Idazleak - Joseba Felix Tobar Arbulu - Laginak - Marx, hasiberrientzat (XXI. mendearen hasieran)

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joseba Felix Tobar Arbulu > Laginak

Saiakera

Marx, hasiberrientzat (XXI. mendearen hasieran) |

Marxengana itzuli beharko da? Alboratu behar da? Gaindituta dago? Itzultzekotan, argi dago ez gaudela exegesi baten aurrean, testu sakraturik ez baitago inon. Hortaz, hau ez da exegesi bat. Ezin izan daiteke. Marxen jarreraren aurka izango litzateke beraren testuak biblia gisa aztertu nahi izatea. Nolabait Marxez haratago joan behar da, baina Marxek zeukan ekonomiarekiko kritikaren grina berriz ere berpiztu behar dugu. Horixe da hemengo (eta nonbaiteko) marxistei aurpegiratu behar zaiena, testuen exegeta bilakatzea, Marxen testuak biblia gisa irakurri nahi izatea, marxismoa teologia berri bihurtzea, eta teologia mota guztiak, jakina denez, denbora galtzea besterik ez dira.

Marxen iritziz, ekonomia politikoaren helburua (Kapital, I. bol.) gizarte modernoaren lege ekonomikoen oinarriak asmatzea zen. Horretarako gogor, sendo eta fermuki aritu zen, plusbalioa langileriaren ustiaketaren muinean jarri zuelarik. Baina Marxek ezagutu zituen aroak, baldintzak eta kapitalismoa bera erabat aldatu dira. Hortaz, berak ezin aurreikusi lan-indarra haren alokairutik ez ezik haren aurrezkitik ere esplotatua izango zela. Gertaera hau erabat berria da, kapital finantzarioaren fenomenoarekin sortua.

Kontua da XIX. mendeko kapital finantzarioaren analisirik sofistikatuena Marxi dagokiola (Plusbalioaren Teoriak, III. partea). Izan ere, kapital finantzarioaren garapena analizatu zuen, garapen hori mugagabekoa zela ikusiz, interes-tasa konposatuaren arabera. Baina hori guztia analizatu ondoren, analisi hori bertan behera utzi zuen, kapital finantzarioa kapital industrialaren menpe egongo zela aldarrikatuz. Beste edozein ekonomialari baino askoz gehiago kezkatu zuen Marx garapen horrek, baina azkenean uste zuen kapital finantzarioak bigarren mailako rola, menpeko eginkizuna zeukala.
Egun marxistak, oro har, ez daude kezkatuta finantza-munduarekin. Eta finantza-kapitalaz ez arduratzea fikziozko ekonomia analizatu nahi izatea da. Modu honetan, ekonomia-zientzia fikziozko zientzia bilakatu da, errealitatearekin inolako parekotasunik ez daukan denbora-pasa. Teoriek, marxismo ortodoxoak barne, errealitatea bortxatzen dute. (Ez dezagun esan halako hark aldarrikatu zuena: «Teoria ez badator bat munduarekin, askoz okerrago munduarentzat»).

Gaur bizi dugun sisteman finantza-ekonomia da, eta berau da ikertu behar dena; egoera berri horri aurre egin behar zaio. Sistema monetario eta finantzario autonomoa da produkzio-medio materialetatik, eta hain sendoa da ezen produkzio-medio horiek suntsitzen baititu. Finantza industrializatu barik, industria finantzializatu egin da (Marxista bati gogorregi iruditzen bazaio egoera berri hori, okerrago berarentzat, zeren errealitatea oso egoskorra baita). Okerrago oraindik, norberak finantza-erakunde handietarako lan egin behar du ordainketa-balantzaren defizitak eta funtsen fluxuak ulertu ahal izateko. Izan ere, nazioarteko merkatu finantzarioen funtzionamendua ez-intuitiboa da oso, Hudson ekonomialariak erakutsi digun bezala.

Hona Kuban, 2000. urtean, bertako Alderdi Komunistari Michael Hudsonek emandako hitzaldiaren zenbait aipamen adierazgarri.

Marx, orain dela mende bat, globalizazioaren alde azaldu zen, pentsatuz globalizazioarekin batera Asia, Ekialde Hurbil, Hego Amerika eta Ekialde Urruneko erakunde atzeratu eta zaharrak hautsiko zirela, lan-indarrari, langileriari lerro ekonomiko modernotan antolatzeko aukera emanez.

Baina hori ez da gaur gertatzen dena. Egungo globalizazioa desberdina da oso, ez baitira errepikatzen garatu gabeko herrialdeetan erdigunean dauden harreman ekonomikoak. Fenomeno berriak azaldu dira. Egungo nazioarteko korporazio handiek -eta hauen atzean dauden akziodunek eta bankariek- errenta eta interesa bilatzen dituzte. Enpresa global horiek ez dute inolako mozkinik jasotzen beren jatorriko herrialdeetan, zenbait gune berezitan baizik: zerga-paradisuko zenbait irlatan, itsasoz haratagoko banku-guneetan. Horrek ondokoa esan nahi du, alegia, herrialde konkretu batek bilatzen baldin badu inbertsiogile atzerritar batekin nolabaiteko mozkin gaineko akordioa lortzea, baliteke ezaren erdia jasotzea. (Korporazio global haiek beren mozkinak finantzagileei interes modura ordaintzen dizkiete. Halaber, haien mozkinak segurtasun kargen eta beste karga ez-produktiboen gaineko gastuak direla aurkeztu nahi dute).

Arazorik handiena finantzarioa da. Munduko industria sektore finantzarioaren menpe dago. (Marxek uste zuenaren aurkakoa, hain zuzen ere). Korporazio multinazional handiek ez dute bilatzen plusbalioaren fenomenoaren bidez garapen gabeko herrialdeetako langileria ustiatzea. Batez ere lurra, baliabide naturalak (meategien gaineko eta monopolioen gaineko eskubideak) eta kanpo-zorren bitartez gobernu desberdinek antolatutako baliabide publikoak (tren- eta hegazkin-sistemak, telefono- eta komunikazio-monopolioak, telebista publikoak, petrolio-, gas- eta energia elektrikoko monopolioak) bilatzen dituzte, berauek prezio baxuan erosteko, gero lan-indarraren gizarte segurantzako aurrezkiak pribatizatu nahi dituzte, korporazio horietan partaidetza izateko, prezioak altxatzearren.

Hitz batez, inbertsiogile globalek ez dute nahi garaturik gabeko herrialdeak garatzea eta plusbalioaren mekanismoaren bidez kapital berria sortzea, jadanik eraturiko kapitala eskuratzea baizik. Horretarako, pribatizazioa eta globalizazioa batera doaz, zeren langileria murriztu behar baita. Enpresa erraldoiek langileak botatzen dituzte, langileria murrizten, gizarte segurantza pribatizatzen eta burtsa-merkatuen espekulazioa bultzatzen, ez dute nahi Marxek azaldutako langileriaren esplotazio zuzena.

Munduko ekonomia eta beraren sistema finantzarioak planifikatuta daude, ez gobernu desberdinen bitartez, finantza-ingeniaritzaren bidez baizik.

Alokairuak murrizten dituzten bitartean, langileak bultzatzen dituzte beren pentsio-funtsak eta gizarte segurantzako aurrezkiak burtsa-merkatuan jartzera, burbuila finantzarioa puztuz. Prozesu global hori NDF Nazioarteko Diru Funtsa delakoak eta Munduko Bankuak babesten dute, gobernu desberdinei esanez beren arlo publikoak saldu behar dituztela.

Baina, ekonomialari amerikarrak aipatzen duenez, statu quo finantzarioa ezegonkorra da. Hortaz, sistema finantzarioa nolabait erregulatu beharra dago. Horren guztiaren aurrean, Hudson ekonomialariak kontra-estrategia bat proposatu du. Hitz batean, eta aipu luzea laburtzearren, interesen, aseguruen eta karga parasito ez-produktiboen ordainketa baino lehenagoko errenta-zerga bat martxan jartzea, hala maila nazionalean nola nazioarteko mailan. Halaber, inbertsio produktiboa bultzatuko duen merkatu-sozialismoaren antzeko bat, zeinak Munduko Bankuari eta NDF delakoari aurre egin behar baitie.

Nahikotxo lan teorikoa alferkeriatan eta ezertarako balio ez duen sasi-teorietan segitzeko. Lot gatzaizkion eginkizun berriari. Marxez haratago joanez, baina Marxek zeukan kritikarako grinarekin, kapital finantzarioa dugu aztergai.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta