Idazleak - Joxe "Bikila" Iriarte Zabaleta - Laginak - Ifrentzua

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxe "Bikila" Iriarte Zabaleta > Laginak

Narratiba

Ifrentzua |

Ifrentzua

I. Badakit gure gizarte post-industrialean jainkoek ez dutela eraginik gugan, eta natura bera hain urri eta eskas bilakatu dugu ezen ez baitu ematen bertan gaudenik; ez behintzat, Akab kapitainaren garaiko itsaso, oihan edo mendialde mitikoetan bezala.

Gurean dena da grisa, lilurarik gabekoa, baina ez arrisku gabekoa. Izan ere, burdinaz, zementuz eta silizioz beteriko oihan hilgarri honetan, gizakiok izugarrizko gaitasuna demostratu dugu, ametsak amets gaizto eta borrokak sarraski bihurtzeko.

Agian, horregatik, gizakia gizaki da, bere kontraesanean.

Akab bezala, ni neu bezala.

II. Akab kapitainaren istorioa. Moby Dick balea hiltzailea harrapatu nahiz, itsasoz itsaso, iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera, atsedenik gabe ibili zen urtetan, azkenean, etsaiarekin korapilaturik, ur urdina belzten den ezerezean betiko murgiltzeko.

Zergatik? (...) ezingo dugu jakin, Akab kapitainak aldean eraman baitzuen hilobira. Orriotan azalduko dizuedan hipotesia, beraz, ez da oinarritzen ikerketaren bidez lortutako froga arrazionaletan. Beste bide batetik abiatuko da.

III. Hasieran, itsasoarekiko pasioak mugitzen zuen Akab kapitainaren bizitza. Beste marinel askok bezala, edozein egoeratan egonik ere, benetan maite zuen itsasoa. Haizerik gabeko itsas barean, uhinen kulunka lasaian, arimaren soseguan, zoriontsu ikusten zuen bere burua; ekaitzaren begi-begian, berriz, ur zurrunbiloan irentsia izateko arriskuaren erdian, izuari hortzak erakutsiz, suspertzen zitzaizkion ahalmen guztiak; hego-haize egun argitsuetan, bela puztuen abiadapean lemari tinko eutsiz, ortzemuga eskuekin harrapatuko zuela iruditzen zitzaion, eta orduan arin eta libre sentitzen zen. Urduritasuna sortzen zion, ordea, laino itxiak inguraturik erdi itsu geratzen zenean sentitzen zuen galtzeko beldurrak; baina orduan frogatzen zuen enbor oneko ezpala izaki, begiak zabal-zabalik eta logurari eta nekeari aurre eginez, helmugara kosta ahala kosta iritsiko zela zin egiten zion bere buruari.

Edozein baldintzetan, edozein egoeran egonik ere maite zuen itsasoa!

Alabaina, ia ohartu gabe bale arrantzaren pasioak hartu zuen itsasoaren tokia. Are, ehizarenak. Horixe baitzen balearena, benetako ehiza (...). Denborarekin ehizarako zaletasun horrek beste guztia irentsi zuen. Kapitain baino gehiago ehiztari ikusten zuen bere burua, eta masta nagusiko zelatariak, balea! oihukatzen zuenean balezaleekin batera jaisten zen txalupetara.

Lema eskuan, arreta guztia jartzen zuen txaluparen gidaritzan. (...) Txaluparen brankan tente baino tenteago jarrita, uhin dantzaren baitan, brast! itsasoaren orroak berea irensten zuelarik, arimaren hondotik ateratzen zitzaion indar guztiarekin jaurtitzen zuen arpoia, balearen haragiaren bila. Ondoren, txalupari eusten zion, baleak ur sakonetan murgildu eta soka tenkatzean txalupari emango zion astinaldiaren zain.

Astinaldia jasan ondoren, soka metroka askatuko zuen txalupa eta balearen tartea handitzeko, honen hondoratzeak txaluparena ekar ez zezan, harik eta ihesaldia bukatu arte, lasterketaren nekez edo herioren poderioz.

(...)

Moby Dickekin topo egin zuenean, ordea, eta bizitza aldatu zitzaion. Munstroaren izeberg zuritasunak zirikatu egin zuen bere ausardia. Mendean hartuko zuen hura ere! Haren begi beltzetan islaturik ikusi zuenak, ordea, arima kikildu zion. Bere izaeraren alderik makurrena, harrapariaren benetako izaera, ezkutatzen saiatzen garen ifrentzua! Zeina, behin ikusita hari lotuta geratzen garen erremediorik gabe, argia itzalari eta eguna gauari bezala.

Batzuek deabrua ikustea deritzote horri. Nik ez dut infernuko deabruan sinesten, baina bai gure izaeraren tolesduretan ezkutaturik dagoen beste horretan. Ipuinetako txerrena baino askoz beldurgarriagoa da. Aurrerago mintzatuko naiz horretaz.

Moby Dick gorrotoaren sinbolo bihurtu zen Akab kapitainarentzat. Gaurko hizkeran esanda, barnean zeraman "aliena" ikustarazi ziona.

Aliena. Kanpotik kutsatua edo barrenean sortua, bost axola hori. Gure organismoarekin bat egindakoan gure bihurtzen baita eta azkenean gu bere. Eta hura akabatzeko, geure buruaz beste egitea baino ez zaigu geratzen.

Alabaina, ezin da akabatu edozein modutan. Ez du balio geure buruari tiro egiteak, edo itsasontziaren masta garaienetik uretara salto egiteak marrazoen bazka bihur gaitezen. Borroka oso bat eszenifikatu behar da, non bi aurkariek, elkarri talka eginez, borrokaren borrokan beren buruaz beste egin behar duten.

Horregatik, idatzita uzten dut, nireak egiten duenean norbaitek konpreni dezan...

IV.Talde bikaina antolatu dut nire azken ekintza burutu ahal izateko. Lagunek uste dute ekintza garbia izango dela, eta etsaia akabatu ondoren ihes egitea lortuko dugula. Nik bakarrik dakit ez dela horrela izango, etsaia maltzurregia baita modu horretan hiltzeko. Sarraski bat izango da, eta ni ez naiz bizirik aterako.

Gainera, nire lagunen iritziaren kontra, ez dut uste ekintza horrekin geure herriaren oinaze, min eta atsekabeek arinduko ditugunik. Putakume bat gutxiago, baina, diktadurak berehala aurkituko du bere tokia beteko duen norbait. Nik, ordea, azken hilabeteetan antsiatu dudan atsedena, aukeratutako moduan lortuko dut.

Nola iritsi naizen egoera honetara?

Gazte-gaztetatik izan dut indarrak haratago joateko joera. Ipar-poloak iparorratza bezala erakarri naute norberaren bizia arriskuan jarrita ezintasunaren mugak gainditzen dituztenen abentura eta istorioek, batez ere, bulkada etikoan oinarritzen zirenek, ongia egitea helburu zutenek. Ez nituen, eta ez ditut gogoko, inperiotzarren edo enpresa komertzialen mesederako lan egin duten abenturazaleak.

Horregatik, sartu nintzen tiraniaren aurkako borroka klandestinoan.
Urteetan, arraina uretan bezala ibili naiz zirraragarria bezain pozgarria egiten zitzaidan afanean. Badakizue, marinelak itsasontzian estualdiak izaten dituen bezala, guk geureak genituen, baina sator bizitza gogorrenean ere libre sentitzen nintzen.

Libre eta gogotsu. Izan ere, etsaia kolpatu beharreko egunaren bezperan kolkoa betetzen dizun tentsioak uxatu egiten dizkizu gainontzeko ardura eta nekeak, eta erasotzeko irrikak erraiak jaten. Batez ere etsaia harrapari anker bat denean.

Etsaia kolpatzea. Estreinakoan zorabioak gainditzen zaitu, eta isuritako odolaren aurrean zaila izaten da goragaleari eustea. Pixkanaka, ordea, ohiturak zaildu egiten zaitu, eta nahiz eta jomuga gertutik ikusi, oso urruti dagoela iruditzen zaizu, hainbeste, non ez diozun pertsonaren izaera antzematen; diana soil bat bihurtzen da, bonbak oso goitik edo misilak oso urrutitik jaurtikitzen dituztenei gertatzen zaien bezala. Tartean suertatzen dira biktima errugabeak edo gatazkarekin zerikusi zuzenik ez dutenak, eta horrek erraiak ziztatzen dizkizu. Azkenean, zeure buruari esaten diozu: akats deitoragarriak, baina saihestezinak. Zeharkako kalteak, borroka guztietako biktima errukarriak. Borrokak bizi zaitu.

Halako batean, zure Moby Dick partikularrarekin topo egiten duzu eta, bat-batean dena aldatzen zaizu. Etsai nagusitzat genuen arerioa, tiraniaren sinbolo gorena gure armen jomugan ikusi nuenean ohartu nintzen Akab kapitainari gertatu zitzaiona gerta zekidakeela.

Zer nolako sarraskia. Ni, taldekideak ez bezala, oso elbarritua baina bizirik atera nintzen. Baita etsai nagusia ere. Hala ere, nire zauriak oso azalekoak izan ziren nire barne urradurarekin alderatuta. Une hartan ikusi bainuen, amorruaren amorruz, etsaia hiltzeagatik edozein gauza egiteko gai nintzela, nire esku egonez gero. Edozein gauza!

Beste aldea ikusi nuen, nire alderik ilunena. Horrek izutzen nau!

(...)

Orain badakit, oroz gain, etsaia akabatzea (eta ez hainbeste bere existentzia posible egiten duen diktadura) bihurtu dela nire helburua. Ez dudala etsiko, nahiz eta garbi izan berarekin batera murgilduko naizela itsas beltzean edo infernu gorrian.

Eta orduan atsedena hartuko dudala. Izan ere, oso nekatua nago, oso nekatua!
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta