Idazleak - Joxe Ertzinbengoa Otaegi - Laginak - Maitasunaren amua

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxe Ertzinbengoa Otaegi > Laginak

Narratiba

Maitasunaren amua |

Iluntzen hasi du. Udazkenaren itxura guztia duen egun honek izpi bat ekarri dit pantailara, zeren pantaila txiki, zuri eta laukitxoz betetako baten aurrean ari bainaiz postal miresgarri, liluragarri eta xarmangarri batek nire barrualdeko egoitzara ekartzen didana idazten.

Hasteko esan dezadan postala ez dela ohikoa. Ni alferrik ahaleginduko nintzateke tamaina honetako postal bat erosten, ez nuke inon erosterik izango, ziurki.

Nire etxeko horma batean itsatsita dago, edo eskegita, itsatsita edo eskegita dauden bezala ene baitako sakonean bizi diren burutazio eta gogoetak.

Postalak ia bi metro ditu luzeran eta metro bat eta pixka bat gehiago zabaleran. Sarri askotan nire begirada luzatzen diot egunek beherantz eta gauek gorantz egiten dutenean; beste hainbestetan ezkutuan dudan desira sentiberak ferekatzen dit, izenik ez duen zirrara nire egoitzan sorraraziz. Hauxe da nik biziki estimatzen dudana eta maiz begiradatxo baten bitartez eskertzen diodana.

Ni ez naiz etorri handiko pertsona, badakizu, hitz-jario eskasekoa nauzu. Hala ere, lantzean behin eta gutxien espero dudanean, sentimenduak bor-bor pizten zaizkit, Artetan, badakizu, Goņibarren, iturburuko ur berdeak harkaitzen babespean lehertzen diren bezala neguaren sasoirik oparoenean: isilean, intimitatean.

Zein gozoa den eta nola atsegin dudan sagar gorrixka bati maitasun giro horaila batean ausiki egitea eta bidenabar klakateko txiki hori entzutea. Zenbat...!

Postalaren kolore nagusia berdea da, orlegia, baina berde mota asko nabari daitezke arreta pixka batekin begiak gainean jarriz gero, eta honelatsu jarri dizkiot nik orain, arratsaldea ilunsentiari txanda uzten ari zaionean. Beraz, inolako lotsarik gabe -ume txiki batek arropa guztia kenduta hondartzan biluzik geratzen denean batere lotsarik ez duen bezala- esan dezaket berdearen biluztasun horren baitan postalaren intimitate sarkorra sentitzen dudala nahiz-eta sentiberatasun gutxiko pantaila zurbil honen aurrean egon, hots, aintzira sakon baten iluntasunean sentitzen den misterio ezkutuaren antzekoa.

Berde lizunaren gibelean beti txundituta utzi nauen miraria dakusat. Badakizu, ene adiskide hori, zeren gainean ari naizen. Miraria deritzot, eta ez nolanahikoa, mendi batzuen gailurrak elurrez jantzita ikustean gogora, trumilka-edo, etortzen zaizkidan esperantza baikor eta bultzagileek kitzikatzen didaten emazioari. Ezin dut saihestu. Hobe, ez dut saihestu nahi. Nire barrualdean gordeta izaten dudan indar berezia baino bortitzagoa da gailur zuri batek isurarazten didan likido biziarazlea... Orain, isurki zurixka postalaren aintzirara doa, pulliki-pulliki, neguan izoztuta egonik ere orain urturik dauden urekin nahasten delarik. Sarritan desiratu izan dut sinbiosi natural hori gertatzea, eta utopikoki gertatzea bada ere, pozik nauzu, eta pozik ikusten naute halaber nire zorionaren inguruan so dauden izei tantaiek.

Izei hauen albo bietan izaga txiki bateko ihiak dakuskit, Jaitzubiko Amute berunezko errekaren ertzetan garai batean ikusten nituenak bezalakoak: meheak, argalak, luzexkak, zutikorrak, malguak..., esan nahi baita, ur apalaren joan-etorriarekin maitemintzen diren horietakoak. Hauen ondoan, ez oso urruti, elkar maite duten pertsonak egoten dira, bata bestearen xarmaz zorion, lore gorri, hori eta basati batzuk aldamenean dituztelarik, berde orokorra eta nagusiaren monotonia astuna hautsi nahi bailuten.

Berunez tindatu uren hondoan harri geldoak daude, hilik bezala, naturaren beraren presioak kokilduta, umilduta. Arrain txiki, mehe eta iheskor horietakoren baten igeriketa leuna, zalua eta olinpikoa ikusiko balitz sikiera..., baina ezta hori ere. Ur uhinduen sakonean dauden kolorerik gabeko elementuek ez diote nire postalari merezi duen argitasuna eskaintzen. Dena bizitasunik ez duen ideia antzua bezalako material gogaikarria dirudi eta, beraz, postalean azaldu beharko ez lukeena. Aintziraren hondoan dauden gauza horiek ez dute zuhaitzen isla bera onartzen, eta egoera galkor eta hits horretan eraiki nahi izan dute beraien ezkortasunari dagokion sari magikoa. Beutza bertan sekulorun sekulotan. Amen.

Mendi zuriek, auskalo noizdanik, eraiki magale bigun-gogorrean eta samur-bortitzean etxetxo bat dager: txabola, etxola, sarobea, gordelekua, altxorra, borda..., zer ote? Zurezkoa dirudien etxola bertan jaio, hazi eta zuhaiztu diren enborrez eraikia eta jasoa da, nonbait. Txikia da, eta apetatsua, bi pertsona baino gehiagorentzat egokia dela nekez eta pekez kontsidera daitekeena. Ataburuan ez du ez izenik, ez zenbakirik, izenak eta zenbakiak sobran daude-eta bi izakien arteko amodioa gauzatzen den gune laztantxoan. Honelako kasuetan ulergaitza deritzot maitasunari izena eta zenbakia ezartzeari. Eta zuri? Jakin ote daiteke zein den zure iritzi preziatua honen gainean? Bestalde, etxolako tximiniatik ez da kerik irteten gorantz, kanporantz. Manera berean, kupla baten barruko giro goritik ez da sekula irteten kanpoaldera amodiozko komeriaren haririk: iturburu epel horrek hasiera eta bukaera iturburu bertsuan du.

Hau zoriona, bai! Baina etxolan kerik nabaritzen ez bada ere, isiltasuna entzuten da eta gorantz dagi zurezko leihoetatik nora berria aurkitu nahi duen bakoitzean, zeruetako hegaztiek perpaus berria eraiki nahi dutenean goiari ekiten dioten moldean. Han, erpinetan, isilaren gaitasun horrek bat egiten omen du urdinaren jabearekin, espazioaren hutsarekin, hutsaren habiarekin, habiaren karnaba eztitsuarekin, eztiaren itsaskortasunarekin..., desira grinatsuarekin osoki bat eginez.

Hau guztiau, ene adiskide hori, sentitu bezala esan dizut. Maitasunaren amua izan da. Jakizu.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta