Idazleak - Jose Luis Alvarez "Txillardegi" - Hemeroteka - Karlistaldia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Luis Alvarez "Txillardegi" > Hemeroteka

Diario Vasco

1999-08-14 Karlistaldia | Felipe Juaristi

Uda luzea denez, eta denbora nolabait engainatu beharra dagoenez, karlistaldiei buruzko liburuak irakurtzeari ekin diot. Epikoak dira batzuk, historikoak besteak, baina badira aleren batzuk eleberri antzekoak direnak. Egia esan behar badut, horiek ditut maiteenak. Bi aipatu nahi ditut bereziki: Unamunoren “Paz en la guerra” eta Txillardegiren “Putzu”. Unamunok, bilbotarra izaki, Bilboko setioaldia kontatzen digu. Eleberri konplexua da eta bertan ageri dira Unamunoren hainbat ideia, gerora ere bermatuagotzen joango direnak. Esaterako: historiaren eta barne-historiaren arteko aldeak eta ifrentzuak. Unamunok uste zuenez, alde bakarretik doa beti Historia, barne-historia ez beti alde beretik. Historia-liburuetan ageri diren gertaerek osatzen dute, noski, Historia; barne-historia, ordea, ez da historia-liburuetan ageri. Unamunok maiteago du barne-historia, pertsonaia xumeena baita.

Txillardegik ere bereizten ditu bi kontzeptuak, oso nabarmen gainera. Badakit ez dela Txillardegi oso Unamunozale, baina bataren eta bestearen artean uste baino antzeko kontu gehieago daude (hala uste dut). “Putzu” izeneko pertsonaia karlista sartu eta Karlos Setimoren aldeko boluntarioekin biltzen da, gerra egiteko. Txillardegik gerrako gorabeherak kontatzeaz gainera, pertsonaiaren barne-gatazkaren berri emango digu, haren aldaketaren lekuko egingo gaitu irakurleok oro. Txillardegirentzat, Unamunorentzat bezala, karlistaldia nolabaiteko eredua izan da. Biek gerorako ikasgaiak atera nahi izan dituzte. Dena dela, Txillardegi ez da Unamunoren ondorioetara iristen.

Nobela, esan dezadan, arin irakurtzen den horietakoa da eta, akats txiki batzuk dituen arren, oso duina da, bai egituragatik nola idazkeragatik.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta