Idazleak - Juan Luis Zabala Artetxe - Laginak - Bizikleta andregai

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Luis Zabala Artetxe > Laginak

Narratiba

2003 Bizikleta andregai | Berria

Bizikleta andregai

Ez zen Eddy Merckxenaren modukoa. Ez zen karrerakoa, ez zuen kanbiorik, eta koadroa ere ez zuen triangelu formakoa, u baten tankerakoa baizik. Baina bizikleta harekin Urrategiraino gelditu gabe igotzea lortu nuen, arnasestuka azken maldetan baina ondo, oso gustura, Eddy Merckx Mont Ventouxko etapa gogoangarrian bezala.

Gure etxepeko laugarren pisukoen etxean haien lehengusina bat zegoen egun haietan, udako oporrak pasatzen. Aintzane zuen izena, Elgoibarkoa zen eta bederatzi urte zituen, nik baino bi gutxiago. Ile luzea zuen, gorputz argala, eta irri egiteko modu berezi bat, bihurria baina samurra. Nik ezin nuen Aintzane burutik kendu, baina ez nintzen berarekin hitz egiten ausartzen.

Behin ni, beti bezala, bizikletarekin etxe atarian gora eta behera nenbilela, aurrean jarri eta "Ezetz harrapatu" esan zidan Aintzanek, bere irri paregabe hura erakutsiz. Nik harrapatzeko keinua egin eta gero aldamenera jo nuen, ez harrapatzeko. Zirrara handia eragin zidan Aintzaneren ateraldi hark, baina gero ez nekien zer gehiago egin harengana hurbiltzeko. Lotsatuta, urduri, beheko auzora joan nintzen bizikletan ibiltzen jarraitzera. Nik uste dut berak ere nahi zuela nire adiskide egin, baina nik ez nekien nola hurbildu berarengana, eta izua nion haren aurrean zer esan eta zer egin jakin gabe gelditzeari.

Nire esna-ametsetan Aintzanerekin Urrategiko igoeraz hizketan irudikatzen nuen neure burua. Nire kirol balentria guztiak eskaini nahi nizkion, baina ez nekien nola.


Urrategiko aldapak nire jaiotetxe atarian du hasiera, baina Azkoitian badira Urrategiren gisako beste hainbat mendi-auzo, errepide aldapatsu baten amaieran kokatuak. Urrategi bezala igo nituen haiek ere, oinak pedal gainetatik kendu gabe: Kukuerri eta Xuxula Urrategi baino errazagoak dira; Madariaga, Elosu eta Martittek, aldiz, aldapa gogorragoak dituzte. Baina haietan ere nire borondatearen egokortasuna nagusitu zen.

Bizikletari lotutako amets eta ekintzetan aurrera egin banuen ere, Aintzaneren adiskide izateko bidean ez nuen gisakorik lortu. Gainera, aldameneko auzoko mutil koadrila bat hasi zen gure atari aldera etortzen, ohol-gazteluetan jolasteko aitzakian baina, benetan, Aintzanek erakarrita nire ustez.

Mutil haiek ni baino trebeagoak ziren neskekin harremanetan. Aintzaneri eta Arantxari -gure etxepeko laugarren pisuan bizi zen Aintzaneren lehengusinari- adarra jotzeko trikimailu guztiak erabiltzen zituzten: ohol-gazteluetara harriak igo eta handik harrika hasten zitzaizkien batzuetan, txokoren batean ezkutuan gorde eta bat-batean oihuka eta espantuka agerturik sekulako sustuak ematen beste batzuetan... Ez dakit orain nolakoak diren, baina garai hartan horrelakoxeak izaten ziren neska-mutilen arteko gorabeherak.

Nik, besterik ezin eta, bizkletaren eskulekuari heldu nion tinko, Aintzanerengana iristeko ahaleginik eraginkorrena bizikleta gainean aldapa gogorrei aurre egitea balitz bezala. Banekien ez zela hori biderik zuzenena, eraginkorrena, baina modu lauso, zehazkabe eta inozo batez pedalkadaz pedalkada Aintzanerengana hurbiltzen ari nintzela sinesten nuen, edo sinetsi nahi behintzat, eta borondate tinkoz jarraitu nuen nire bizikleta ibilaldietan mugak urratzen.

Elgoibar, Aintzaneren herria, Azkarateko gaina pasa eta handik behera jaitsita dago. Azkoitiko auzo guztiak behin baino gehiagotan igota nituen eta pentsatu nuen jauzia egiteko unea zela. Beldurra ematen zidan, ordea, bizikletan Elgoibarraino joateak. Haraino iristea ez zen zaila, Azkarateko igoera menderatua bainuen, baina Azkaratetik Elgoibarraino jaitsiz gero, handik berriro Azkarateraino igotzeko gauza izango al nintzen? Ez al zen gehiegi izango?

Bazkalondo eguzkitsu batean ekin egin nion bideari. Zirrara handia sentitu nuen Azkarate gainetik pasa ondoren Elgoibar aldera jaisterakoan. Elgoibar, garai hartan, oso herri urruna iruditzen zitzaidan. Azpeitira, Zestoara, Zumaiara eta Urretxu-Zumarragara iritsia nintzen nire ibilaldietan, baina Elgoibar, herri horiek ez bezala, Azkoitia inguratzen duten mendien bestaldean dago, lur bat haratago. Elgoibar beste mundu bat zen. Eta Aintzaneren herria!

Gogorra da Elgoibartik Azkarateko gainerainoko aldapa, eta oso larri ibili nintzen azkeneko kilometroetan, baina, egoskor, lortu nuen hura ere hanka lurrean jarri gabe igotzea. Neure kabuz Elgoibarraino iritsi izanaren poz beteak hartua jaitsi nintzen Azkaratetik Azkoitira.

Biharamunean, nire balentriak animatuta eta, besteetan ez bezala, Aintzaneri zer esana banuela iritzita, bizikleta Aintzaneren aurrean gelditu eta hitz egitera ausartu nintzen.

-Ba al dakizu noraino iritsi nintzen atzo bizikletan?

-Bizikletan? Noraino?

-Zure herriraino, Elgoibarraino.

-Nork esan dizu hori? -erantzun zidan, bere betiko irri ederra agerian-. Ni Markinakoa naiz, eta Elgoibar, gainera, ez zait batere gustatzen. Elgoibarra eskolara baino ez naiz joaten.

Ez nekien zer esan, baina ez nuen beste ezer esan beharrik izan, aldameneko auzoko mutilek eten baitzuten solasaldia.

-Begira, begira, Aintzanek nobioa zaukak -esan zuen irriz mutiletako batek.

-Nobio karrerista! -gehitu zuen beste batek.

Aztoratuta alde egin nuen handik. Atzera begiratu nuenean, aldameneko auzoko mutilak Aintzane eta Arantxarekin hizketan ikusi nituen. Harrien eta sustuen bitartez, adiskidetasun patxadatsuago batera helduak ziren, itxuraz.

Elgoibarren egona nintzen inoiz, gurasoekin, baina Markina ez nekien ezta non zegoen ere. Mapa bat erosi nuen. Elgoibartik Markinara joateko beste mendate bat pasatu behar dela irakatsi zidan mapak: San Migel; eta, guztira, Azkoititik Markinarainoko joan-etorriak 48 kilometro inguru dituela, Azkoititik Elgoibarrarainoko joan-etorriak halako bi.

Beldurrez ekin nion San Migelgo igoerari, baina, zorionez, uste baino samurragoak ziren aldatzak. Gainera iritsitakoan Bizkaian sartzen ari nintzela erakutsi zidan kartel berde handi batek. Zerua gero eta ilunagoa ikusteak zalantzak piztu bazizkidan ere, Aintzaneren herritik hain gertu ezin nuela amore eman pentsatu eta aurrera egin nuen. Kezka handiz baina zirrara sarkor batez jaitsi nintzen handik Markinara. Dena zen berria, dena zen misterioa, ez nekien zerekin egingo nuen topo hurrengo bihurgunearen ondoren. Markinara iritsitakoan, etxetik 24 kilometrotara nengoen, aski nekatua ordurako, hodeien mehatxu gero eta nabarmenagoak estutua. Geroztik Parisen, Berlinen, Xauenen, Liman eta beste hainbat lekutan egona naiz, baina uste dut egundo ez naizela Markinara iritsi nintzen unean bezain etxetik urrun sentitu, ez sentituko ere honezkero, joaten lekura joaten naizelarik ere.

San Migelera baino lehen hasi zen euria. Etxera iristea beste ametsik gabe eragin nien pedalei, masailan behera euri tantoak eta negar malkoak nahasten zitzaizkidala. Irrist egiteko beldurrez jaitsi nintzen San Migeldik Elgoibarra, eta Elgoibartik Azkaraterako igoera izugarri neketsua egin zitzaidan, amaiezina. Neka-neka eginda eta hoztuta iritsi nintzen etxera, dardara batean. Errieta gogorra egin zidan amak ("Zu ez zaude burutik sano!"), baina ez nion esan noraino iritsia nintzen.

Biharamunean ezin eman izan nion nire balentriaren berri Aintzaneri, familiarekin batera Markinara itzulia zelako, Arantxak esan zidanez. Aldameneko auzoko mutilak ere ez ziren gehiago agertu gure atari aldean. Arantxak ez zuen Aintzanerenaren moduko ile luzerik; eta, batez ere, Arantxa ez zen kanpokoa.

Aste bereko egun batean, eguraldi askoz hobez, berriro egin nuen Markinarainoko bidea, han akaso Aintzane ikusiko nuelako esperantza inozoak animatuta.

Bidean, Elgoibartik San Migelera igotzen ari nintzela, eskolan aurreko ikasturtean irakurri genuen ipuin bat etorri zitzaiadn gogora. Ipuinean, dagoen tokitik lasterka abiatzen bada, ibiltzen dituen lur guztiak berarentzako izango direla agintzen dio deabruak nekazari bati. Laster egin eta laster egin, lur sail handiak igaro ondoren, lehengo tokira itzultzen da nekazaria, akituta, leher eginda, hilzorian. Hil baino lehen, lurrean egindako zulo txiki bat erakutsi eta "Hauxe da behar duzun lur guztia" esaten dio deabruak.

Ipuineko nekazariak bezala, nik ere, neure bizikletan pasatu ahala inguru haiek guztiak, errepide zatiak, bidegurutzeak, mugarri eta seinaleak, bide ertzeko nahiz haruntzaxeagoko baserriak, baratzeak, pinudiak, sagastiak, gereziondoak, zelaiak, errekazulo eta muinoak, denak neure egiten nuela sentitzen nuen, barruraino neure. Baina, ipuineko nekazaria ez bezala, neure goputza kontrolatzeko gai nintzen, etxera onik eta osorik iristeko gauza, nire bizikleta fidelaren laguntzarekin.

Ez nuen Markinan Aintzane ikusi. Baina hurrengo egunetan ere bizikletan inguruko eta ez hain inguruko herrietara eta auzoetara joaten jarraitu nuen, bizikletaren eskulekuari estu atxikia. Neure egin nituen Eibar, Deba, Zarautz, Andoain, Tolosa, Beasain, Arrasate eta horien inguruetako auzo eta herri txiki eta handi, mendate eta errekazulo, baso eta zelai, errepide eta bazter guztiak, gaur egun ere, Markina bezalaxe, halaxe sentitzen ditudanak, barruraino neure.

Ez nuen Aintzane gehiago ikusi, ez uda hartan eta ez geroago ere.

Behin lagunartean neska kontuetan ari ginela, ea nik andregairik banuen galdetu zidan lagunetako batek. Lotsaturik, ez nekien zer esan, baina ez nuen ezer esan beharrik izan.

-Honen andregaia bizikleta duk -esan zuen beste lagun batek.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta