Idazleak - Juan Ramon Madariaga Abaitua - Laginak - Tomate hilak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Madariaga Abaitua > Laginak

Poesia

Tomate hilak |

TOMATE HILAK

Dago aspaldikoa dela adiskideak oparitutako
Extremadurako olio botila handia.

Dago aspalditik erabiltzen duela
marka bereko olio berde bera tomateekin.

Tomate berriak aiztoz ebaki bakoitzean,
aspaldi hitza datorkio burura, zati eta zati.

Aspaldi da ikusi ez duela baina gomuta
diastole sinkronikoetan agertzen da kolpeka.

Amaitu zaio aspaldian zabaldutako olio botila,
eta ez dator tantarik tomateak labaintzera.

Dago gomutak ez direla inoiz ere ezabatuko,
platerean galduko den gatz apurra bezala.

Buruz behera jarri du botila oliontzi gainean,
azken tantaren bat ateratzeko ahaleginetan.

Aspalditik isuri beharreko tanta hori
ez da botilatik inoiz aterako.


IRAKASLEAK

Orain dela hogei urte izan nuen frantses irakaslea
hil egin dela esan didate.
Emakume txikiak,
azentu zirkunflexuarekin bekainetan,
ezpain borobileko letrak egiten zituen,
ahoskera bereziko irriak.
Minbiziak jota hil dela esan dit gaur
hainbeste estimatzen dudan matematikako irakasleak.
Bera depresioak jota dagoela ere esan dit.
Je suis désolé esan du gero negar zotinka
matematikako nire irakasle zaharrak.
Je suis très désolé.


KOLEKTIBOAREN AMAIERA

Arrain gorriak alfonbraren gainean daude,
ito-dantzan olatuen figurak egiten.

Dortokak hozkailurako bidea hartu du,
ezjakintasun itxurako aurpegian aldaketarik gabe.

Katua teilatura igo da eta, hegian jarririk,
ez ditu begiak kentzen irensten duen amiltokitik.

Perikitoak amamaren jostorratza hartu du
eta harakiria egiten saiatu da hirugarrenez.

Labezomorroak sukaldera igo dira eta
su elektrikoaren plaka gainean salto egin dute.

Argik, etxeko txakurrak, hauspo batek bezala usainka,
errekaraino jarraitu ditu urrats ezezagunak

eta hogeita bosgarren bueltan haginka
harrapatu du bere buztan iheskorra.

Jainkoak ezin du gehiago jasan
eta bere buruaz beste egin du auzoko zineman.

Munduaren amaiera datorren seinale,
esan dit aititek etxe aurreko kadiratik.

Nik bizarra egiteko labanarekin jugularra neurtuz
sinestea beste erremediorik ez daukat.


PLATANOA ETA AITITE

Platano mailatuari begira dago aitite.
Orban marroi handiak dituen horietariko bat da.
Okaranez, mandarinez inguraturik dago.
Esku artatsuez hartu du aititek.
Bota hori, aitite, alferrikaldurik dago eta.
Denok begira lotu gintzaizkion
esku artatsu haiekin zuritu bitartean
esan zuen arte:
Ustelkerien barruan muin gozoa izaten da.
Platanoa, barrutik zuri-zuria zen,
untxi larrutu berriaren azala lakoa.


AURRIAK

Sortu zinen hazia,
gurutzaturik duzun izena,
izkiriatu dizuten estrata,
jasaten duzun arnasa,
lantzen dituzun eleak,
ondoan jesarri zaizun bizia,
akuilatzen zaituen sutautsa,
mugatzen zaituzten aurriak,
odolustu zaizun amodioa,
hauskortu diren musuak,
orain aipatu dituzu, behar ez denean,
guztiez arnegatuko baitzara laster batean.

Eta aurriak hitza errepikatzen da
zure ahoaren engranajean.


GANDIAGAREKIN

Zure presentzia,
gabeziaren gabezia,
inondik inora ez doana, dagoena,
harria bezalako argia,
argietan argiena,
ilunpetan ilun basatia,
barruan hain isil,
urrunean hain bortitz,
behar ez dudanean krudel, zimel, herri,
behar dudanean, kareharri, boli, ele.

Erabat geldia nire sutondoan,
hain telurikoa paperean,
nire aberriaren bataioa,
sintagmaren hirugarren dimentsioa,
denok bildu gintuen salmoa,
inoiz ihes egiten ez duen aingeru bakarra,
atzera ezina den bidea,
ez garenaren hondarra,
izango garenaren izangoa,
zure presentzia.


URTUKO DEN MUGA

Ez du ahanzturak atsedenik,
ezta isiltasunak itoko duen nekerik.

Ez du tristeziak bizitzaren zaporerik,
ezta heriotzak urtuko duen mugarik.

Bizitza osoa zu lurperatzeko,
eta ez du denborak nire galera barkatzeko gogorik.


PIZTIEN AMODIOA

Eta honela izan zen.
Hatsalbo jartzen zen burua.
Desoreka zer zen deskribatzen zuten
zangoen mundua urrun zegoen.
Emozioaz Jainkoak beste endelegatzen genuen.
Hura zen benetako amodioa.

Baina errinozeroak zu baino fidelagoak dira,
elefanteak zu baino askoz sentikorragoak,
kide hilak utzi behar direnean
memoria ahaltsu horretan gordetzen baitituzte
negar malkoak,
une haien magia betierekoa.
Eta hori ere benetako amodioa da.


ZIMURRAK

Komuneko ispiluan ikusi ditu ezpainetako zimurrak,
gelan atzo botatako praken zimurrak,
eta gortinaiaren zimur pasiboak,
mahaian herenegun zatitutako tomate helduaren zimurrak,
mesanotxeko kajoian lagatako bertso zentzugabeen zimurrak,
bere sabel dilatatupeko zimurrak dutxa azpian,
bere memorian iragandako une ororen zimurrak
eta ohean, orain,
zianuroari eta zure egonezaren zimur likitsei
dago begira Quiroga.


BESTEON UHARA

Besteon uhara da bilatzen duguna.
Nire burua aurkitzen dudanean ez naiz ni izango,
ikusiko dudan filma beste batek
grabaturik balego bezala ikusiko baitut.
Nire bizitza luzeegia izan da orainokoan
eta ez uztezko punturaino iritsi naiz dagoeneko.
Honaino ailegatzeko itxaroten egon naiz luzaroan
eta atzenduriko irudi pilaketak itoko nau.
Orain entzudazu, azalduko dizut:
Ahanztura gure sentimenduen ukatze ahaltsuena da,
eta hau ez da dokumentaletan agertzen.


BAKARDADEA

Aspaldian Kolonbiako oihal zati koloretsu bat zeneukan
iltze isolatu horretatik zintzilik.
Oihala galdu duzu honezkero baina iltzeak
hortxe segitzen du, horman sarturik,
egarriturik,
inguruari esker.
Jarri ahal diozu beste margolan bat,
Kleerena, Cezzanerena, edo besterik ezean,
aitite zaharraren argazki arrea.
Biluzik dago.
Baina ez duzu zer eskegi,
zer altxatu altura horretara,
zer zintzilikatu,
aspalditik dago dena erorita,
lurrean botata,
mundu akitu bat bezala,
eta iltze horrek, nolabait,
zure ezintasuna berresten du,
modu irmo eta tragiko batean.
Horma guztietan ondo zintzilik dagoena
zokoetan barreiaturik dabilen bakardadea da.
Besterik ez.


KOTOI ZIKINA BEZALA

Kotoi zikina bezala dago ortzia Sestao aldetik.
Ur arrean jaurti ditugu asmo onak
eta orain gizon berriak garela esango dute.
Bost urte zitueneko koadernoak errebisatu ditu Arestik
zaramontzira bota baino lehen.
Marra finez eginiko animalia basatiak
agertzen ziren azalean.
Barruan inperfekzioak.
Bizitzaren kalkulu eskasak, isekak,
laudorioak eta zapuzteak,
garbiketak min eman dio,
zuhaitzaren adar kraskatua sentitu da.
Ia erortzear dagoen adar horrek
ortzitik hurbilago egon nahi du
abaildu baino lehen.
Berlotu sendo.
Bera, ihesaren kontrako hori,
horrela legoke baina
kotoi zikina bezala dago ortzia Sestao aldetik.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta