Idazleak - Juan Kruz Igerabide Sarasola - Hemeroteka - Izpirituaren ispilua

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Kruz Igerabide Sarasola > Hemeroteka

Berria

2009-11-06 Izpirituaren ispilua | Imanol Magro

Juan Kruz Igerabide frankismo osteko korronte espiritual eta esoterikoetara gerturatu da Elurra sutan nobelan.

«Ispilura begiratzeak min eman dezake, baina niri orain barregura sortzen dit. Istorioak norbaiti min emango dio, baina urteekin, tragedia zena, komiko bihur daiteke. Zer ibili ginen gu orduan? galdetzen diogu gure buruari orain». Juan Kruz Igerabidek, berriz ere, bere gaztaroko belaunaldia jarri du ispiluaren aurrean. 1970eko hamarkadakoa, frankismo amaierako «eklosiokoa», Hauts bihurtu zineten (Alberdania, 2005) helduentzako bere lehen nobelan egin bezala. Lan berrian, ordea, garai hartan loratu ziren joera espiritual eta politikoetan oinarritu da atzera begiratu eta interpretazioa egiteko.

Elurra sutan aurreko nobelaren bide beretik doa, baina ez errail beretik. Metafora Inazio Mujikarena da, Alberdaniakoa. «Idazkera aldatu du, baina fikzio eta fabularako ahalegin handiagoa egin du. Ez da, ordea, poetikotasun aingerutarra, eleberria elurra bezalakoa da, gozo eta freskoa da hasieran, baina gero erre egiten du. Belaunaldi bat interpretatzen du, min emanez, eta hala behar du, idazle bati urratzeko eskatu behar zaiolako».

Igerabidek esperientzia pertsonal eta bizipenetatik erreparatu dio belaunaldi horri. Bera eta bere inguruko pertsona ugari yoga eta giro espiritualean murgildu ziren, eta urteen prismarekin idatzi du. «Nik bizi izan nuen, eta errealitatearen eta ametsaren arteko zoramen hura kontatu dut. Dena den, oraindik ere nik ez dakit zeintzuk ziren zoroagoak, ameslariak edo errealitatea oso modu pragmatikoan hartzen zuten joerak».

Idazleak iraultza espiritual xume hartan murgildu nahi izan du, «bizitzari zentzu aurkitze horretan», zehaztu du -pertsonaia nagusia Ananda da, Indiatik iritsi berria den eta Bilbon yoga zentro bat irekiko duen irakaslea- , «eta ez dut uste pertsonaiek aurkitzen dutenik. Porrot asko daude, dena alda genezakeela uste genuelako, baita iraultza egin ere, baina ez dago garaipenik, denek egiten dute porrot».

Igerabidek argi dio istorioa tragedia gogor bat dela, eta ez du diskurtso ideologiko eta politiko bat defendatzeko asmorik izan. Nostalgiarako gogorik ere ez du izan, eta ez du uste sortzen duenik. «Nostalgia puntu bat badago, baina ez da toki onean gelditzen. Aldiz, eszeptizismo dezente dago, baina ez dago eszeptizismoak irentsita. Nik ez dut uste oraindik irentsi nauenik, eta hori da nire presentziarik nabarmena».

Eleberria narrazio ugariz osatuta dago, eta apurka pertsonaiak, eta istorioak, gurutzatuz doaz. Trama elikatzeko, yogarekin batera, frankismo osteko euskal esoterismoa izan zitekeena sortu du Igerabidek, eta eleberriko hiru pertsonaia murgiltzen ditu sinesmen horren peskizan. «II. Mundu Gerran, Europan, esoterismo eta astrologiak garrantzi handia izan bazuen, zergatik ez Eusko Gobernuan? Asko gustatu izan zaizkit abertzale esoterikoak. Askorik dokumentatu gabe egin dut, hari batzuetatik tiraka, baina nik sortu dut, nola izan zitekeen irudikatzen».

Korronte espiritual berriek gizarte gatazkekin topo egingo dute, eta idazleak eleberriko hari nagusian islatzen du talka hori. Ananda, iluminazioaren bidean sinesten duen yoga irakaslea, Sara bilbotarrarekin maiteminduko da -maitasun mistikoa eta haragizkoaren arteko eztabaida da euren artekoa-, eta haren anaia Kandido ere yogan hasaraziko du. Kandido, baina, klaseak utzi eta ezker abertzalearekin lerrokatzen da, yogaren ihes-nahiari bizkarra eman eta eztabaida abiatuz. «Zoroen artean taxuz pentsatzen duena dirudi, koherentziaren izenean jokatzen duelako, eta, hala ere, ez dakigu norainoko zentzua duen egiten ari den horrek».

Denak, baina, porrotera kondenatuta daude, historiak gerora erakutsi zuen bezala. «Etsipena etorri zen gero», gogoratu du autoreak, «etsipena lixiba bezalakoa da. Asko botaz gero erre egiten du, baina tamainan desinfektatzeko baliagarria da».
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta