Idazleak - Joxean Sagastizabal Errazu - Laginak - Kutsidazu bidea, Ixabel

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxean Sagastizabal Errazu > Laginak

Narratiba

1994 Kutsidazu bidea, Ixabel | Alberdania

1980rako urte pare bat falta zela, uztaileko arratsalde sargori batean ailegatu nintzen zibilizazioaren azken portura, Tolosara. Mendian gora, Vasconum.

Hemeretzi urtez asfalto hutsean hazi eta baserri batera joan nintzen, neure burua Josechu el vasco bihurtu nahian. Maleta handi batekin. Kristoren bero bustia. Ibaiak (akaso neolitikoan ibai izanak) kirasturik guztiz giroa.

Indigena batek seinalatu zidan bidea; tipoak ulertu nire galdera, eta arras harriturik ni, euskaraz komunika nintekeela eta. Beraz, aurrera eta ezkerrera, tuneletik; kostatu egingo zitzaidala, oinez eta dema-harriari tiraka; esan beharrik ez. Izerditan blai iritsi nintzen tunelera, bizkortzeko paradatxoetan usain nazkagarri hura. Tunela pasa eta Marino Lejarretaren ameskaiztoetan azaltzen zen aldapa. Kontaktoak esana: "Herriaren kaskotik dezente lehenago, baserria bakarrik dago". Ni ere bakarrik nengoen, ai, jauna! bakarrik eta neka-neka eginda, eta lanrroberra tuneletik, eta indigena potolo-txapeldun-puroduna txofer.

-Atsalde on!

-Berdin.

-Noa hua?

-Aranguren baserrira, eram.

-Bai, gizona, sartu!

Barrura.

-Aranguren prostuf-iar-txaputi?

-Nola esan duzu?

-Aranguren ñok txarriniau familia?

-Eee, ez naiz familiarra, euskara ikastera nator.

-Euskera ikastera? Ah, buen sitio Harrialde, todos hablamos aquí, aprenderás enseguida, ya verás.

-Hori uste dut, eta horre.

-. llau gaituk! Aranguren hauxe dek! Flusping-txetxerrep eta asko ikasi!

-Eskerrik asko.

-Una cosa tengo que desirte, los de Aranguren no hablan tan claro como yo, tienen fama de hablar serrao.

Ai, Santa Gertrudis!

Bueno, etxe zuri-gorri bat eta bi zakur zaunkari niregana, bata handi-handia, bestea txiki-txikia eta ni erdi-erdian. Metro batera geratu ziren, zaunka eta zaunka. Animaliek beldurra igarri eta nola gehiago aztoratzen diren, egundoko ahaleginak egin nituen ikara ezkutatzen, baina belarri-zulotik ere irteten zidan.

-Txuri, Negro, hona!

Eta Txuri eta Negro, hara; harrigarria benetan. Munstroek alde egin eta printzesa zetorkidan, nire adineko neska musugorri-urre-rubia-irribarretsu bat. Neska katxarroa, aizue.

-Hola, zu zera gure etxera datorrena?

-Aranguren da hau?

-Bai.

-Ba bai.

-Ederki, pozten naiz; Ixabel naiz, eta zu?

-Juan Martin.

-Bueno ba, zatoz, mutiko, etxia eta familia ezautu behar dituzu.

-Zenbat zarete zuek?

-Ba amona, gurasuak, bi anaiak, ahizpa eta ni, eta behiak, oiluak, konejuak, ardi batzuk, txakurrak, katuak eta euli pilo bat.

Gary Cooperrekin gogoratu nintzen, Sólo ante el peligro sentitu nahi bazuen hona etorri besterik ez. Segitu nion Ixabeli; lanerako jantzita, soineko zaharra, mantala eta imajinatzen hasia nintzen gorputza azpitik. Gazte nintzen oso. Ez nekien gauza handirik neskei buruz. Baina gustatu egiten zitzaizkidan. Sartu ginen, belarra eta simaurra nahastuta sentitzen den fragantzia sudur zuloetan, eta hantxe zeuden, denak sukaldean. Monster familia.

Saiatuko naiz azaltzen, amonak ez zuen banpiroa ematen, aitak ez zuen Herman Monster-en itxurarik, ezta amak Yvonne De Carlo-rena ere, baina oro har. bi anaiak, bikiak dudarik gabe, eta, dudarik gabe ere, buru normal batean kabitzen dena erdibana; ahizpa ipuinetako amordearen alaba, itsusia bai behintzat; gaiztoa? Ez nekien artean; gurasoak intzesto-ezkontza eginak, ze igual-igualak ziren, sendoak, boronoak, bekozkoak; eta amona! La bruja piruja! txiki-txikia, begiak zimur arteko zulo sakonetan, beltzez guztiz eta azken irribarrea berrogeita zazpian. Hori dena begirada batean. Eta Ixabel erdian, eta maite zituela zirudien. Sasi arteko lorea. Seguru errekan jasoa zela saski eta guzti. Gauza bat segituan konprobatu nuen. Hablaban serrao.

-Kaixo, moteil, txorronfuf basilao! -Bikiek, zartada latzak bizkarrean.

-Munzj galitxrop -Aitak.

-Txurriasko xertujg -Amak.

-Berdin -Nik.

-Kaixo, Bego naiz, zer moduz?-Ezin izan nion ezer erantzun, ulertu duenaren harriduraz.

Amonak begiratu ere ez zidan egin. Eta familia-buruak, denon izenean, ongi-etorritzat hartu nuen diskurtsoa bota zidan; tutik ez nion ulertu, hitz batzuk, "baserria", "lana" "nekia"; familia-burua ama zen.

-Bueno, moteil 'torri ai, kuartua' kutsiko diau!

Ixabeli begiratu nion.

-Beraiekin joateko, kuartoa erakutsiko dizutela.

-Eskerrik asko, Ixabel.

Ama hizketan hasi zitzaidan, eta Ixabelen laguntzaz zera ulertu nuen: ez neukala oherik, baizik eta lastaira lurrean, baina pentsatzen zuela ondo egongo nintzela. Beraz, bikien atzetik goiko pisora joan nintzen; bidean, argi eskas hartan, usain beroak eta mastekatze-hotsak, baserriko beste bizidunak.

Kuarto handia, bi ohe biki bikientzat eta erdian nire lastaira, txukun-txukun jarria, izara urdinak eta tapaki gorrixka. Kuartoan, bestela, armairua besterik ez, han egokitu nituen ondasunak.

Bikiak sinpatikoak ziren, jardun eta jardun ari zitzaizkidan, eta laurdena ulertuz, hiru laurdenak asmatuz, moldatzen nintzen.

-'torri Juanma, baserria 'kutsiko diau.

Eta baserria "kutsi" zidaten.

Dozena bat behi. Ez naiz sekula "behifilo" izan, aurpegi zuntzun horiek, behi-aurpegiak, jakina; behiak, bej! Nire bihotz eskertxarrekoan inongo xamurtasunik ez esne, jogurt, gazta, gurina, natazko pastel eta abarrengatik; inondik ere ez nituen erlazionatzen gutizia horiek aziendekin; nik erosketak supermerkatuan, eta supermerkatuan behirik ez; txistera magiko erraldoitik sortutakoak salgai.

Behi bakoitza bere apartamentuan zegoen; apartamentuak egongela, logela, sukaldea eta komuna zeuzkan; lau hankak, gorputzaren euskarri, egongelan; burua sukaldean sartuta, askan, belar artean; atzealdean komuna zegoen, eta egongela logela zen gauez.

-Denak behiak dira? Zezenik ez dago?

-Zezena? Bai gizona! Hoixe daola, zein iruditzen zak izangoala?

-Handiena, hori.

-Eztek pa hori, hori gure Juanita dek; ez al dituk errapiak ikusten?

-Errapiak? Zer dira errapiak?

-Hauxe!

Errapiak=Tetas de vaca. Fitxerora.

Begira jarraitu nuen, errapiak, errapiak, errapiak. uaoo!

-Hau da zezena.

-Oso ondo, baina eztek zezena, iskua dek, oso gaztia dek oraindik.

-Iskua?

-I-dis-ku-a, haunditzen danian zezena.

Idiskua=torito. Fitxerora.

Zuek hau irakurri eta igual ni lasai asko nengoela pentsatuko duzue, beldurra ez da letretan igartzen eta. Bada ez, lagunok, guztiz akojonatuta nengoen, bikien aurrean plantak egiten banituen ere. Promiskuidade hartan, han, piztia artean, eta zera zegoela! ZEZENA! UN TORO! "Gaztia" zela, "iskua" zela, ja! Manolete akabatu zuenak lau urte eskas zeuzkan!

Atzealdera joateko pasabide estua zegoen sukaldeen aurretik, eta behiak eta Manolete gizarajoaren akabatzailea, jendea ikusi orduko, aurreraka oldartzen ziren, jana zetorrelakoan, eta pasatzen zenarengandik hogei zentimetrotara gelditzen ziren adar-puntak; pasatzen zena bikietakoa bazen, no problem, "OIN EZ, JUANITAAA!" esango zion, adarretik heldu, kopetaldean jo builaka... ni paretari Spiderman baino erantsiago, baina eske ai! pasilloaren bukaeran aharia zegoen! Adarretik adarrera! Sekula ez nintzen ohitu, handik beti pasatzen nintzen Speedy Gonzálezenak eginez.

Behean sukaldea eta ukuilua; goian logelak, komuna eta mandioa; telebistarik ez inon.

Ai, Santa Gertrudis; kajatontarik gabe bizi ote liteke? Ixabel, Bego eta La Bruja Piruja batera lotarako, gero senar-emazteak eta hirugarrenean bikiak hiriko maskotarekin.

Afaltzeko ordua. Neka-neka eginda nengoen ulertzeko egin beharreko ahaleginarengatik, eta bizi-beharraren edo superbizi-beharraren emozioengatik.

Tortilla eta txerri-txuleta. Nire urdail delikatuak gauez entsalada edo kontsomea eta barazki-purea besterik ezin du burutu, baina jan egin behar zeozer, senak energia handia beharko nuela ziostan.

Denak jatun onak, baina amonaren sakea! Berrogeita zazpian, Manoleterekin bateratsu hil zitzaion gizonarentzat ere ari zela ematen zuen.

Ikasteko nintzen han eta ia nola esaten zuten "tortilla de patatas", "tortillapatata"; perfesto, arratsalde bakar batean "iskua", "tetas de vaca"(nola zen, nola?) eta "tortillapatata" esaten ikasia, horrekin bazegoen irteterik mundu zabalera.

Eta postrea.

Intxaurrak.

Guinnes liburuan azal ninteke intxaurrekin barregarri gelditu den pertsona bakar gisa.

Denek eskuez txikitzen zituzten, eta ahora minutuko bost (amonak bederatzi), inongo lanik gabe.
Nik ere saiatu beharko nuen bada.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta