Idazleak - Joxean Agirre Odriozola - Laginak - Romain zen bere izena

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxean Agirre Odriozola > Laginak

Narratiba

2003 Romain zen bere izena | Elkar

Nire adeitasunak, sentiberatasunak edo dena delakoak hunkiturik, bere etxera eraman ninduen. Bidean ez genion elkarri musu bakar ere eman. Berak oraindik hotzikaraz jarraitzen zuen. Hitz egin ere ez genuen askorik hitz egin. Nik bizkarretik helduta neraman Monika, bestela jakak irrits egiten zion bizkarretik behera, sorbalda biluziak agerian utziz. Berak bere karpeta bularren kontra estutuz jarraitzen zuen.

Etxe atarira iritsi ginelarik, giltzak atera eta sartu ginen bebarrura. Igogailuaren botoiari sakatu eta nigan beste norbait ikusiko balu bezala begiratu zidan berriro. Beharbada Frischek emakumeei begiratzen zien bezala begiratuko niola nik ere Monikari pentsatu nuen, harridura eta jakituria nahasiz, gaztetasuna eta heldutasuna uztartuz. Igogailua jaisten zen bitartean (igogailuak beti azken solairuan egoten dira gauetan) nire kontra estutu zen.

Ondoren elkarrekin egin genituen urteetan behin eta berriz berritu ohi zituen Monikak gau horretako oroitzapenak eta haren bertsioa ez zetorren bat nirearekin. Bere sudurraren hotza gogoratzen dut, igogailuan nire kontra estutu zelarik, eta bere hezurduraren hotzikara sorgorra, piztia izutu baten antzekoa. Gogoan dut gero ere ez zela musurik egon, atetik sartu eta gelaraino joan zela nire aurretik eta ahots oso apalez «hasi biluzten, berehala nator» esan zuela. Gogoan dut baita ere agindua betetzen hasi nintzela, esaneko bai baina serbilismorik gabe. Nik ez nuen ezer insinuatu, ezer adierazi. Ohean bilutzik, erdi estalirik itxoin nion luzaz edo luzaetsi egin zitzaidan behintzat eta zalantzak ere izan nituen ez ote nion agindua oker ulertuko, ahots oso beheraz esan baitzidan eta beharbada berriro jantzi egin beharko nuela pentsatzen hasia nintzen Monika agertu zenean. Atetik sartu eta «banator» esan zuen. Bilutsik zetorren, takoirik gabe, beraz, baina funanbulistak bezala ibiltzen jarraitzen zuela iruditu zitzaidan. Bere gorputzaren zuriaz gogoratzen naiz eta zurbiltasun horrek biluziago egiten zuen. Dutxatu berria zetorren eta xaboi usain sakorra zabaldu zuen gelan. Begiak itxi eta besarkatu egin nuen. Bere gorputza nik behin eta berriz irudikatu bezalakoxea zela ohartu nintzen. Dutxa beroa gorabehera, hala ere, bere sudur puntak eta ipurmaisalek hotz jarraitzen zuten. Tarteka askatu eta begiratzen nuelarik, bere gorputzak esnekien konsistentzia zuela iruditen zitzaidan eta goilare batekin jateko gogoa ematen zen edo goilararik gabe. Bikoteengan gau inauguralaren memoria berritzeak sortzen duen atseginarekin berritzen genuen guk ere elkarrekin egin genituen lau urte horietan lehen gau hartako zertzeladak eta ez ginen inoiz bat etortzen. Monikak behin eta berriz gogarazi didanez ez omen nuen ezer esan, ez agindu, ez adierazi, baina begiradan somatu omen zidan irrikia. Kafetegiko zabalgunean bildu eta bertatik bertara elkarri begira geratu ginelarik, keinu bat egin omen nuen nik, onespen keinu bat, bere gorputzari gainbegirada azkar bat eman ondoren. Nik ukatu egin diot beti hori, ez baititut inoiz emakumeak aurrez aurre begiratzeko ohiturarik, ez behintzat horren lotsagabeki, eta are gutxiago egiten baitut onespen keinurik. Ez nekiela, esan omen nion, zergatik egiten zitzaidan bera hain erakargarri eta horrek erakargarriago egiten zuela oraindik eta misterio guztiak erakargarri zaizkigun neurrian ez nekiela dagoeneko, jarraitu omen nuen, zer egiten zitzaidan erakargarriago, bera ala bere misterioa. Monikak bere beso bilutsiak igurtziz jarraitzen omen zidan, fresko egiten baitzuen gau hartan, eta nik erakargarritasunekin segitzen omen nuen esaldiak gero eta gehiago trabeskatuz, ideien anabasa bat egiteraino. Berak esan behar izan omen zidan hotz egiten zuela, berriro besoak igurtziz, eta orduan, nik jaka erantzi eta zerbait baliozkoa biltzen den eran bildu omen nuen, trakets eta baldar baina aldi berean amoltsuki, eta zerbait oso baliozkoa balitz bezala estutu omen nuen nire kontra, galtzeko beldur garen gauzak estutzen diren bezala, apurtzeko beldurrarrekin. Ez omen nuen zalantzarik izan, ez omen nuen galdetu ere egin. Gauzak aldez aurretik erabakita balira bezala, bere etxerantza abiatu omen nintzen eta bidean, adeitsu, sentibera eta samur, bereziki samar egon omen nintzaion, hori errepikatzen zuen etengabe Monikak eta zerbait urruna gogoratzen duenaren aurpegia jartzen zuen, nik bidean zer egin genuen gogoratzerik inoiz lortzen ez banuen ere. Sekula ez zituen ohekoak aipatzen, ez nire giharrek egin zioten inpresiorik, nonbait; ez nire berotasunak utzi zion inon erredurarik. Bebarruko atera iritsi ginelarik, giltzak niri eman omen zizkidan eskuek dardar egiten ziotelako, ez hotzagatik bakarrik, beldurragatik baizik edo ikaragatik, eta igogailuan besarkatu nuelarik, bere izate osoa nire eskuetan uztea erabaki omen zuen, inoiz beste gizon batekin egin ez duen moduan eta seguru asko egingo ez duen moduan.

Urte batzuk geroago, orduan ez bezala, niri egiten zidaten dardar eskuek, lapur baten gisan (egunargia aringarria ote?) sartu bainitzen, Monika etxean ez zegoela egiaztatu ondoren. Komisarioari esana nion ordubete barru itzuliko nintzela eta idazlearen lanen batekin itzuliko nintzela gainera seguru asko, nora nindoan esan gabe ordea, eta horrek goganbehartu egin zuela iruditu zitzaidan eta kapaz zen nire atzetik norbait bidaltzeko, nahiz eta idazlearen etxea arakatzen ere nahikoa lana izango zuen. Giltzak arazorik gabe ireki zuen bebarruko atea eta igogailuko ispiluan kosta egin zitzaidan neure burua ezagutzea, ilea urdintzen hasia zuen tipo lasai itxurako bat, nik bihotza zabuka bainuen eta pultsoa urduri, pauso debekatuek izutu egiten gaituzte baina tira eta erakarri ere bai, hori badakite gaizkileek eta banekien nik ere, hainbat aldiz sakatua nuen hirugarren solairuko botoia sakatu eta ispiluari erreparatu nionean, adinak oraindik hondatu gabeko gizaseme bat ikusi nuen, sendo eta gordin, baina hondamendia aldarrikatzen duten iragarpenak agerian. Hamaika aldiz igoa nintzen igogailu horretan bertan, Monikarekin gehienetan, astean hiru egunetan bere etxera erretiratzen ginen bolada hartan, bikoteek hasieran arau ekitatiboak ezartzen dituzte, zuk nirean eta nik zurean, asteburuak txandaka, dena konpartitu nahi izaten dute. Nik Monikak ukitzen zuen guztia ezagutu nahi nuen, ez bere ohea bakarrik, nahiz eta ohea izan etxeko mobiliario ia bakarra, lo egitea asko gustatzen baitzitzaion. Beste guztia behin-behinekoa zen etxe hartan, sukalderik ez zuen erabiltzen apenas. Ohea bakarrik zen han benetakoa, gainerantzekoa dekoratu soila izan zitekeen, etxe batean geunden sentipena sortzeko jarria soilik. Horregatik eraman ninduen beharbada zuzenean bere gelara lehen gauean eta agindu zidan biluzten hasteko. Maitasuna egin eta lo egiteko pentsatua zegokeen etxe hura beharbada. Ez genuen besterik egin aldi batez. Ezin zitekeen besterik ere egin, ez zegoen hizketan egoteko lekurik, atseden hartzeko sofarik. Telebista itzaliak antigualeko apaingarri bat zirudien egongela bazterrean. Ez nuen sekula piztuta ikusi. Irakurtzeko besaulki bat zuen Monikak eta han irakurtzen zituen Max Frischi buruzko bere zerak, ni ordenagailuaren aurrean zegoen egurrezko aulki batean eseritzen nintzen bitartean, gerriak minberatu arte, orduan ohe gainera joan behar izaten nuen posturaz aldatzeko eta Monikak abagunea aprobetxatzen zuen nire ondoan kiribilduz txeruak eta balakuak egiteko. Nik utzi egiten nion eta Barthesen libururen bat irakurtzen jarraitzen nuen, bera nire botoi bat mingainarekin txupatzen edo nire bularreko ilearekin jostatzen ari zen bitartean. Inoiz edo behin, Frischen liburua besaulkian utzi eta nire gainera oldartzen zen eta inolako hitzaurrerik gabe hasten zitzaidan hozkaka belarrian edo lepoan, «bera bezalakoxea zara» esanez. Monikaren etxean egin nituen egunetan idazle suitzarraren itzala beti somatu nuen gure artean, baina itzalak oztopo txikiak dira maitasuna berria denean. Lehen ere esan dut Monika gaztea zen eta piska bat eroa gauza batzuetan. Nire ondoan kiribildu eta amoltsuki galtzetako botoi bat miazkatzen hasten zen egun horietan ere ez zen beti ondoan egotearekin asetzen. Kolpetik arnasa loditzen hasten zitzaion, norbaitek zintzurra estutuko balio bezala, eta orduan Barthes lurrean utzi eta maitasuna egin behar izaten nion, askotan bat ere gogorik gabe, baina gogorik gabe maitasuna egitea ere oso gauza atsegina zen Monikarekin.

Gauzak okertu egin ziren ordea, ez nuke jakingo zergatik zehatz esaten. Bere bigarren nobelaren hasierarekin koinziditu zuen bere hotzaldiak. Beharbada Monika Frischekin aspertzen hasi zen edo nirekin aspertzen hasia zegoelako utzi zituen aldi batez albora haren liburuak eta Pessoarekin ikusi nuen bolada luze batez, gauzak gure artean ondo ez zihoazen seinale. Leihoaz bestalde euria ari zuren bitartean Pessoa irakurtzea arriskugarria zela esaten nion eta halaxe zen, tristura umel batez kutsaturik bezala ibili zen bolada batez, xangrina edo saudade sakon batekin. Niri ezer esan gabe bere gabardina gorria jantzi eta euritan buelta bat ematera joan ohi zen. Monikaz maitemindu berritan bere lehiora begira egon eta euripean ibili nintzen egunak ekartzen nituen gogora eta norbaitekin maitemindurik ibiliko zela pentsatzen nuen. Etxera itzuli eta ezer esan gabe ordanagailuean idazten hasten zen. Orduan nik bere besaulkian jezarri behar izaten nuen eta Barthes irakurtzen jarraitzen nuen, ixilik baina atezuan, txintik atera gabe, bere asperen eta suspiroei adi, nahiz banekien semiologiak ez duela neska baten aurpegiko zeinuak irakurtzeko bat ere balio.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta