxo bat gehiago, eta poztu egiten da entzuten duenean karreraren bat irabazi duela munduko bazterren batean, bere esneari esker.

Entzuten duenean, edo zuenean, ze aspaldi da karrera inportanteen partez gerra baino ez dagoela, esate baterako Parisen edo Milanon, Maes-ek 1939an irabazitakoaz geroztik ez dagoelako Tourrik, eta azken Giroa Coppik irabazitakoa izan zelako 1940an. Batek daki noiz arte, pentsatzen du Liviak, igual sekula betiko, ze ez dakizu gerrak ze kapritxo izango duen bihar edo ze eskutatik ze eskutara pasatuko den gure etorkizuna, edo berdin balioko duen pertsona baten biziak bihar, edo akaso gutxixeago, edo nire biziak zureak baino zenbat gehiago edo gutxiago, edota, sinple-sinple, ez dakizu karrerarik egongo den gehiago, karreristek errurik ez duten arren eta zuk ere ez duzun arren, baina igual ez da karrerarik egongo edo zure biziak gutxiago balioko du. Liviak ez daki, ez du ur handi horietan sartu nahi, baina kalean sarri entzun du hau dena laster amaituko dela, amaitu behar duela, derrigor. Badirela urte batzuk gerra hasi zenetik, eta badela ordua. Jendeak dio, gauez eta irrati-emisore urrunekoetan entzunda, aliatuak etorriko direla, sartuko direla ingelesak itsasoz eta amerikarrak airez, suntsituko dutela suntsitu behar dena, eta ukitu barik utziko dutela Ponte a Emako plaza, zubia, monasterioa eta Italian dauden beste gauza on guztiak, eskulturak barne. Eta Livia ametsetan hasten da eta pentsatzen du amerikarrek, hegazkinetik, botako dituztela pelikulak, bobina handiak airean Lucak har ditzan, arrastietako pelikula italiar txar horien partez. Egia balitz.

Jendeak hori esaten du, baina inork ez daki benetan aliaturik datorren eta, baldin badatoz, hain bonba harrigarriak ote dituzten, etsaia nor den bereizten dakitenak. Eta, beraz, bonbek ez badute bereizten faxisten, ezkertiarren eta Michelangeloren eskultura baten artean, orduan ezin da jakin etsaia etxean dagoen ala kanpotik datorren, ala biak diren etsaiak eta bietako inori ez zaion asko inporta bonbetatik ihesian ibili beharko duen jendea.

Esaten dute, halaber, Mussolinik ez daukala lehengo indarrik, eta igual alderditik botako dutela, partidu barruan ere jendea kontra omen duelako. Ez daki. Liviak ez daki hainbeste. Berak dakiena da Ginok ezin duela Tourrik ez Girorik irabazi, bere familiaren berri ez duela izan azken urteotan, eskalatzaile izandako faxista boteretsu batentzat ari dela lanean eta abizena aldatuta duela, Livia Scola, eta ezin du burutik kendu bera Livia Bucova dela, eta ez du burutik kendu nahi ere, ohore apur hori delako haurtzarotik geratzen zaion gauza bakarra. Hori, eta begi marroi eder bi.

Liviak pentsatzen du:

Ni Parisen biziko banintz, deituko nintzateke Livia Bukovina, eta dantzari errusiarra izango nintzateke. Paseatzera joango nintzateke lurreraino heltzen den gabardina batekin, eta Sena ibaian bustiko nituzke hankak. Hori, baletarekin funtziorik izango ez nuen egunetan, hau da, astean lau aldiz; ze ostiral, larunbat eta igandeetan dantza egin beharko nuke, soineko eleganteekin eta pitxi garestiekin ni ikustera joango ziren emakumeen aurrean. Gizonen aurrean ere bai, baina ez nintzateke hainbeste fijatuko, ez dituztelako eramaten holako galak soinean. Baletera doazen gizonetatik gehien gustatzen zaidana da gero loreak bidaltzen dizkizutela kamerinora.

Liviaren eguneroko bizitza, ordea, urrun dago Senan hankak bustitzetik. Ginok erakutsitako postaletatik ezagutzen du Paris: Eiffel dorrea eta Trocaderon izozkiak dituen postu bat, aurrean ume bat duena gose-aurpegiz izozkiei begira. Livia Parisera eraman dezakezu begiak zapi batekin estalita, eta postu horren aurrean utzi eta begiak biluztu. Baina umea ez badago, ez du lekua ezagutuko. Eta hori da Paris Liviarentzat: Eiffel dorrea eta Trocaderoko postua umearekin, eta Ginok Tourra irabazteko erabili zuen herria.

Bestela, mundu askorik ez du ikusi, ez bada Lucaren arrastietako pelikula txarretan. Baina hor agertzen denari ezin zaio mundua deitu, pelikula horiek ez dira-eta Aostatik gora irteten, ez Calabriatik behera.

Batzuek esaten diote aldatzeko bizimoduz. Aggiok, esate baterako, Aggio Montanok, okinak, esan dio gaur:

-Zatoz nirekin, neska! Ederto biziko gara.

Liviak besoak pitxartu ditu, eta erantzun dio:

-Eta ze balet klase egin behar dut zurekin, Aggio? Parisen biziko bazina sikiera...

-Egun osoa dantzan pasatu nahi baduzu ere, ni pozik.

-Eta zer egingo dugu? Ogitik bizi? -gurditik kantina bat jaitsi eta Aggioren ontziak bete ditu-. Ze, orduan beste neskaren bat etorriko litzaizuke goizetan esnea partitzera, eta berarekin maiteminduko zinateke, eta nik ez dut nahi holakorik.

-Ez nintzateke maiteminduko -erantzun dio Aggiok.

-Apur bat seguru baietz.

-Ezta apur bat ere.

-Apur-apurtxo bat sikiera?

-Ez.

-Eta neskak irribarre egiten badizu?

Aggio zalantzan geratu da.

-Ikusten? -esan du Liviak-. Maitemindu egingo zinateke!

-Zurekin baino gutxiago -erantzun du Aggiok, eta ogitxo bat oparitu dio Liviari.

Liviak erditik moztu du, kontu handiz.

-Gaur ere gerezi bakoa? -galdetu dio, etsita.

-Baina maitasun handiz egindakoa -erantzun dio Aggiok-, bereziki zuretzat.

-Niretzat eginda eta gerezi barik? -haserretuaren plantak egin ditu Liviak.

-Egunen batean goizago altxatuko naiz eta prestatuko dizut ogi bat hiru gerezikoa.

-Bostekoa.

-Zazpikoa.

Liviak irribarre egin du.

-Egun horretan berriro galdetu zurekin bizitzen joatearena -esan dio, Aggiok emandako ogitxoari haginka eginez.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta