Idazleak - Jose Mª Velez de Mendizabal Azkarraga - Hemeroteka - Velez de Le Carre

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Mª Velez de Mendizabal Azkarraga > Hemeroteka

Euskaldunon egunkaria

1996-05-11 Velez de Le Carre | Ibon Iribarren

Zaila da benetan espioitza nobela baten nondik norakoa agertzea. Hauetako mila liburu zehaztasun gehiegirik gabe konta behar banitzake, azalpen bakar batekin nahikoa nuke beharbada. Hain baitira antzekoak nobela hauen oinarriak!
Alabaina, liburua esku artean dugula irakurtzea bestelakoa da. Hamaika dira sortzen diren korapilo, arazo eta tentsio-uneak, liburu batetik bestera aldatzen direnak gainera. Azal berdina duten mundu guztiz ezberdinak.
Eta hortan kokatu behar dugu Moskuko Gereziak, espioitza nobelaren aro berriaren seme bezala. Izan ere, askok uste zezaketen alderdi komunista erortzeak espioitza nobelen amaiera ekarriko zuela, jenero zabal eta arrakastatsu bezala bederen, eta apurrak izango zirela aurrerantzean gai honi lotuko zitzaizkion istorioak. Noski, berrogei urtez etsai beldurgarri eta misteriotsu izan diren nazioak miseria latzean murgildurik direnean, zein arrisku topa liteke nekez min egin dezakeen estatu bat zelatatzen? Eta are gehiago, zein interes izan lezake inork arrisku hori bilatzeko?
Guretzat zorionez, beti izango da abenturak sortzeko aukerarik paper baten aurrean. Hori dela eta, espioitza idazle zenbaitek mendebaldeko nazioen eta arabiarren arteko gatazkak hartu ditu aitzakiatzat; beste batzuk ostera, Sobiet Batasun ohian bertan geratu dira azpikeria zirraragarrien bila.
Hauxe dugu nobela honen kasua. Kosme Zubiak, edo Javier Camenok esan behar agian, amerikarren plano batzuk lapurtzeko mandatua jaso du eta horretarako Moskurantz jo behar, noren agindupean dagoen ere jakin barik. Gure agenteari, bakardadeak eta guztienganako mesfidantzak baino ez baitiote lagunduko Moskuko gereziak operazio guztian zehar.
Velez de Mendizabalek ederki ezagutzen duen hiria da Mosku —negozioek naharoki eraman dute bertara, eta Larisa, nobelako atsoak berak itzultzaile lanak egiten zizkion—, eta ederki baliatu da hortaz. Kiratsa darion gizarte batean onak eta gaiztoak bereiztea alferrikako lana dela antzemango du Zubiak Moskura iritsi bezain pronto. Lehen komunisten eta kapitalisten arteko marra zehatz eta garbia zen. Arazo bakarra, zein zegokion alde bakoitzari igartzea. Gaur egun, aldiz, alderdirik ba ote dagoen ere dudatan jartzen zaigu hasieratik bukaeraraino, bakoitzak bere aldetik jokatzen baitu partida honetan.
Espioitza nobela bati dagokion legez, luzaz ez dugu jakingo zeinek sartu dion ziria nori eta Kosme Zubiak ere ezin asma amerikarrek zer nahi duten, errusiarrek zer dakiten eta bera zenbateraino dagoen arriskuan. Urrats bakoitza tentuz eman beharrekoa da, azkena izan bailiteke. Baina pentsa zitekeenez, azken orrialdeetan Velezek azeleragailuari gogor sakatu dio eta abiada bizian era guztietako aurkikuntzak egingo ditu Kosme Zubiak. Arrakasta eta porrotaren artean urrats bakarra dago eta batetik bestera dantzan ariko zaigu berau, kolokan.
Hizkuntzaz erraz baina argumentuz erne egoteko modukoa gerta litekeen nobela dugu hau beraz. Jenero beltza maite dutenentzat aproposa, baita idazki sakonak alde batera utzi eta une atsegin bat igaro nahi duen irakurlearentzat ere. Nik faltan sumatzen ditut horrelako liburu gehiago…
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta