Idazleak - Jose Luis Alvarez "Txillardegi" - Laginak - Haizeaz bestaldetik

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Luis Alvarez "Txillardegi" > Laginak

Narratiba

1988 Haizeaz bestaldetik | Elkar

VI


Eta begiradaz, belarriz, usaimenez, ukimenez, Itsasoaren zantzuren bat bederen bilatzen nuen inguruetan. Baina aztarrenik ere ez nuen aurkitu.

- Ez duk inoiz aurkituko -entzun nuen berriro-. Irents ezak egia, ihesi-berri horretan latza bazaik ere. Eta egia hauxe duk: ez dela lakua, hire bihotzondoan, herioaren irudia baizik. Zergatik izutzen hau honek? Itsasoa bera lilura baizik ez duk. Itsasoa Ezereza duk. Itsaso bakarra... arnasa, eta garrasi, eta latsetako zurrumurru guztien atzean gelditzen bide den hori, iraunkor, baketsu, heuk herorren barrutik erasten duan jarraitasun-lilura urdina baizik ez duk_ Ez zegok Ezerezari datxekion Itsasoa baizik.

Eta isilune labur baten buruan:

- Itsasoa ez duk, izan, etsi ezak, Ezerezaren, eta Ezaren beraren, kolore-itxura urtsua baizik. Joana hintzen hi, joango dituk besteak ere, mendi horiek ere fundituko dituk mendeen buruan, eta ibaiak lehortuko, eta basamortuak urpean geldituko; eta gauza bera orain zapaltzen duan mendi-zelai harkaitsu gora hau. Dena fundituko duk. Eta lekuko isiltzat gelditzen bide den ilunpe horren izena besterik ez duk Itsasoa, belaunez belaun elkarri gizonek ikasia eta erakatsia. Bere igarokorrean, bere txinpartasunean, egon hazegok lakua: lipar batez bederen, hasperenen kide itzurkor gisa bederen, izana duk.

Zorabiatu uste nuen. Uste izan bainuen nik, bizaz, eta gaztaro guztian zehar batez ere, Itsasoa bilatzen nuela eta behar nuela, eta ene barneak ez zuela inoiz besterik ezertan pausatu uste.

Baina Itsas-orroa beti ari:

-Heroina dastatuz gero, ez heroinaz, eta ez heroinarik gabez: gezak gogait, eta tontorrak urrunkor, iritsezin... Goiz geldi apal hari jarraiki zitzaion gau goren beroak galdu hinduen hi. Gailurrera eta gero, labarrera ere eraman hinduelako, jaitsi-beharraren malkor izugarrira; gizakiak oro, herrenkada azkengabean, eramaten dituen bezala. Hots, Itsas-kresala hatsartuz gero, Iakua gutxiets; baina Itsasora ezin! Eta hireak egin dik. Itsasoa urrunean bederen ikusiz gero, urdin zabal geldi hori behin bakarrik betetsiz gero, kitto baita bakea.

-Ez segi, otoi! Gehiegi da dagoeneko! Otoi! Nahiago itsu izan! -nik oihu etsian.

-Jakitea dukek, berriz dinotsat, haize-bala berri horren prezioa. Hik jakin egingo duk oraingoan... Entzun: goiz geldi apal hartara behar duk berriro... eta goizaren aurreko urteetara. Geroztikakoari, uko; eta, ahalean bederen, ahaztu egin behar. Ez zegok beste zuhurtzira biderik. Hark egokiro esan zuen: «amaren sabelera behar».

Eta neure lokamuts nahaspilatsuan (baina, lokamutsa ote?), eta tximist azkarraren ziztuan, behinolako hondartza horiska eta legartza urdinskaren irudia agertzen zitzaidan, behin eta berriz: ene mugarri nagusia!


Eta pasa nuen tren-zubia, eta ezkerraldean «Gurutzia» ostatua utzita, eskuinera joan nintzen; eta hain maite nuen Getharia-ko talaitik bezala, uraz gaineko harroketan barrena, olatuak, olatu apartsuak, elkarren segidan lehertzen ari ikusi nituen.

-«goiz geldi epel hartan,
Itsasoari adiorik erran gabe
aurrean genuen Itsasoaz oroitu ere gabe
goiz geldi epel hartan... polliki-polliki
gintunan joan
bi biok»...


Eta, egia da, aitor dut, biharamunean oroitu nintzen Itsasoaz... biharamunean bertan, bai; baina ez lehenago. Egia hutsa!

Eta nolako bakardadea Getharian, biharamun hartan! Zein hutsa talaitxoa! Zein zabala, betea eta urdina aurrekaldeko Itsasoa! Olatu apartsuen ilara azkengabe hartan, nolako malenkonia!

Eta esaldi hura gelditu zen nigan betirako iltzaturik: eguzkia agertu orduko, poesia iraungi...

Itsaso berrituari so paratu nintzen biharamun goiz hartan, tristaturik, egiaren latzak argiturik. Eta poeta anaiaren mezu bikaina entzun; eta zinez, eta lehenengo aldiz nik uste, errotik ulertu eta sinetsi nuen. Ahots lakar hura enea zen benetan biharamun hartan:

«Maite ditut
maite
gure bazterrak,
lanbroak
izkutatzen dizkidanean
zer izkutatzen duen
ez didanean ikusten uzten,
orduan hasten bainaiz
izkutukoa...
nere barruan bizten diren
bazter miresgariak
ikusten»...


... eta Txubillo-ko pinu-adaburu kulunkariez oroitu nintzen; eta udazkeneko arratsalde askotan niri, ibiltari bakarti honi, tarteetan ageri ohi zitzaidan Itsaso zabalaz. Baita goiz geldi epel haren ondoko gau kiskalgarrian nigan sartutako ezpata ezti haietaz ere: «beti», «sekula ez»...


Eta higuinduta, hau esan nuen:

-Geronek ezarritakoaz kanpo, ezer ez!... Hutsa eta behera-beharra, geure liluraz eta olerkiez apaindu, hornitu... estali! Gogorra giza-patua!

Eta ilundu egin zen zerua bapatean, eklipseetan baino aisa aguroago.

-Itsas-mugaz bestaldera -ilunaldi berrian ni goraki mintzatu ustez, baina ene hitzak eztarri minberatik ozta-ozta irteten zirela- Itsas-mugaz bestaldera, urdin Oskarbia... Hots, Oskarbia, eta beronen urdin aratz sakona, gizonaren lilura-iturri azkengabe hori...

Ezin jarrai.

-Gizonaren lilura-iturri azkengabe hori, Oskarbia... hutsik dago!... Bazter miresgarriak nigan daude... inon ez daude. Ez bainaiz ni, zinez, udazkeneko orbela baizik!!

Eta zirrara lazgarri batek inarrosi ninduen:

-Baztergabea... betierekoa... hutsik... hutsak... hitzak... hitz hutsak!... Horra gure bazka!

Eta lurrera bota nuen neure burua, zakarkiro, ahal nuen eta basakienik; harrokaren kontra neure kopeta kraskatu, neure garuna kaskezurretik jauzarazi, eta harrokazko zelai gupidagabeko artezietara eta arrailduretara, liskatsu, odoltsu, lerratzen ikustekotan... eta kordea, eta bizia bera (zergatik ez bizia?), eta neure azken haize bala geldikor hura, galdu nahiz.

Baina oinaze izugarria harturik ere, ez nuen kordokatzea lortu; are gutxiago neure buruaz beste egitea. Eta harkaitsuago iruditu zitzaidan Ahüñemendi ondoko eremua.

Eta kolamuts betean, nik uste, eta buruko minak gorputz guztia burura biltzen zidalarik, erantsi nuen:

-Baztergabea... betirako bakarral... Ezereza... Zer da, horretaz, mamu ilara erotzaile hau?

Ba bide nekusan anaiaren ikuspen berbera: «esa fatídica procesión de fantasmas que van de la Nada a la Nada».

Eta harkaitzarteko arrailduretan nekez hazten zen aukan bestalderako bidaian atzeman uste nuen neure burua: «Etsi ezak. Ezereza gainditu ezina duk».

Nork idaroki ote zidan niri, bada, osotasuna eta bururaino heltzea nahi nituela nik azken funtsean? Zerk edo nork desbideratu eta errebelatu ninduen ni honen errotik gaztaroaren ilunabarrean?

-Baniak betirako -entzun nuen berriro mortu harrizu zabalean lehengo ahots ikaragarria, eguna zabaldu ahala ozenago-. Baniak, bai; eta, aldegin aurretik, nik esango diat nor.

Min ematen zidaten bi begiek.

-Heuk duk saldu, heuk duk errebelatu heure burua. Ez hitaz kanpo xerka madarikagarririk; ez zegok eta. Higan izkutaturik, baina beti ere gidari eta eragile, datzan jainkoak itsutu hinduen. Zergatik tristatzen hinduen, Irailean, mendi mazeletako txilartza apalen more zabalak? Oroitzen al haiz? Txilar-lorea, udazkenaren aintzindari. Eta hik udazkena nahi ez; udazkenik nahi ez, hobe. Larrazken hosto eihartuen kide umila izan nahi ez hik... Zergatik ez, ordea?

Eta segundo batzuren ondotik:

-Entzun ongi! Mugarik eza, beltzaren trinkoan eta hutsunean duk sakon, mugagabe eta ezinago eskerga; ez, ordea, besterik ezertan. Eihartzeko eta lehortzeko ikarak asaldatzen hinduen, eta orain ere asaldatzen hau. Orbelaren izakidetasuna ezin hik onar. Orbela zapaltzea atsegin zaik, halere... Haize bala azkarretan, bestalde, orbelaren hegaldatzea gertatzen da inoiz. Ez duka behin ere ikusi, zirimolatan gora? Menturaz hi heu ere, orbel eta, hire zelai behere horretan haize balak daudeno, aidean gora hegaldatuko haiz.

Eta Itsas-orroaz mintzatua zen ahots gorgarria betirako isildu zen. Betirako.

Eta malkorik ezean, eguzkia zeruan gora ari zen artean, harroka arrean egon nintzen luzaroan, bertan eserita; eta oka egin beharrez, baina oka ezin eginik.

Eta neke akitzailea, azkenean, mendi-mendiko eguzkiaren beroa lagun, goragalerik bortitzenei ere nagusitu zitzaien.

Eta Ahüñemendiko tontorra izan zen ene loaldi haren lekuko bakarra.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta