Idazleak - Joxerra Garzia Garmendia - Hemeroteka - Legarrik gabe

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxerra Garzia Garmendia > Hemeroteka

Berria

2005-01-22 Legarrik gabe | Maider Ziaurriz

Anjel Lertxundik zirikatuta hasi zen Joxerra Garzia Kurrin-kurrun vitae liburua idazten, baina ez da, horregatik, behartuta aritu. Bihotz-lasaigarri izan zaio, eta gustura jardun du batzuetan kurrinka gorgarrian bestetzuetan isil antzean zituen oroitzapenak ordenatu eta liburu itxura ematen. Eta konta ahala eserialditan taxuzko lanik egitea erraza ez bada ere, herio batean idatzi omen du liburua, hatzak ordenagailu gainean jarri, eta beren kasa dantzatuko balira bezala, pausoa pausoari lotzeko batere trabarik gabe; arin-arin erritmoan dantzatu dira, inondik ere, Garziaren hatzak, eta irakurri ere halatsu egiten da, haren hitz-etorri bizi eta zoliari esker. Idatzizkotik baino ahozkotik gertuago dagoela dirudi zenbaitetan, lagunartean kontatzeko moduko pasadizo xelebreak baitira asko, eta kontatu ere lagunartean kontatzeko moduan egin baititu. Beharbada horregatik dio Garziak “arinegia” dela agian literatura izateko eta “zintzoegia” kazetaritzako lan bat izateko.

Generoak genero, hezkuntzari eta hizkuntzari buruzko gogoetak eta kezkak azaldu ditu batez ere Kurrin-kurrun vitae liburu honetan, eta ondorio garbi bat ere atera du: “Zabal hartuta, dena da hezkuntza”. Hain hausnartua duen iritzi hori, ordea, ez du mamitu soilik irakasle gisa izan duen esperientziari esker, ezpada lehenago ikasle ere izan delako. Hori dela eta, beharrezkoa iruditu zaio ikasle garaiko kontuak berritzea eta gaur arte hedabideetan eta irakaskuntzan izan duen esperientziarekin batera ematea, ikuspegia osatuagoa izan dadin. Badu zer esana eta zerk kezkatua, eta horiek zintzo baina zorrotz azaldu ditu liburu honetan, non eta oroimenak iruzur egin ez dion.

Berak dioen moduan, ez du “Mundua” azaldu nahi, bere “mundutxoa” baizik, eta mundutxo horretako ateak parez pare zabaldu ditu, zer ezkutaturik ez eta. Garzia akademikoaren atzean dagoen hezur-mamizko Joxerra ezagutzera gonbidatzen gaitu, azken batean. Hitzaurrean aitortzen duen moduan, “ametsak eta lainezak, damuak eta mamuak, merituak eta delituak” azaldu ditu, mozorrorik gabe, orri hauek irakurriko dituenaren aurrean biluzteko erreparorik gabe. Beraz, mundutxo horretan ez dugu fikziorik aurkituko; bizipenak, aitortzak eta gogoetak aurkituko ditugu batetik, eta berari eta inori gertatuko pasadizo xelebre ugari bestetik. Baina kontu ugari jorratu arren, ez daude nahas-mahasean emanak, batetik besterako loturarik gabe.

Kronologikoki ordenatu du liburua, eta “memoriaren trenak” Legazpiraino eraman du, lozorroan bezala gogoratzen dituen bizipenetara. Ikasle garaiko geltokietatik pasatu eta gero, laneko ibilbideari heldu dio. Urte gogoangarriak izan ziren Garziarentzat Arrasaten egindakoak; ez, ordea, ikastolentzat, eta giro ozpin hartatik Alemaniara joatea erabaki zuen, alemana ikastera; izan ere, Nietzscheren Zaratustra irakurri zuenean txundituta geratu omen zen, eta liburu hori jatorrizko hizkuntzan irakurtzeko helburua jarri zion bere buruari. Alemaniako aldia eginda, Euskal Herrira itzuli zen ostera, eta Filosofia irakasle hasi Tolosan. Hortik aurrerakoa ezagunagoa zaigu. Hitzetik hortzera saioko aurkezle ezagutu genuen askok, eta, telebista utzi zuenetik, Unibertsitateko irakasle ari da.

Bertatik bertara ezagutzen du, beraz, hezkuntza sistema, eta beltz ikusten du euskararen geroa. Ikuspegi ezkor hori ez du, ordea, hutsetik sortu. Nabari da berriki euskararen kalitatea aztertzen aritu dela Kike Amonarrizekin eta Andoni Egañarekin batera, eta txosten horretan ateratako ondorioak sumatzen dira lan honetan ere. Horregatik, eta liburuan barrena ikusi dugunez Joxerra Garzia beti izan baita nahiko zuzena eta zorrotza gauzak pentsatu bezalaxe esateko, gaur egungo euskarazko irakaskuntza irauli egin behar dela dio. Mitxelenaren irudi bat dakar gogora: hizkuntza aizkora dela, alegia; baina euskal aizkora nahiko kamustua dago, eta nekez erabiliko dugu ondo ebakitzen ez duen lanabesik. Hori dela eta, Garziari ezinbestekoa iruditzen zaio aizkoraren ahoa zorroztea eta tresna baliagarri bihurtzea, forma hutsak irakasteari utzi eta helburuak bitarteko hartuta.

Ikuspegi ezkor hori nabari da, bai, baina, bertsolaritzari buruzko tesia egin duen batengandik espero denez, umorez kontatu ditu bizitzaren tren horretan izandako pasadizoak, eta erantzun eta kritika zorrotzik ere ez du falta; esate baterako, honako hau dio errektoreorde bati buruz, ikasle bat frogarik gabe salatu zutela esan eta nola erantzun zuen ikusita: “Ez nuen gutxiago espero. Egia esan, askoz gehiago espero nuen”.

Niri, behintzat, liburu aproposa iruditu zait hezkuntzari eta euskarari buruz gogoeta egiteko, eta euskarazko irakaskuntza beste era batera ikusteko. Gainera, modu berezi eta atseginean azaldu du Garziak horri buruz duen iritzia, gaur egungo egoera bihotz-altxagarri ez izan arren, umorea galdu gabe; eta eskertzekoa da hori, euskara dela-eta hainbeste negar egin duen herri honetan.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta