Idazleak - Juan Luis Goikoetxea Arrieta - Laginak - Uso zuria

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Luis Goikoetxea Arrieta > Laginak

Narratiba

Uso zuria |

Uso zuria

Urruma etenik, haretxudi magaltsutik iheska doan usoak, durditurik dauka ehiztari leberra. Orri urruak hain bizkor kolpatzean, ene! mutu batez loturik utzi du. Hegalada gartsuz zeru urdineko aire leuna irekiz doa. Erreakzio-hegazkina pistan gora. Zeru gailurretik, jirabira pausatuz, zorrotz miatzen du baso txikia.

Nora hoa ehiztari?
Lau txori
eta eurak eri
zeruan ez da ia
besterik ageri.


Abar feroso artetik, ehiztari kuzkurtua, hari so. Urratsak neurtuz higitzen da goroldio apatzetatik. Eskopeta fermuki du eusten, oraingoan. "Hegalari orok ez duke astrapalatsu horrek bezainbat zori. Bat libertatean..., ehun ene gerrian. Ez al dut bitan hegazti berberaz topo egingo!"

Eguzkiak, lainoek uzten dioten tarte koadratutik bero argiz jotzen du lur berdexka. Usoa gora eta gorago. Zein errez uso zuria argitara! Bitsezko lainoek orientabidea ixten diote Atzo ere itxi zioten. Gaur sekulako haritz tantaian atera du burua hegalpetik. Ez zekien gure usoak gizakumeek zibilizaturiko lurretan aurkitzen zenik.

Ehiztaria makurturik dabil, gerizperik gerizpe, itzalkoi. Baso hegian estalia aurkitu du. Pinupean ezkutatu da. Hegaldun zuria lasaitu egin du urruntasunak. Txoriak hegaz, zaldiak zutunik atseden hartzeko gai direla! Badaki eskopetaria non ostendu den.

"Orain ez diot beldurrik. Zeru goi honetatik dakusadana begizta baleza, behin, unetxo batez, ez ninduke erailko. Hanka egingo dut lurralde hau ahantz dezadan".

Gorago jo du oraindik, areagotu hegalada. Haizeak hartzen dabil.

Lasterreko neguak hegora bultzatzen du. Inteligentziadun instintuak diotso nora abiatu. Gertu dago. Berotu zaizkio giharrak. Hegazkada zarratua darabil. Badoalaà Ez, ez. Berriz inguruka. Ezin aitzina joan. Ezin gibelerat itzul. Lanbrotu da oskarbia. Eguzkiari itxi egin zaio leihoa. Goibel dira usoaren begi lausoak. Haretxudi berdea, gris. Kolore nabarrak, makal. Usoa ia laino, laino puska bat, baina jira-biraka da ari.

Urterik urtera da
zoriona gurago,
lainoak beti du
zer edo zer gorago.


Hodeitzarrak multzoka datoz. Zabalduz, lodituz doaz. Zuhaitzak altuagotzen ari dira. Buru gaineko tanta eskegien multzoa astun da txoriarentzat. Berez berez beheratzen da. Lurraren arrasean inguratzen dira atzeko laino uholdeak. Larriduraz hegaldatzen da.

Aurpegibera ehiztaria. Tarteka, aho latzean, irribarrea zabaltzen zaio, zabalduz doakio. Usoa ikusten duela uste duzu?

"Halakoetan zuk ez duzu ikusten. Ez dakizu berak nabarmentzen zaituen. Leku estalian gordeko zaizu, pinu edo sasipean. Begieman ote da nigan? Kezka hutsak artegatzen zaitu, ilunetakoak argitakoa".

"Badatoz! Aldran usook! Oraingoan ez da bat. Kartutxo bereziak eskupetaratuko ditut. Bost. Kendurik daukat segurua. Txori txorta honekin bai poztuko dela alaba kuttuna!"

Urtero-urtero etortzen dira
ezkonbidaian gurera,
moko-bilbe joskilez
habia kadukoa atontzera,
eskerturik gure xera
edo, agian, umeen zera,
kolore eta pio
emea eta arra, batera.


Aurtengo kumeak dira, nonbait. Zuzen-zuzen doaz pinadiko hiltegira. Bertoraino heltzen zaizu hegal hotsa. Artze txalapartaz. Gernikako bonbardaketan Laboa.

Seinakako lerro luzeetan hurbiltzen zaizkio. Naturan piztien legea dela nagusi uste dute. Arboladiek bizitza, habia, arnasa ematen dutela.

Ehiztariak begira egotea besterik ez du behar. Berbertan gura ditu. "Laster dira nire begininietan azalduko!"

Uso zuriak ere barruntatu du familiakoen pozkariozko urruma.

"Multzotxoak, bi, sei, hamar, oi! Zer aldra ederra! Badator gure gazteria! Txalapartari, ausarti, odol bero, beti aurrerantz. Lekuz alda, aurrekoa aurrera, behekoa gainera, keinu eta irri zatozte koadrilan. Hegazbide luzeetan elkar hartuz, bata-bestea lagunduz. Goxoa da gero gaztaroa freskatzea!"

Ez da jausten orririk
udaberrian,
ez eta izarrik
egun argian.

Ez da gau bako egunik
lurrean,
ez eta istripu gaberik
bidean.

Ez du galtzen urreak
distirarik,
ez eta amak
bere umerik.

Ez da gelditzen
ibaian urik,
ez eta begian
negarrik.

Ez da galtzen
usorik bidean,
edo bai,
agian.


Murgilune horretan, baina, zirimiri zitalaren tanta bustiek iratzartu dute. Begira! Bihurkada ikaragarriz txirinbueltatuz, ihesari eman dio. Gazteria ehunen ba metrotara dator. Uso zuria zentailotsean da ehiztaria ezkutatu pinadira abiatzen. Beraren sudurreko landarearen puntaren puntan jarri da. Urrumaka, aieru biziz, ehiztaria begira. Parean daukan kanoiaren zulo beltzetik da adi gizonezkoa.

"Hamaikatxo bide zidor zeharkatzetik nator,
zerbait eta ezereza biltzen diren puntura,
bizitza baratuari heriotza txertatzera,
hots, helmuga den abiapuntura."


"Zenbat denbora tiroak jaurtikitzeko! Zaila ote da tramankulu hori? Aldrako gazteak gurako ditu ehiztari horrek"-

"Zeu zara, bai, lehengo uso berbera! Ez dut, ez, hutsik egingo, txorijagole hori! Denok zaituztet hilko! Zeu hasteko!"

Hustu du murderer automatikoa. Bi puntan. Hiruk triskatu egin dituzte kimuak, orriak orbeldu. Luma bustien euria datorkio gainbehera. Uhui!

Gozatsu dario barrea. Hiru metro zabaletan ageri da lumatx hegatsen lumatza. Ehiztaria kantari doa, eskopeta lepoan. Aldra gaztea izutuz aldendu da, ikasiz. Txindor papargorri hau mututzera doa. Zozo beltza lekuko.

Gurako luke usoak jakin
zergatik zaion berari
bakearen sinboloa ezarri
eta ez arranoari.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta