Idazleak - Jose Mª Velez de Mendizabal Azkarraga - Hemeroteka - Koxme don´t fail

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Mª Velez de Mendizabal Azkarraga > Hemeroteka

Argia

1996-09-29 Koxme don´t fail | Itxaro Borda

Berlingo hormaren erorketak mundua, batez ere espioien mundua itxuraldatu du. Gerla Hotz hura gesaldu eta epeldu da naski. Giro nahasi eta uher hortan, arraina bezain trebe igerika ari zaigu Koxme Zubia, Josemari Velez de Mendizabal aramaioarrak asmatu euskal espioia. Honek preseki “Yehuda”ren ondotik, “Moskuko Gereziak” izeneko nobela eskaini berri digu Elkar argitaletxean.
Irakurria genuen nonbait, nobelaren oinarrian, idazleak berak Moskuko merkatu beltzean erosi espioitzari buruzko txosten bat zegoela, aitzineko denbora hormatuetan Top Secret klasifikatua. Velez de Mendizabalen eleberrian agertzen diren korronteak, espioitza teknika hipersofistikatuak Internet sarea barne erabiltzen ditu Koxme Zubia espioiak 25.000 dolarreko txeke hutsalaren truke.
Eta Koxme, gaixo Koxme! heltzen da, zafraldi batzu gora-behera, amerikanoen segretuzko giltza zenbaiten “ebastera”, ohartzeko ororen buru orden emaileak eta “ebatsiak” berdinak direla. Azkenean, sugeak bere buztana irensten du, xederak hersten direlarik. Atekagaitz ederrean dago Koxme. Buryat Asiasko errepublikara ihes egin heharrean, herio-mehatxuei gordeka eta amodio bila.
Obra honek, Koxme Zubiaren efikazia du: ez du astirik inon galtzen ametsetako lukainka miresten, nahiz bakarretan irakurle bezala nahiko genuen auherki ibili Moskuko txetxeniarren maffiak adibidez kudeatu ostatu lizunetan, vodka hurrupatu Moskova ibaiko altzo ilunetan, amodioa apur bat ere, izanagatik biluziena. Salbuespen horiek salbu, errez eta hondarrean gustura leitzen da “Moskuko gereziak” hau, nobelaren uhalek bike gehiago mereziko zuketela pentsatzen dugun arren.
Noiz dira Moskuko gerezien hontaroak?
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta