Idazleak - Juan Manuel Etxebarria Ayesta - Laginak - Eguberri eta gabon ipuinak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Manuel Etxebarria Ayesta > Laginak

Narratiba

1999 Eguberri eta gabon ipuinak | Ibaizabal

Errotari handikia Eguberrietan

Zutik gure Euskal Herri
beti zahar, beti berri
poz pozik eta bakean bizi
Gabon eta Eguberri.


Kristautasuna Euskal herrira heldu berri zegoela, Gorbeia inguruko herri txiki eta polit baten, errotari handiki bat bizi zen bere errota zaharrean.

Urteak joan urteak etorri, zaharkitu eta gauzeztandu egin zitzaion bere errota zahar maitea eta berria egitea pentsatu zuen.

Esan eta egin. Lehenengo, errota zaharrak zeuzkan gauza probetxugarriak aukeratu, gero falta zitzaion beste guztia lortu eta hasi zen errota berri hori egiten handikeriaz beterik.

Behingo baten lortu zuen errota berri hori egitea eta pozik baino ere pozago zegoen lehengoa baino errota handiagoa eta hobea egin zuelako.

Herriko zein albo-herrietako beste errotariek sorots egiten zioten euren errotatxoak ezerezean geratuko ote ziren bildurrez.

Egunak joan egunak etorri, heldu zitzaion errotari handiki horri errota berria martxan botateko eguna. Udagoiena neguari deiadarrez zebilen, beraz, Eguberri aurre aurretxoa.

Harrokeria ez zitzaion falta eta herri guztiari ezeze, beste errotari apal guztiei ere agindu zien bere errota modernoa ikusten joateko gonbitea.

Ha bai zela ikustea! Herri osoa errota berriaren inguruan, beste errotariak ere urruntxutik begira eta erdi-erdian errotari handikia.

Denak ixildu zirenean, errotari handiki horrek hiru-lau berba botateko errotarrizko mahai batera igon eta badino:

-Hemen daukazue aspaldiko partez, inguru guztiko errotarik handiena eta onena.Aurrerantzean ez duzue eukiko zeuon gari eta artoak ehoteko arazorik. Oraintxe, zeuon guztion aurrean botako dut martxan errota berri hau eta badakizute, aurrerantzean etorri denok neure errotara!

Entzuleen artean era guztietako harrerak ikusi zitezkeen. Errotari handikiaren bezeroak pozik, beste batzuk ezbaian eta hirugarren batzuk arduraz ea beste errotari apalekin zer gertatuko ote den pentsatzen.

Handik lasterrera, jaitsi zen errotari handiki hori igonda zegoen mahaitik eta bere errota martxan botateko, anteparako uhatea zabaldu zuen ur-indarra joan zekion errotari. Baina ur hori joaten haziaz batera, krissst-krausssst! zarata berezi bat entzun zen eta errotak zirkinik ere ez!Bigarrenez ere egin eta berdin!

Errotari handikia ez zen ausartzen irugarren intentoa egiten. Zuri-zuri zegoen, zer pentsatu ez zekieka herritar guztien berbaroaren erdian. Berbalotsa ez zen falta ez herritarren artean eta apur bat ixildu zenean gentea, badinotso handik atze partetik beste errotari apal eta zintzo batek:

-Hi, hor eure burua apurtzen egon beharrean, zergatik ez hoa Gorbeia ondoko Supilaur kobara eta Mari Anbotokoari kontsulta eskatu.Inork esatekotan, harexek esango dik zer arraio gertatzen zaion errota berri honi!

-Ba, mutil -erantzun zion errotari handikiak-, hori baino ez baduk joan egingo natzaiok lehen bait lehen eta beren beregi.

Asmo horrekin etxeratu zen ha errotari handikia beste guztiak, harriturik, euren etxeetara zihoazten bitartean.

Gau luzeak asko igaro zituen, baina ez halakorik.Inondik eta inora ere ezin zuen loak hartu.Kanpandorreko erlojuko ordu laurden, erdi eta oso guztiak entzun zituen gauaro larri haretan.

Hurrengo goizean, tertzioz jagi, barausi, hartu zakuto baten biderako jakia, jantzi mendirako soineko eta oinetakoak, aitearen egin errotatik urtekeran eta Gorbeiako bidea hartu zuen.

Bazihoan Supilaur kobarantz, arin joan ere, inori berbarik egiteko adore handi barik.

Mendian gora zela, hainbat artzain, mandazain, egurgin, ikazgin eta gainetiko ikusten zuen ikusi ere baina ez zegoen berbagura errotari handiki hori, harik eta bere barruko ardura kendu arte.

Joan eta joan, halako baten heldu zen Supilaurreko kobaren atakara. Barrura sartu orduko, atseden piti bat hartu zuen, izerdia sikatu eta arnasestua kentzeko.

Nasaitu zenean, zutundu eta astiro-astiro sartu zen sartu ere Supilaurreko koba nagusira.

Ikaraturik zegoen hango harri landuzko mahaiak, urregorrizko tresnak eta apaingarri guztiak ikustean.

Bazter guztietara adi zihoan koba-zuloan barrurantz eta halako baten, handik sakonetik, berba hauek entzun zituen:

-Nor dabil hor?

-Neu nauzu, -erantzun zion errotari handikiak birdurkilik-, urli lekutako errotaria! Eta zu nor zaitut ba?

-Ni? Mari Anbotokoa!

-Ba zeugana nator kontsulta egitera!

-Eseri hor harri landuzko aurki baten eta itxaron, atoan nauzu zeure aurrean!

Errotari handikia jezarri zen eta, esaneko moduan, berehala plantatu zitzaion Mari Anbotokoa bere ondoan.

Andre zoragarria zirudien, ondo jantzita, uleak ondo orraztuta, narru-azala urdin-urdina eta berbaikuna gozoduna.

Mari Anbotoko horrek, sagardoa atera zion mahaira urregorrizko basu baten eta errotariak, ohitura zukanez, "Jesus" esan eta tragu bat egin zuen.

Errotariaren harridura eta ulertu ezina ikustean, badinotso erdi irribarrez Mari Anbotokoak:

-Ez hadi ikaratu! Kristo jaioz gero ez ahainbeste baina aurretik herritar asko etorri izan duk hona, nigana, kontsulta eskatzera. Beraz, nasai! Zerk hakar hona hain estu eta larri?

-Ba, hara, errota berri bat egin berri dut eta martxan botaten joan naizenean, krissst-krausssst! entzun ondoren zirkinik ere ez dit egin eta berorrengana nator kontsulta eske!

-Errota esan didak? Bolua izango duk!

-Bolua berba zaharra da, orain errota esaten diogu.

-Tira ba, baina, martxan bota aurretik kristau-ohiturako bedeinkazinorik edo errezurik bota diozue?

-Ez ba!

-Ba, begira -erantzun zion Mari Anbotokoak-, hori errota berri hori deabruak zeukak lotuta eta martxan bota eta behar den moduan ibiltea gura baduk, urli lekutako komentuko abadeak bedeinkatu egin behar dik Gabon eguneko gauerdian, gaueko hamabietan.

-Gabon egunean? -zirautson errotariak-, Ba Gabonak gaine gainean ditugu, oraintxe gabiltza gabonkariak prestatzen egun handiok ospatzeko!

-Holan baduk hobe, arinago lortuko duk errota berria martxan imini eta Gabon-ogietarako garia ehotea. Orain joan hadi bake bakean eta hurrengorako badakik zer egin.Ni neu hemen geratuko nauk kristau-aroan ez bait zeukat potererik, baina zuok ospatu zintzo-zintzo eguberri kristautuak.!

Errotari handikiak eskerrak eman zizkion Mari Anbotokoari eta kobazulotik atzerantz urtenez, etxerako bidea hartu zuen.

Gorantzean baino beherantzean adoretsuago zegoen errotari handikia eta zantzo batzuk ere bota zituen pozaren pozez.

Errotara heldu zenean, inori ezer esan barik, jantzi domeketako soinekoak, hartu zalpurdia eta Mari Anbotokoak esaneko komentora abiatu zen.

Aida, aida! esanda bizkortzen zituen zaldiok eta bazihoan bideak betean herriko gente guztia adi utzita.

Komentora iritsi zenean, saltu bat egin bere zalpurditik eta komentoko ateko kanpatxoa jo zuen eta abadea eskatu.

Etorri zitzaion abadea eta errotari horren urduritasuna ikustean, ezbehar gorriren bat gertatu zelakoan edo badinotso:

-Zer Jaungoiko gertatzen da ba hain estu eta larri etorteko?

-Zer gertatzen zaidan? Ba, aditu: Errota berria egin berri dut eta Mari Anbotokoaren esanetatik, deabruak dauka lotuta errota hori eta martxan botateko komento honetako abadearen bedeinkazinoa behar dela jakin dut.

-Tira ba -erantzun zion abadeak-, gaur Gabon bezpera dugu eta bihar joango natzaizu Gabon gaua zeuonean egingo dugu eta gauerdiko hamabietan bedeinkazinoa botako diogu errota berri horri.

Halantxe egin zuten. Abadeak bedeinkazinoa boteaz batera deabruaren ikaragarrizko burrrrrrundada! bat entzun zen errota guztian zehar.

Bedeinkazino ostean, trikitin-traukitin! martxan hasi zen mugitu ezinik zegoen errota berria.

Hark errotariak, Eguberri-Gabon ingurumarietako herritarren galgarau eta artagarauak kitantza barik eho zituen. Alde batera bota zituen bere ordurarteko harrokeria guztiak eta herritar on lez biziten ikasi etorkizunean.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta