Idazleak - Juan Ramon Makuso Mujika - Laginak - Bizitzeak hil egiten du/Hiri gorazarre

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Laginak

Poesia

2004/2006 Bizitzeak hil egiten du/Hiri gorazarre | Ediciones Beta/Elea

BIZITZEAK HIL EGITEN DU(Ediciones Beta, 2004)

Barneko samindurak.

Urak
eskuetatik ihesi.
Eta bizitzeak hil egiten du.

Munduratuak.
Eskuak

ez dira heltzen.
Eta bizitzeak hil egiten du.

Zalantzak, zalantzak.
Argituak

ez dira niretzat.
Eta bizitzeak hil egiten du.

Oinazea

Nire hezurren orrazea.
Lurra ez da hezea.
Zelaiaren umelak
nire bihotzeko ezti errea
lasaitzen du.
Begiratu eta nozitu.
Zipriztindu, egiten du
sabelean ostatu ezin harturik dabilen janariak.
Zurean, zurekin, elkarrekin eta inorekin
izan gabe, zorion izateko beta nahi dut.
Izanda, ez zinateke izango
nire kide
ez eta solaskide.
Ahaide, bidaide,
haizeak urratzen zaitu
nire albotik inguratzen zaren bakoitzean,
artean gurea ez zarelako.
Bitartean gauaren morrontzaz jabeturik
besoek luzatzen didate beraien beroa
zu aldenduz.
Noiz arte? Lekurik ez zuretzat,
biok elkartu eta heldu bitartean.

Aurkitu arte

Urrunetik pausoak
poliki doaz
gerturatuz.

Begiradak zutabe moduan
bata bestearen parean
luzatuz.

Elkarrizketa luzeak eraikiz,
sakonak dira mezuak
elkar ulertuta.

Orain arte galduak?

Nora eza

Ustezko bideak, urak
eraikitzen ditu.
Hostoak, haizearen bideak
zeharkatzen ditu.
Maitasunaren beroak, suak
urtzen ditu.
Gizakiaren bidaiak, lurrak
estaltzen ditu.


HIRI GORAZARRE (Elea, 2006)

Denborak zizelkatzen du harria.

Ez dut harrizko aortarik nahi,

ez urik, ez emoziorik mugituko lukeen

harrizko bihotzik.

Belakizko bihotza zu.

Ene haserreak, oihu eta burdinazko laztanak

irensten dituzunak.

Zure bihotza dut siames.

Teknopolisean ezin asmaturik dabiltza

eta ez dute giltza,

bereizteko gure arteko hitza.

-----

Maite duzun hiriak

erraietaraino, hiltzeraino

eramango zaitu.

Bidezidorra etengabeko

zigorra, horra!


Maite duzun hiriak

hari, zuri, hariaren

meheak sortuko dizu

nekea.

Sorterri, ez hiri,

ez dizu emango

udazkeneko orbelaren

epeltasuna.


Hiriak ez direnak, hiria,

niretzat dira, ezinbestean

ene bideko hesteak,

kaleak, eskaleak.

- - - - - - - - - - - - - - - - - - - -

Iraganetik oraina ezkutatu arte

ene Errenteria inorena zen bitartean.

Fabriken ke artean hiria sortzen zen

iraganetik oraina ezkutatu arte.

Manchester txikia handia zen

umearen begi aurrean.

Handitasuna murrizten zen

euriaren sare herdoilduan.

Ez dut odoletan eraikitako kalerik nahi

gorrotoaren ezpalak baino ez direlako.

Argirik gabeko iluntasuna zabaltzen da

gizakirik gabeko kale estuetan.

Ene Errenteria inorena zen bitartean

iraulia geratu zen herriko plazan bildutako

hiritarren izpiritu izoztuetan.

Hiria sortzear dago sororik gabeko eremuetan,

iraganetik oraina ezkutatu arte.

- - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - -

Beltza dario egun eguzkitsuari txoriaren mokoan.

Barraskiloaren etxe ibiltariak beste bizilagun

batentzat ez du ostaturik.

Hiriak ez du etxerik lautadak agertzen diren geltokian.

Oihuak lantuak eskuak izuak

txirikordak dira hatzik gabeko eskuetan.

Izango dira ez diren basoetan

hostorik gabeko zuhaitzetan.

Ez dut irribarre bat

ezpainik gabeko aurpegian.

Diotenez heriotzak ez du leihorik

ateak zabal-zabalik dituenean.


Esan gabe doa esaterakoan

hitzik lerrotu gabe ispilu aurrean.

Ez dakigu nora joan badakigunean

bidearen ibilbidean guri so

hor zaudela bakardadean.

Esadazu baietz ezezkoa duzun begiradan.

Ezbaian utzi nauzu muxuaren agurrean.

Ene malko bakartiak jarraitzen du

zure bizkarraren pasealekua.

- - - - - - - - - - - - - - - - - - - - -

Nahi dut nahi gabe.

Esan nahi dut esan gabe.

Zurekin egon nahi dut egon gabe.

Pentsatu egin dut pentsamendurik gabe

eta ezerezean aurkitzen naiz

izanda ni, gizon, gizon...

oihartzunak talka eginez

gordetzen du hiriko den honen izaera.

Eta hortik dator galera,

egunaren bidaian, ilunabarrean...

gizakiaren akabera erraztuz,

berdinduz niaren hautsa.

Eta hautsa harrotzen da, harrotzen,

nahigabearen indarrez.

Orduan iristen dira joan-etorriaren kulunkak,

kaialdeko txalupen plisti-plasta.

Eta bagoaz kalez kale, hiritik hirira

mundu zabal txiki horretara,

pentsatuz pentsatu gabe

esanez esan gabe

banaiz izan gabe.

- - - - - - - - - - - - - - - - - - - - -

Teilatu gorria ortzian bistaratzen zen

ene ibilbidean.

Amaieran eraikin sendoak besarkatzen zuen

mutikoaren harridura.


Zeruko maparen atariko eskailerek

aurretiko ibilbidea erakusten zuten,

iradokiz organoaren musika solemnea.


Kezko ametsetara atariko eskailerek

eramaten ninduten errealitatezko

margoez zipriztinduz mutikoaren harridura.


Kaleak lainopean ezkutatzen ziren

musika eta jendearekin batera

agurtuz bikotearen maitasuna.


Atariko eskailerak, mutikoaren harridura.

- -- - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - -

Hotzaren egonaldia islatzen da izpiritu bakartietan

elurraren geruzapean.

Heriotzak hartu du ostatu gaztearen harriduran

betierekoaren uste antzuan.

Sinesgaitza biziaren historia izan da

geltokiko muxu lehorrean, besarkadarik

gabeko adioan.

Txoriaren hegoak ametsak astinduz

ase du liliaren egarria.


Zalantzarik gabeko hirian, gizakirik ez!

- - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - -

Argindarrak hiriko kaleak argiztatzen ditu.

Argindarrak aulkiari -heriotzaren ferekak-

gaueko bisita antzezten dio.

Antzerkiaren aulki-patioa biluzik dago

neskatoaren gogoaren antzera

zirkuaren iruzurra begiztatu ondoren.

Elefanteak ez du tronparik

eta hiriko kale-kantoiak kantoirik ezean

gizakiaren burutazio antzuak

txorimaloen besoetan zintzilikatzen dira

eromenaren lantuak antzeztuz.

Belazeetan itxaropenaren kriseilua dut

iparrik gabeko egunsentian.

Gaua da eta neskatoa zirkuaren altzoan

malkoen bakarrizketa du.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta