Idazleak - Joxemari Carrere Zabala - Laginak - Euliak jateaz aspertuta zegoen armiarmaren istorioa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxemari Carrere Zabala > Laginak

Narratiba

Euliak jateaz aspertuta zegoen armiarmaren istorioa |

Munduan asko bezala, armiarma bat ba omen zegoen. Armiarma guztiek egin ohi duten bezala goizean goiz bere amarauna egiten hasten zen, amaraunik gabeko armiarma bat ez baita behar bezalako armiarmarik. Goizeko ihintzak tanta dirdiratsuak egiten zituen hari finetan eta armiarma honek gustukoa zuen dir-dir horiek eguna islatzen zuten modua. Eta pentsatzen zuen bere sarean eroritako euliak nahiago izango zuela freskura horretan gelditzea eta ez beste amaraun lehor eta ilun batean.

Baina gure armiarmak bazuen kezka bat. Sarean erortzen ziren euliak, inongo prestaketarik gabe, bere horretan jan beharrak aspertzen zuen. Janariak zapore berdina zeukan beti. Aspergarria zen. Are gehiago bere inguruan sumatzen eta ikusten zituen belar goxoak kontuan hartuta. Eta amarauna eusten zituzten sasi adarretatik zintzilik zeuden masusta goxoak usainduta. "Ummm! Halako masusta gozoekin euli pastel goxoa egingo nuke". Eta mendabelar usaintsuekin euliak bestelako zaporea, dibertigarriagoa izango zuela ez zuen zalantzarik. Baina zer esango lukete beste armiarmek? Jakin bazekien armiarmak oso tradizionalak direla: "Armiarmek betidanik euliak berdin jan izan ditugu - esango zion bere izeba zaharrak. Amaraunean erorita beregana hurbildu eta xuka eta xuka eginda barruratzen dugu. Hala izan da eta horrela izango da, beti". Baina ez zuen ulertzen zergatik ezin zen bestelako aukerarik frogatu. Halako ideiak zituen buruan gure armiarmak, eta hainbeste itzuli-mitzuli egiten zituzten bere buru txikian azkenean gustura ez zuela ez gosaltzen ezta bazkaltzen ere. Askotan euli bat bere sarean itsatsita ikusirik berarengana hurbildu eta joaten uzten zuen, jateko gogorik ez baitzuen, nahiago zuen imajinatu euli hori masustekin eta mendabelarrarekin egingo zuen pastel usaintsuarekin.

Egun batean, eta inori ezer esan gabe, goizeko ihintzarekin fresko- fresko zeuden masusta pare bat hartu eta hosto baten azpian gorde zituen, ondoren, amarauna amaitu eta gero azpiko mendabelar hosto bat hartu zuen, eta masustekin gorde. Eta zain geratu zen. Halako batean euli despistatu bat bere hari dirdiratsuen ingurura gerturatzen ari zela ikusi zuen Armiarmak pentsatu zuen: "Euli hauek bai txoriburuak direla, hainbeste begi eduki eta gero ez dute ezer ikusten, auskalo non duten burua; jakina hainbeste begi eta gero buruarentzat lekurik ez".

Eulien eta armiarmen artean beti ibili ohi dira bata bestearengatik gaizki esaka; dena dela begi asko eduki arren eta arretarik handiena ipinita ere, zaila da benetan armiarma baten hari fin horiek ikustea. Ez al zaizue zuei gertatu batzutan nahi gabe sare txiki eta fin horietako batekin topo egitea? Eskerrak gu euliak baino handiagoak garen eta ez gara itsatsiak geratzen bestela... ene! hau beldurra imajinatzea ere! Baina armiarmaren istorioarekin ari ginen.

Handik segundo batzuetara harietan itsatsita zegoen eulia. Eta armiarmak imajinatu zuen goiz eder honetan egingo zuen gosariarekin. "Ummm. Euli tarta masusta eta mendarekin!". Eta pentsatzearekin bakarrik listuz betetzen zitzaion ahoa. Euliarengana gerturatzen hasi zen bere zortzi hanka beltz eta luxexkekin. Eulia hartu, ordurako arnasarik ez zuen egiten eta ez zen mugitzen, eta hosto handi batean bildu zuen. Hosto horren gaina eguzki izpiek bero-bero zuten. "Aproposa pastela egiteko"- pentsatu zuen armiarmak. Ezkuta lekutik masustak eta mendabelar hostoa atera eta intxaur azal baten barruan jarri zituen euliarekin batera. Nondik atera zuen intxaur azala? Ba, lurrean zegoen. Nola puskatu zuen intxaurra? Ez zuen berak puskatu, ez zen hain indartsua, armiarma bat zen! Norbaitek botako zuen eta berak topatu. Agian urtxintxa batek botako zuen, barrukoa jan eta gero jakina. Zuek intxaur azalak jaten al dituzue ala? Ba urtxintxak ezta ere. Eta ez galdera gehiago egin bestela ez dugu inoiz ipuin hau amaituko. Hara galdu naiz; non nengoen? A, bai, armiarma pastela egiten ari zela. Eulia intxaur azal barruan jarri ondoren, belar batetik ateratako esnearen antzeko izerdi zuria gehitu zion. Goroldio punta batzuekin gozatu zuen dena. Sasietako adaxka batekin dena irabiatu eta hosto beroaren gainean jarri zuen intxaur azala. Hasieran ez zuen ezer nabaritzen. Eta eguzkiari deiadar egiten zion, izpi gehiago eta beroagoak bidaltzeko. Baina janari goxoak prestatzeko pazientzia behar da, goxotasunez prestatzen dena goxo-goxoa ateratzen baita. Dena dela, normala da armiarmak hori ez jakitea eta urduri egotea, bere lehenengo pastela baitzen. Eta denok dakigu gauzak lehenengo aldiz egiten direnean ez direla gu nahi bezain ondo ateratzen. Gogoratzen dut nire lehenengo pastela egin nuenean ikatza baino beltzagoa eta gogorragoa irten zitzaidala. Hemen falta zaidan hortza puska bat jan nahian hautsi zitzaidan, imajinatu! Harria baino gogorrago zegoen. Baina orain primerakoak egiten ditut. Ummm! Txokolatezko tarta... hori bai ona. Tira egunen batean gonbidatuko zaituztet, baina orain ipuina amaitu behar dut.

Eguzkiak jarraitzen zuen hostoa berotzen eta hostoak intxaurra, eta intxaurrak bere barruan zuen orea, eta urduri zegoen armiarma. Orduan ikusi zuen pixkanaka intxaur azalaren barruan zegoen orea gorritzen hasi zela, eta puztutzen eta, ene!, usain goxoa nabaritu zuen bere sudurrera heltzen. Gosaldu gabe zegoenez gose zegoen eta nolako pastela jan behar zuen imajinatuta are gosetiago jartzen zen. Halako batean pentsatu zuen pastela, agian egina egongo zela. nahasketa egiteko erabili zuen masusta adaxka hartu eta pastelaren barruan sartu zuen, poliki. Ateratzerakoan ohartu zen oraindik bigunegia zegoela pastela eta pixka bat gehiago uztea erabaki zuen. Bere zortzi hankatxo beltz eta luxexkak, urduri mugitzen ziren, denak batera eta azkar. Amaraunean gora eta behera hasi zen, pentsatuz goiz honetan egingo zuen gosariarekin. Gehiago ezin zuenean, masusta adaska egosten zegoen pastelaren barruan sartu zuen berriro eta ateratakoan pozez ikusi zuen lehorra zegoela, gainera pastelak kolore gorrixka ederra zeukan eta bertatik sortzen zen usaina...ene! bai gozoa. Ezin zuen gehiago itxaron. Intxaur azala hostotik atera eta beste hosto baten gainean hustu zuen barruan zegoena, kontu handiz bestela erre egingo zen, eta hori ez da oso goxoa. Eta hantxe, bere begien aurrean bere lehenengo pastela zeukan. Urduri, aurreko bi hankatxoekin puskatxo bat hartu zuen. Beroa zegoen. Ahoarekin putz egin eta pixka bat hoztu zuen, gero ahora eraman zuen eta ...Ene! Bai goxoa zegoela! Beste puska bat hartu eta ahora eraman. Eta horrela, puskaz -puska masustaz eta mendabelarraz egindako pastelaren papurrik ez zen geratu.

Eta handik aurrera errezeta gehiago asmatu zituen. Hasieran bere lagun minenari baino ez zion esan. Baina denborarekin gero eta armiarma gehiago jakin zuten euli pastelak egiteko bere trebeziaz eta berarengana joaten ziren pastela jatera eta baita ere errezeta eskatzera. Bere izeba ere konturatu zen ez zela hain txarra gauza berriak probatzea, eta astean behin berarekin meriendatzen zuen. Eta niri sekulako gosea sartu zait ipuin hau kontatzen, beraz banoa marrubi pastel bat egitera. Zuek ere hobe zenukete halakorik egitea, niri entzuten jarraitzea baino. Egunen batean kontatuko dizuet kaka jan nahi ez zuen euliaren istorioa, baina hori beste egunen batean izango da.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta