Idazleak - Juan Kruz Igerabide Sarasola - Laginak - Hauts bihurtu zineten

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Kruz Igerabide Sarasola > Laginak

Narratiba

2005 Hauts bihurtu zineten | Alberdania

ORDUAN GAZTETXO NINTZEN, baina joan egin nintzen batzarrera, aitaren debekua ahaztuta; izkina batean egon nintzen. Frontoia mukuru zegoen, inoiz baino jende gehiago bildua baitzen, Gasteizen martxoaren hiruan hil zituzten langileen aldeko greba orokorra prestatzeko. Kabitu ezinik geunden. Guardia zibilak agertu zirenean, frontoiko atakatik irten nintzen, baina jendea makalegi ibili zen, elkarrekin estropezu eginez. Nik "komunistaren bidezidorretik" egin nuen ihes, eta tiroak entzun nituen, kokotean joko banindute bezala. Lasterka baino gehiago, hegan egin nuen, herrenaz batere gogoratu gabe. Bidea utzi, eta belazez belaze itzuli nintzen, baratzeak zeharkatuz; Marroren etxeordearen izkinara heldurik, makurtu egin nintzen. Jende asko topatu nuen baratzetan, sakabanatuta, eta berdin etxeordeen atzean. Nire gordelekutik, guardia zibilak ikusten nituen, beren jeep haietan jendea sartzen; zaurituak ere pilatuta eraman zituzten. Bazterrak miatzen hasiko ote ziren beldur nintzen, eta prest nengoen une batetik bestera lasterka abiatzeko, han inguruan neukan jendeari ihesbidea erakutsiz. Haatik, egun hartan bazuten nahikoa arrantzarik guardia zibilek; jeepak bete-beteta, kabitu ez ziren atxilotuei lurrean etzateko agindu zieten, eta ostikoka ekin. Norbaitek leihoren batetik oihu egiten zuen:

-Hiltzaileak!

Fusilak jaso zituzten, leihoetan ageri zirenei mehatxuka, eta ostikoka jarraitu zuten.

Joan zirenean, ezkutatuta zeudenak lasterka irten ziren, ostikoak hartutakoei laguntzera; etxeetatik ere irten zen jendea. Ni, ordea, hantxe geratu nintzen, ezen, arriskua pasatu zela ikustean, dardarka hasi nintzen, handik mugitu ezinik, harik eta plazan aita begiztatu nuen arte, eskuak buruan zituela, denei galdezka ea ikusi ote ninduten. Orduan, lasterka irten nintzen gordelekutik, eta harengana zuzendu, nahiz eta beldur nintzen hantxe bertan jipoituko ote ninduen, halako disgustua emateagatik; baina ez zidan axola horrek, aita besarkatu besterik ez nuen-eta nahi. Harengana lasterka ikusi ninduenean, berak ere besoak zabaldu zituen nigana. Estu besarkatu genuen elkar, oso estu, inoiz ez bezala. Etxera bidean, hauxe besterik ez zidan esaten: "Kontuz ibili, seme; ez bururik galdu. Kontuz ibili".

GAUZAK ZEUDEN MODUAN, Adela ere une batetik bestera eramango ote zuten beldur nintzen. Jakin behar zuen poliziak, dudarik gabe, zer-nolako familiatik zetorren, zer-nolako jende artean ibiltzen zen, zer-nolako kideak zituen. Zin egin nion neure buruari ezen, baldin eta Adelari zer edo zer gertatzen bazitzaion, Juliok larrutik ordainduko zuela, ziur nengoen-eta atxiloketa haien guztien atzean beraren itzala zebilela, nondik edo handik. Adela eramaten bazuten, neuk eramango nuen aurrean Julio. Banekien Adelak ez zituela inondik ere onetsiko nire asmoak, baina inoiz edo behin zerbait pizten zaio bati barruan, eta, ideiek kontrako bidea adierazten badiote ere, berak ezin du barneko su hori itzali, eta ideiak azkenean grinaren mende erortzen dira. Halaxe gertatzen da, inoiz edo behin.

Arratsalde batean, etxean bakarrik nengoelarik, pistola atera nuen, J ipintzen zuen bala sartu, ispiluaren aurrean jarri, eta bihotzera destatu nuen, eskuaz tinko eutsirik.

-Julio, piztia: iritsi zaik ordua -errepikatzen nuen, kopeta estuturik, irmo-. Iritsi zaik ordua, iritsi zaik ordua...

Ez nuen, haatik, Julio hil beharrik izan, Adelari ez zitzaion-eta ezer gertatu. Aitzitik, albiste ezin hobeak izan ziren: hasteko, Franco hil zen; eta, hurrengo hilabeteetan, jende ugari irten zen espetxeetatik.

Julio, berriz, bere maisu-etxean sarturik egoten zen, eta, noiz edo noiz irteten zenean, tabernara joaten zen zuzenean, baina ez lehen eramaten zuen itxura ttentte eta begirada harroarekin. Inondik ere, beldurrez zebilen, edo, bestela, alde batera utzia sentitzen zen, denboran atzeratua, bizian hila, maite izan zuen erregimenarekin batera. Nik ez nuen ia ikusi ere egiten, baina, ziotenez, arratsaldero edanda jaisten omen zen eskolara eta egunetako bizarrarekin ibiltzen omen zen. Ikasleen gurasoak ez zeuden orain isilik geratzeko, eta lurralde ordezkaritzara jo zuten kexatzera. Ikuskaria etorrarazi zuten; hark errieta egin zion Juliori, erabat beheratu zuen maisua, nahiz eta lehen, Francoren garaian, ikuskari hark berak oso bestelako legea betetzeko agindua zion. Ikuskari hura ere, beste asko bezala, demokrata zen orain, magiaz, eta aire berrien bultzatzailea. Juliori esan zion ezen, auzo hartan lanean jarraitu nahi bazuen, euskaltegira edo akademia batera joan beharko zuela, auzoko haurrek euskaraz hitz egiten baitzuten etxetik.

LARUNBATA ZEN, IA ZIUR NAGO, Marisa eta biok Biolin-jolea teilatuan filma ikustera joan baikinen beheko auzora; gero, ibaiaren ertzeko espaloitik itzuli ginen oinez; ilunpetan igo genuen aldapa, bidean argirik ez zegoen eta, filmeko kanta behin eta berriro kantatuz, belarrian sartu-sarturik geratua baitzitzaigun: "If I was a richman, dobe, dobe..."; aldapa gora poliki gindoazen; maiz gelditzen ginen, elkar musukatzeko; gozoki bat ezpainetan hartu, eta bion artean miazkatzen genuen. Aldapa hura guretzat zeruko igoera zen, Jakoben eskailera, ez zorionera iristeko bidea, baizik eta zorionbide berbera.

Bat-batean, tiro-hots lehor batzuk entzun genituen: dak!, dak!, dak!

-Zein arraio ote dabil ehizan ordu hauetan? -izutu zen Marisa.

Batzuetan, zenbait ehiztari gauez irteten zen ehizara, esku-argi eta guzti, oilagorrak argira hurbiltzen baitziren, edo, bestela, argiari begira geratu, geldi-geldi; hala, erraz ehizatzen zituzten.

-Ez dira eskopeta-tiroak izan, Marisa.

Handik pixka batera, auto-burrunba sentitu genuen, abaila bizian aldapa behera. Azpian harrapatuko ote gintuzten beldur, Marisari bultzatu, eta biok arroilara erori ginen. Han makurtuta, bi auto sumatu genituen igarotzen, ziztu bizian; ondo ez genituen ikusi, makurtuta geundelako, baina motorren hotsa ederki bereizi nuen. Berriro errepidera irtenda, lasterka igo genuen aldapa. Frontoiaren izkinan ginela, Joxe Mari eta Ana ikusi genituen lasterka iristen. Taberna aurrean jende-inguru bat zegoen, eta gorputz bat lurrean, odol-putzu baten erdian; beste batzuk ez ziren ausartzen taberna barrutik irteten. Ana eta Joxe Mari gugana hurbildu ziren.

Gorputzaren ondoan makurturik zegoen tabernaria. Joxe Mari tartean sartu, eta tabernariari laguntzen hasi zen, odoljarioa gelditzen. Ana ere makurtu egin zen; pultsua hartu zion.

-Bizirik dago. Bero eduki behar dugu.

Taberna barrura itzuli zen tabernaria; mahai-zapi pare bat ekarri zituen, haiekin gorputza estaltzeko.

-Anbulantziari deitzera noa -esan zuen gero, taberna barrura itzultzeko keinua eginez.

-Ez dago denborarik! -erantzun zion Joxe Marik-. Ezin gara anbulantziaren zain egon. Furgoneta ekarriko dut.

Joxe Mari lasterka joan zen furgonetaren bila; Anak lurrean zegoenaren buruari eusten zion.

-Lasai, lasai. Ospitalera eramango zaitugu.

Begiak zabalik zeuzkan, gertatzen ari zitzaiona ulertu ezinik bezala. Marisa askaturik, niri besarkatuta baitzegoen, hurbildu egin nintzen.

Lurretik zuzen-zuzen begiratu, eta keinu bat egin zidan. Gehiago hurbildu nintzaion; berak zerbait xuxurlatzen zidan. Are gehiago hurbildu nintzaion, belarria ahoaren parean jartzeraino.

-Joantxo, Joantxo -xuxurlatu zidan, ia ez entzuteko moduan.

Ezpain artetik odol-hari bat irten zitzaion, masailean behera, leporaino. Auskalo zerk eraginda, esku bat hartu nion, neure bularraren kontra ipintzeko.

-Joantxo -xuxurlatu zidan berriro.

Ahoaren ondoan ipini nion belarria.

-Gora Adela -esan zuela iruditu zitzaidan.

BI LAGUN MOZORROTUK egin zuten hilketa, auto batetik tiro eginda; segundo gutxitan gertatu zen guztia; gero, bi mozorrotuak aldapa behera abiatu ziren ihesi, abaila batean. Marisak eta biok, ordea, bi auto sumatu genituen igarotzen; bestea, inondik ere, aldaparen punturen batean egongo zen zain. Eta ziur nago, oso ziur, bigarren auto hura motor bat zela, nire belarriak hala adierazi zidan eta; Bultako Metraila baten motorra zen, zalantza izpirik gabe. Hori, baina, ez nion inori esan, ezta Marisari ere.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta