Idazleak - Jose Maria Etxaburu Etxaburu - Biografia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Maria Etxaburu Etxaburu

Ondarroa, 1913-Hondarribia, 2006.

Jose Mari Etxaburu Etxaburu "Kamiņazpi", bazkidea eta euskaltzain urgazlea 2006an hil zen, 93 urte zituela. Ondarroan jaio zen, 1913ko irailaren 23an. Ondarroan jaio arren, ia bizitza osoa eman zuen Hondarribian.

Haurra zelarik, eskolara joan zen, baina hamabi urte zituela lanean hasi zen, Ondarroako arrain lantegi batean. Hamabost urterekin musika bandan sartu zen eta solfeoa eta saxofoi altua ikasi zituen.

Osasun arazoak zirela eta, "Kamiņazpi" ez zen gerrara joan eta Donibane Lohizunera egin zuen alde. Han urtebete egin zuen, gero Landetara joan zen eta beste urte bat igaro ostean, Donibane Lohizunera itzuli zen, harik eta Bigarren Mundu Gerra hasi zen arte. Azkenean, Ondarroarako bidean zela, preso hartu eta hainbat kartzelatan izan zen. Libre geratu zenean Ondarroako bere etxera joan zen. Ezkondu ostean Hondarribira joan zen bizitzera eta han eman du bizitza guztia.

Hogei urte zituela, herriko berriak idazten hasi zen Ekin aldizkarian. Era berean, Euzkadi egunkarian idatzi zuen, "Iturri ondo" eta "Iturrondo" ezizenekin. Gerra amaitu ondoren, 1957an hain zuzen ere, Zeruko Argia aldizkarian idazteari ekin zion, bertan hautatu zuen "Kamiņazpi" ezizena. Honez gain, Goiz Argi, Karmel, Anaitasuna, Jakin eta El Bidasoa aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak.

Pan-Pin umeei zuzendutako aldizkarian, berak prestatu ohi zuen bizkaierazko orria. Ondarrabiako kondaira idatzi zuen, bai eta bertso berriak ere, eta Auspoan argitara eman.

Sari ugari jaso zituen, besteak beste, Irungo lehen literatur lehiaketako sari nagusia, Errijaiak eta San Martzialgo Alardea lanari esker, edota Gernikaren 600. urteurrena zela eta, herri horretan antolatu zuten lehiaketako bigarren saria, Maitasunaren arantzak idazlanarekin.

Euskara debekatuta zegoen garaian, gramatika ikasketak prestatu zituen eta Ondarroan zegoen maisu galiziar baten laguntzaz, euskara irakasteko tokia lortu zuen. Eibarko ikastolaren sorreran ere parte hartu zuen.

1966ko azaroaren 25ean, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. 2001eko azaroaren 30ean, Hondarribiko Udalak omendu zuen. Euskerazaleak elkarteko kide zen, eta arestian esan bezala, EIEko bazkide.

1968an Hondarribiaren gaineko liburua argitaratu zuen, Ondarrabiako kondaira (Itxaropena). 1989an, memoria liburua kaleratu zuen: Nere lau urteko ibillerak (Etor, Auspoa bilduma). Guda zibilean ikusitakoak eta bizitakoak kontatzen zituen. Ondoren, Frantzian erbesteratu zen. Bertan eman zuen, pinu mozketan ere jardun behar izan zuen, zenbait denbora Euskal Herrira itzuli aurretik. Frankistek preso hartu eta behartutako beharrak egin behar izan zituen Aritxulegiko tunelean. Ondarroako euskalkian idatzi zituen, frankisten beldur, sekretupean gorde beharreko aipatu memoriak.

1991n bere artikuluen bilduma kaleratu zuen Itxaropena argitaletxeak, Nere idazlan bilduma izenburuarekin.

1995ean Ondarroako kontuak (Sendoa) liburua eman zuen argitara: bere jaioterriko antzinako kontaerak eta kutsu pertsonaleko historiak tartekatzen ditu aipatu lan honetan.

BIBLIOGRAFIA

1968 Ondarrabiako kondaira | Itxaropena
1989 Nere lau urteko ibillerak | Etor
1991 Nere idazlan bilduma | Itxaropena
1995 Ondarroako kontuak | Sendoa

GEHIAGO IKUSI

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta