Idazleak - Juan Ramon Makuso Mujika - Hemeroteka - Solasaldi platonikoa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteka

El Correo

2008-08-02 Solasaldi platonikoa | Javier Rojo

Juan Ramon Makusok “Oraina galdua” izenburuko saiakera argitaratu du, azpititulutzat “Solasaldi platonikoa” duena. Azpititulu hau argigarria da oso, irakurlea aldez aurretik prestatzen baitu, gero irakurriko duena arrotzegi suerta ez dakion. Makusok saiakera labur honetan giza-izaeran sakondu nahi du, pentsamenduan oinarrituta, hasiera batean pentsamendua baita giza-izaeraren ezaugarri nagusia. Ibilbide honetan filosofía izango du lagun, materialismoa baztertzen duen filosofia hain zuzen, giza-izaeraz, eta ez giza-egoeraz, aritzen baita, hitz jokoa zilegia bada. Baina pentsamenduaz aritzen delarik, laster lerratzen da hizkuntzaz aritzera, pentsamendua hizkuntzaren bidez baizik ezin baita adierazi.

Argumentazio honetan beste urrats bat ematen da eta azkenean hizkuntza bera izango da pentsamendua zedarrituko duena. Idazleak adierazten duen moduan, planteamendu honetan sentimenduen lekua zein den ez dago oso argi. Ideien munduan (solasaldi platonikoa da, azken finean) aritzen da, eta gai batetik bestera egiten du jauzi: subjektuaren arazoa, bakardadea, denboraren arazoa, honelako gaiak aipatzen dira, eta idazlea gairik gai pasatzen da batzuetan jarraitzen zaila ematen duen hari baten atzetik. Gauza hauek azaltzeko batzuetan arrazionalista izan nahi lukeen idazkera erabiltzea ezinezkoa suertatzen zaio eta horren ordez metaforetara jotzen du, hizkuntza bere hartan, berak sortutako pentsamendua adierazteko gai izango ez balitz bezala. Beraz, bi sinbolizazio mailarekin topatuko gara liburu honetan, hizkuntzaren sinbolizazio mailarekin eta metaforizaziorako joerak aurkezten duen sinbolizazio mailarekin. Gauzak honela, saiakera bat irakurtzeko asmoa zuen irakurleak ere beste urrats bat eman beharko du bere irakurketan, arrazoia, pentsamendua ez baita nahikoa izango liburuan murgilduko bada. Izan ere, metaforek eta irudiek markatzen duten bestelako bide horretatik abiatu beharko da. Ondorio bat atera daiteke idazkera honetatik: hizkuntzak errealitatea adierazteko dituen ezintasunen aurrean, poesiaren ezaugarria den metaforen erabilerak erakusten du errealitate hori poesiaren bidez hobeto adierazten dela. Liburua, ondorioz, irudiz beterikoa da, zatikatua eta inpresionista, poesiatik hurbilago, saiakeratik baino. Irakurri beharreko liburua da Makusorena, gurea bezalako literatura batean bestelako bideak ere posibleak direla erakusten baitigu.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta