Juan Ramon Makuso Mujika

Juan Ramon Makuso Mujika

Errenteria, 1961.

Donostiako Filosofia fakultatean (Zorroaga) Filosofiako ikasketak burutu zituen. Filosofiako irakasle bezala dihardu Donostiako Bidebieta BHI institutuan. Lezon bizi da.

Ontologiako Nazioarteko Kongresuaren antolatzaile batzordeko kidea da.

Komunikabide ezberdinetan kolaboratzaile lanetan aritu da, hots, Errenteriako Lau Haizetara herri aldizkarian, eta Euskadi Irratiko gaueko hainbat saioetan, hala nola, Atlantida, Morfeoren ostatua eta Ipurtargian, filosofiako gaiak jorratzen zituelarik.

1998an beste hainbat egilerekin batera Besatari argitaletxeak plazaratutako Pentsamenduaren erresistentzia liburua argitaratu zuen.

2004ean Ediciones Beta-ren eskutik, Bizitzeak hil egiten du poesia liburua eman zuen argitara.

Elea argitaletxeak plazaratu dio Hiri gorazarre, bere bigarren poesia liburua, 2006ko maiatzean. Liburu honetaz zera dio Igor Estankona idazleak: "Juan Ramon Makusoren Hiri gorazarrek poesiaren ikuskera berri bat dakarkigula esatea lartxo da, behar bada. Ez da lehen aldia pentsamendua eta lirika bata bestearen zerbitzura jartzeko uztartzen direla, edo poesiaz jantzitako hausnarketa opatzen zaigula. Hala ere ez da sarri aurkitzen Hiri gorazarre moduko libururik. Itzelezko irudietara ohituak, ahaztu xamar izan ditzake euskal irakurleak Makusok proposatzen dituen bideak, eta liburuak dakarren erritmo erregularra".

Atzera