Idazleak - Joxerra Garzia Garmendia - Hemeroteka - Erretorika hizlarientzat

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxerra Garzia Garmendia > Hemeroteka

El Correo

2008-07-26 Erretorika hizlarientzat | Javier Rojo

Joxerra Garziak Jendaurrean hizlari izeneko liburua plazaratu du. Liburuak azpititulu bat dauka, “(Ahozko)komunikazio gaitasuna lantzeko eskuliburua”, neurri batean zeren aurrean gauden zehazten diguna. Saiakerak argitaratzen direneko bilduma batean agertu arren, berez ez da saiakera bat, eskuliburua baizik. Azpititulu horrek, azken finean, gaur egun erabili ohi den terminologiara itzuli du irakurleak liburuaren barruan aurkituko duena. Izan ere, Joxerra Garziak irakurleari (irakasleari, ikasleari, liburuaren publiko naturala batez ere bi talde horiek osatzen dutela baitirudi) Jendaurrean hitz egiteko ikasliburua eskaintzen baitio, erretorika klasikoan oinarrituta.

Liburuaren planteamenduan erretorikaren atal desberdinak azaltzen zaizkigu, eta Garziak oinarri hori daukala begi bistan uztearren, latinezko izenak erabili ditu atal desberdin horiek izendatzeko (inventio, dispositio, elocutio, memoria, actio). Niri neuri eskergarria iruditu zait oinarriak ez ezkutatze hau, askotan itxura modernoko izen bereziak eta ulertezinak eskainita hainbat idazlek orain dela bi mila urte egindako berbera errepikatzen baitute, azala aldatuta, eta bide batez irakurlea jokoz kanpo utzita. Garziak ez. Garziak argi uzte du zeintzuk diren bere oinarriak eta gero oinarri horiek interesatzen zaion munduan egokitzeko ahalegina egiten du. Liburua eskuliburua da, beraz, azalpen teorikoak badaude ere, gehiagotan ikusiko ditugu adibideen azalpen eta analisiak. Bestaldetik halako liburuek eduki lezaketen arazoa gainditzen saiatu da egilea, testua irakurgarria baita oso. Honekin esan nahi dut Garziaren idazkera ironiko-maliziotsua eta azalpen ulergarriak akuiluak izan daitezkeela honelako liburuak irakurtzeko beldur izan litekeen irakurlearentzat. Izan ere, erretorika klasikoan oinarrituta ere, irakurleak ulertu egingo du bertan azaltzen zaiona. Gai honetaz ezer gutxi ez badaki ere. Kontuan hartu behar dugu gure hezkuntza sisteman (bakoitzak uler beza nahi duen moduan “gure” hori, interpretazio guztietarako balioko baitu esango dudanak) ahozko komunikazioa teorian asko landu behar den gaia izan arren, praktikan hori ez da horrela gertatzen.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta