Idazleak - Josu Waliño Pizarro - Hemeroteka - "Mundu honetatik aldentzeko datorkigu guri ondo magia"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Josu Waliño Pizarro > Hemeroteka

Diario Vasco

2008 "Mundu honetatik aldentzeko datorkigu guri ondo magia" | Nerea Azurmendi

Elhuyar Fundazioko Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaria izateko, arrazionaltasun eta pragmatismo dosi handiak beharko ditu seguruenik eguneroko bizitzan Josu Waliño (Zumaia, 1972) informatikariak. Txalapartaren eskutik dakarren liburuan, ordea, ez dago ez bataren ez bestearen arrasto handirik.
Liburu honi ipuin solte batek ireki zion atea...
Liburuko lehenengo ipuinak, lehenengo ateak, horrek zabaldu zuen guztia. Ipuin hura Galiziako lagun batzuek kontatutako istorio batetik sortu zen. Esan zidaten, han duten kondaira baten arabera, infernura jaisteko bederatzi ate daudela Galizian bertan eta behin, parrandan zebiltzala, lagun baten eraman zituela demonio bat duen eliza batera. Historia gustatu zitzaidan, ipuina idatzi nuen, EHU-k antolatzen duen fantasiazko ipuinentzako lehiaketa bat irabazi zuen, eta Txalapartatik deitu zidaten, atez ate liburu bat osa nezan proposatuz.

Eraman zintuzten Galiziako lagunek demonioa ikustera?
Orduan ez, baina orain dela gutxi beraiekin egon naiz eta esan zidaten ea joan nahi nuen. Ezetz esan nien. Nik ipuinerako mota bateko eliza eta mota bateko ingurunea imajinatu nituen, eta pentsatu nuen egiazkoa ikusteak agian hankaz gora jarriko zidala dena...

Baina egon badago...
Bai, badago. Kondairak dio hor dagoela infernurako ateetako bat.

Zeuk beste zortzi erantsi dizkiozu liburua osatzeko.
Modu batera edo bestera, ipuin bakoitza ate baten inguruan kokatu dut. Zeharka batzuetan, beste batzuetan modu zuzenagoan. Beldur handia ematen zidan bederatzi ipuin gai berdinaren inguruan idaztea, baliteke-eta behin eta berriro ate bera irekitzea. Hartara, ahalegin handia egin dut ipuin guztiak desberdinak izan daitezen.

Hamargarren bat ere badago, aterik gabekoa.
Ipuin guztiak desberdinak izan behar zutela hasieratik argi neukan bezala, ez nituen ipuin solte bezala utzi nahi, eta nolabait denari forma emateko beharra ikusten nuen. Zor moduko bat ere sentitzen nuen lehenengo ipuinarekiko, eta horregatik, ireki zuen bezala, horrexek ixten du zikloa.

Ateekin batera, Galizia da liburuko protagonista handia.
Infernurako ateen kondaira bertakoa da -hango lagunek esan didate benetako toki jakin batzuetan daudela bederatzi ate horiek- eta Galiziak, beste alde batetik, badu izaera magiko halako bat, mamu eta sorginen istorioetan joko handia ematen duen tradizioa.

Generoz aldatu gabe, Euskal Herrian izango zenuke bigarren liburu baterako gairik edo Galizian gorde duten kutsu magiko hori ahuldua dugu gurean?
Galiziak eta Euskal Herriak badituzte antzekotasun handiak, eta hemen ere badago oinarri mitologiko sendoa. Horrelako zerbait egiteko aukera egongo litzateke, noski, baina ez dut planteatu ere egin. Dena den, Galizian, oraindik ere, zerbait arraroa gertatzen denean meiga eta mouro-ei errua botatzeko joara handia dute. Iruditzen zait Euskal Herrian arrazionalago bihurtu garela, edo gehiago hautsi ditugula jatorriarekin eta tradizioarekin genituen loturak.

Tradizioa aipatu duzu, eta beldurrezko edo fantasiazko idatzizko literaturan ez dugu handirik, nahiz eta beste hizkuntza batzuetan irakurle asko erakartzen dituen generoa izan. Fantasia zalea zara zeu ere?
Bai, banaiz zalea, baina aspalditik nator ipuinak idazten eta ez dut inoiz genero honetakorik idatzi, nahiz eta irakurle bezala asko gustatu. Saiatu naiz idazten gero gustura irakurriko nukeen zerbait, eta horretan generoak lagundu dit. Eta aipatu duzun horretan arrazoi duzu. Liburuaren aurkezpena egin zuen Fernando Morillok -oso zalea da bera ere- horixe azpimarratu zuen. Pena da. Batez ere gazteen artean irakurle potentzial asko dituen genero batek euskarazko literaturan ere beharko luke bere tokia.

Genero honek beste arrisku bat ere badu: fantasia eta errealitatearen arteko marra lausotzea. Zeu, informatikari arrazional hori, nola mugitu zara eremu irristagarri horretan?
Ahal izan dudan moduan... Generoa fantasia izanda, joan zaitezke mutur-muturreraino eta dena ontzat eman. Maleta batean mamu bat sartzen duzun puntutik, edozein gauza egin dezakezu mamu horrekin, askatasun osoa duzu. Hori izan zen nire gain hartu nuen beste erronka bat: ea lortzen nuen sinesgarri izatea, baina jendea horrelako gauzak posible direla sinestera heldu gabe. Dena den, bideo-jokoekin eta egin diren saioen arabera, gazteek normalean oso argi daukate zer den errealitatea eta zer fantasia. Eta ez pentsa informatikariok bereziki arrazionalak garenik. Gure lanerako erabiltzen ditugun makinak mamuz eta iratxoz beteta dute barrualdea.

Garai batean mundua ulertzeko erabiltzen zituzten mitoak eta fantasiazko mundu horiek. Arrazionaltasuna goresten duen mundu honetan, zein funtzio dute fantasiak eta magiak? Zertarako gertatzen zaizkizu zuri lagungarri?
Nik Second Life moduko batekin konparatzen dut. Beste bizitza bat bizitzeko aukera ematen dizu, deskonektatzeko modua. Zeharo arrazional eta pragmatiko bilakatu gara, erabat gaude murgilduta egunerokoan, eta horrelako liburu bat irakurtzen hasten zarenean zure egunerokoan inoiz topatzen ez duzun mundu batera bidaia dezakezu, modu lasaiean. Gure aurrekoek mundua ulertzeko behar zuten magia, gauzei zentzua emateko, eta gaur justu kontrakoa gertatzen zaigula uste dut: guri mundu honetatik aldentzeko datorkigu ondo magia. Fantasiak gauzak beste era batera ikusten eta lasaiago bizitzen laguntzen digu.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta