Idazleak - Joxe Anton Artze Agirre - Laginak - Txoria txori

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxe Anton Artze Agirre > Laginak

Poesia

Txoria txori |

Txoria Txori

Hegoak ebaki banizkio
nerea izango zen,
ez zuen aldegingo;
baina honela
ez zen gehiago txoria izango,
eta nik...
txoria nuen maite.


Aiei, maite dudalako,
nahi ez dudana nahi behar! :
urruntzen ikusi;
urruntzen, ezin hurbilago behar dudana
maite dudalako.
Urruntzen ikustearen saminak
ni poztu behar...
txoria txori dudalako maite .


Emazteak Senarra, Senarrak Emaztea


Emazteak ez du bere burua garbiago ikusten
senarraren begietan baino;
senarrak ere ez berea,
emaztearenetan baino.


senarrak sakonkiago ezagutzen emaztea,
beronek bere burua baino;
emazteak ere bai senarra, barrenago;
batak bestearentzat ezkuturik ez,
nork beragan ikusi nahi ez dituen ahultasunak ere
ikusten besteak, ikusten ez duen gezurrik ez.


Ahulaldietan, ilhunaldietan,
bata bestearentzat da indar, argi, abaro...

Emazteari senarra zaionean ate,
senarrari emaztea bide:
bata bestearen gidari ezin hobeak
nork bere izatearen betea iristeko bidean,
nork berak oker edo ments duena
zuzentzen eta osatzen elkarri lagunduz
maitasun haundiz,
maitasunak behartzen gaituen zuzentasuna
eta zuzentasunak eskatzen digun maitasuna ipiniz
elkarren arteko korapilo askatzaile.


Inor ez maitatua ez denik


Ez da den inor
ez ezer
maitatua ez denik;
maitatua izan ez bazen,
ez baitzen izanen.

ez eta ere lirauke inork izaten,
maitatua ez balitz taigabe!


Maite gaituenak
behin maitatu gintuen,
izatea ematean,
eta ez gaitu geroztik
maitatzetik utzi
ez inoiz utziko;

maite gaituenaren behingoa
betikoa baita beti!


Suaren Apez


Aitak,
aitak oihanetik egurra ekarri,
baina sua,
antzina antzinatik
gure etxeotan
etxeko sua, amak,
amak zaindu ohi zuen
arreta amoltsuz...

Bai sutondokoa,
bai eta, batez ere,
etxekoon bihotzondokoa:
lurrekoa bezala zerukoa,
zeruko sua.

Ama ohi zen suaren apez!

Amak sua zaindu...
eta ama, aitak!
Lurra bezain zain
dugu beti ama.


Zain, zutaz bi erdi egin aintzin
zeure zain-zain izan zenuen bezain,
zu jaiotzeko irrika bizian;
lehen zenuen bezain duzu zain orain,
haren altzotik, gero begipetik
urrundu arren zu urrun geroztik.

Zu zeuk agian ahantziko ama,
ez hala berak sekula zu, ume;
lehenago da bere buruaz
bertan ahaztuko, ezen ez zutaz;
zuk ama zeure duzun bainoago
baitzaitu hark zu bere-bereago.

Lotan ere esnairik, erne ama,
han urrutiko estultxo ixila,
zein bestek du etxean entzuten?;

Zain duzu beti ama zain guztiez,
bai uda bai negu, egunez legez gau luzez;
hala nola orain hemen lurrean,
lurretik joatean han zeruan,
zaude ziur, zain izanen duzu han,
beti ta beti zeruko etxean.


Lurra bezain zain
dugu beti ama.


Ama bezain zain
dugu beti lurra.


Lurrak maite gaitu


Zeruak lurra bezainbat
maite gaitu lurrak gu,
amak bere haragi den haurtxoari dion maitasun bertsuz,
eta amak bere haurra lez
eta zeruak lurra legez
zaintzen gaitu lurrak gu.


Lurrak maite gaituen bezala
maite bagenu guk lurra...!
lurrak ez luke gehiago guretzat isilgorderik.

Amak maite gaituen bezala
maite bagenu guk ama,
ez dakiguna jakingo genuke,
jakingo zenbat maite gaituen amak...
jakingo nola maite gaituen lurrak,
jakingo,
nola maite gaituen Jainkoak.

Zer nahi eta hura eman...


Zer nahi,
eta hura eman...
halere muttikoa trixte!


Zer gura,
zer eska,
eta hura ekarri...
halere muttikoa trixte,
trixte beti!


Nahi orduko,
eskatu ahala
eskuratu du nahi duena,
lortu gura duen guztia...
halere muttikoa oraindik trixte,
trixte baino trixteago!


Nahi duen guztia eman diote,
baina ez inork,
inork ez, behar duena!


Orain ulertzen dut, orain


Orain ulertzen dut, orain,
-motza naiz nonbait, kosta zait ederki ulertzea!-
zergatik hainbat eta hainbatek,
horrelako jende eta jendetzek
ez duten zerura joan nahi:

Ez dakit nondik,
ez dakit zeinek esanda,
baina jakin dute nonbaitetik
han, goi hartan, ez omen dagoela,
ez dutela telebistarik aurkituko,
ez futbolik, ez hanburgesarik caca-colagaz, ez txiklerik,
ez internetik, ez gona eta ez galtza bakerorik,
ez maxi-super-mega-ultra-hipermerkaturik...

Eta horretarako, zer karajotarako zerua, e?,
ifernu izateko...?


ba dirudi gure Jainkoak ez duela asmatu
zerua antolatzeko orduan,
besterik izanen baitzen
-a ze jendetzak orduan, a ze arrakasta arrakastatsua!-
baldin deabruari bururatu zaiona
Berari bururatu balitzaio,
eta zerua egin ordez Disneylandia egin balu.

guztiek nahi omen aberats izan


Esan, besterik esan ohi da,
uste ere, besterik uste ohi dugu,
guztiek nahi omen luketela aberats izan, aberats izan nahi ez duenik, inor ez munduan...

baina damurik,
zoritxarrez, ez da hala, jendeak ez du aberats izan nahi;
jendeak dirudun izan nahi du
diru asko eta gehiago ukanez, ez aberats, izanez.

Yin ľ Yang 6

Lur honetan ez duzu zorionik hain gozorik,
bere eztian,
ozpin ttantta ez darionik;
ez eta ere zoritxarrik,
horren gaiiatzik,
bere garratzean,
ezti tantatxoz eztitua ez denik.


Gaizki zaudenean, ez harritu, gaitz guztiak ez du eta ongia urruti.
ez harritu,
hori igaroko da eta.


Ongi zaudenean, ez harrotu,
on guztiak ere hor du eta gaizkia lagun.
ez harrotu,
hori ere igaroko da eta.


Zorionak bagaitu harrotzen, zergatik gaitu
zoritxarrak harritzen? Ez harritu, beraz, ez harrotu.

Nahi baduzu gaizkia ondu eta ongia hobetu, eta ez dakizkizun inoiz txartu,
ez harrotu! ez harritu!
ez bada harritzekoez harrotzeko, edota harrotzekoez harritzeko.


Ez harrotu, eta ez zara harrituko.
Ez harritu eta ez zara harrotuko.


Bizia, ederra da gero

bizia, ederra da gero!, ezer ez izatetik
guztia izateko bidean jartzen zaituenez...

bizia, ederra zinez,
ederrik ederren,
batez ere bizitzen ikasten hasi zarenean; batez ere biziari
hemengoa ez den hango,
hangoa baino haragoko argiaren
eta ederraren betea ami˝i bat dastatzeko garazia ukan duzunean...

Orduan, ordea, joateko ordua, hasi orduko joan beharra...!
bizi beharreko Sizia
ezin bizia, nonbait, hemen!

Ez gaituzte ezagutzen


erdaldunek ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan, eta hizkuntza arrotzean haiek ezin gu egiaz ezagutu, eta ezagutzen ez dena, nola maite?

guk ezagutzen ditugu heurak heuren hizkuntzan eta erakutsi diegu nola ditugun rnaite, haiek bezain ondo,
haien erdara guztiok ikasiz.
I uza gabe ikusiko dute hori
eta erdaldunok ere maitatuko gaituzte; maitatuko dute hemengo euskara, maite badugu guk geure hizkuntza.

eta ziur gaude, horiek ere,
gaur ez bada bihar,
erakutsiko digutela nola gaituzten maite gure euskara guk bezala ikasiz,
gure hizkuntza beren hizkuntza eginez eta gure herria beren herri, zinez.

ezagutzen ditugun bezala ezagutuko gaituzte
eta hizkuntza berak gaitu senidetuko guztiok.

elkarrekin bizi eta elkar ez ezagutzeak ez baitakar ezinikusia eta gorrotoa besterik;
eta, erne!,
gorrotoz duenean batak bestea menperatzenen, garailea izaten da-ta menperatuena; "erleak inor ausikitzen duenean,
bere burua ausikitzenago" duen bezala.

aldiz, maitasunaren bidez batak bestea garaitzen duenean,
bata nola bestea, biok irteten dira garaile!


Iturri zaharretik

Iturri zaharretik
edaten dut,
ur berria edaten, beti berri den ura
betiko iturri zaharretik.


Iturri zaharretik
edaten dugu,
ur berria edaten,
hitz bizia aditzen, beti berri den hitza,
betiko hizkuntza zaharretik.
Iturri zaharretik
edaten dugu,
ur berria edaten,
hitz bizia aditzen, kantu zilarra entzuten, beti berri den kantua, betiko isiltasun zaharretik...


Hitzaren h itz zirenez

Hitzaren hitz zirenez, Hitz beraren hitz gu ere.
Geure arbasoak bizirik ditugu geugan;
odolean ditugularik,
areago ditugu geure hitzetan bizirik, haiek bizi zituzten hitz berak bizi haik argitu zituzten hitz berek
argitzen baikaituzte gu ere.
Gure ahotik mintzo dira gurekin batera,
geurekin ditugu bizirik,
haiek kantatua guk kantatzean haiek bizitzen gu, guk bizitzen haik:

Geure kantuetan ditugu haik ere kantari, geure dantzetan haik ere dantznri,
haiek mintzo zutena mintzatzean dugun guztitan, kantatzen zutena kantatzean, dantzatzen zutena dantzatzean...
dantzatzean, kantatzean, mintzatzean, geugan ditugu bizi-bizirik geure arbasoak.

Li1i orok

Li1i orok,
baita xumeenak ere -begira bitxiloreari
orok dizkizu eguzkiaren aitzinean
bere hegotxoak xabal-xabal hedatzen,
erdiz-erdi zabaltzen,
argiminez golkoa goxatu beharrez...

gaua heltzean,
ilhunbearen aitzinean zeharo ixten, bere baitara biltzen, egunez bildu argia
gauean barrena astiro hausnartzeko...

(hau duk, hau, egunez argitan, gauez argiturik!)

Oi, lilitxo ezdeusok!,
ezer ez omen dakizuen lilitxo ezjakinok
dakizuena eta dagizuena horrenbeste omen dakigun askojakinok
bageneki eta bagenegi...

ez zenuketen, hainbatetan lez, hainbaten begien aurrean alferrik zabaldu eta bildu,
bildu eta zabaldu beharrik ukanen.

Hil aurretik h il ondokoa ezagutzen

Maite duena
ilhunbetatik argira jaio da,
itzaliko ez den argira;
argitik argiagora haren bidea, bizitik biziagora haren hats betea.
Ez esan inori, baina ez isilik gorde haatik.

Zerbaitek badigu, maitasunak digu hil aurretik bizierazten
hil ondotik biziko duguna sekulatan.


Maitatzeak derakusgu garbiro,
beste ezerk ez bezalako ziurtasun biziz, bizi duguna bizi betea dela,
hilko ez dena, azkenik gabea;
jaio aurretik ere gugan zena
hil ostean ere gugan datekeena.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta