Idazleak - Jose Luis Alvarez "Txillardegi" - Hemeroteka - Egiaren gezia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Luis Alvarez "Txillardegi" > Hemeroteka

Euskaldunon egunkaria

1999-07-17 Egiaren gezia | Markos Zapiain

Txillardegi filosofo klasiko bat da, Platonen ezpalekoa, zentzu bitan bederen: egiaren bilatzea du grina nagusi (”egiak izan behar du hautuan gidaria”, dio); eta aurkituriko egia zabaltzekotan politika darabil, baina baita alegia ere. Jadanik Oraindik ere Karlismoa nagusi EuskalHerrian Huntaz eta hartazeko artikuluan adierazi egiak, orain Putzu-ren bitartez herrian hezurmami daitezen ahalegindu da.

Historia ofizialak ezkutatu egin digu Putzu-k nabaritu duen egia: karlismoa ez zuten Jainkoa eta Erregea lehenesten zituztenak bakarrik osatu; karlismoan baziren XX. mendeko abertzaletasunaren aitzindariak, burujabetasunaz gainerakoa deus gutxi axola zitzaiena. Txillardegiren hitzetan: “Euskal Herria, ia osorik eta behingoan, Don Karlosen alde altxatu zenean, Euskal Herriaren alde altxatu uste zuen herriak. Sorterria iratzartu eta salbatu nahi zuen”.

Jakina, pedagogiaren arabera aritu behar izan du Txillardegik, kontakizuna ahalik eta argien taxutuz, egia egokiro hedatzeko asmoz. Hamaika pauso amaitzen den lekuan hasten da Putzu-n zalaparta, Endarlatsan: biak dira eleberri sendoak, biak ederrak; baita oso desberdinak ere, noski. Zenbait goiargik Putzu-ren soiltasun formala mesprezuzko imintzio aristokratiko batez arbuiatzen du, ez baitu xilipurdi nouveau-a baliatu: irakurle pepelerdoa duzu hori, idorreriak jotako gizajoa. Putzu-k badu giharra, maitasuna, herrimina, heriotza, bizibizia da, makina bat pasarte zirraragarrik hornitzen du. Azken orduko egitura bitxikeria goitik beheiti betetzen duen hainbat eleberri posmodernok, aitzitik, kakamokordo batek bezainbesteko zirrara du eragiten. Irakurle osasuntsuak plazer hartzen du nola Hamaika pauso-rekin hala Putzu-rekin, eta biek diote gogoeta pizten.

Lan itzela egin du Txillardegik historia eta geografia xehetasunak ikertzen, XIX. mende amaierako Euskal Herrian barrena bidaiatzeko aukera paregabea eskaini digu; baina hori ez da eleberriaren azala baizik. Hauxe duzu Putzu abian jartzen duen kezka: zerk behartzen du berez baketsua den lagun bat “aski da!” aldarri egin eta fusila hartzera? Zergatik saiatzen da etnia bat aginte arrotzak ezarririkoa zulatzen?

Bizitza bat kontatuz

Erantzuna ez da soziopolitika tratatu zentzudun bat, baizik bizitza baten kontaera; ez kontzeptu andana, sentimendua baino; ez teoria, garrasia. Indarkeriaz ezarririko estatu zentralista batuari, desberdinaren, ihesaren, askatasunaren aldarrikapenak dio ihardukitzen. Halaxe mahaigaineratzen du Txillardegik auzia: guduan aurrez aurre ez daude, oroz lehen, gobernua eta herria, edo ekoizteko tresnen jabeak eta langileak; funtsezko gatazka etnia bakar baten zerbitzura dagoen aginte uniformizatzailearen eta mendean harturiko etnia hilduratuaren artekoa da.

Izan ere, Txillardegi ez da inoiz isilgordeka ibili ideologia kontuekin, eleberrietan ere ez. Azken eleberrietako bilakaera ideologikoa bat dator ETArenarekin: Exkixu-k egundoko gogoa sortzen zizun dozena bat zakur garbitzeko; Putzu-n berriz erabakiorrak dituzu Lizarra eta Garazi. Bi-biotan ageri da, hori bai, guduari artez ekitekotan maitearen epeletik aldendu behar mingarria, ezin hobeki adierazia.

Margolaritzan, zineman, literaturan, filosofian, zenbait obra funtsezko zahartzaroan baizik ezin izan da sortu: autoreak bizialdi osoko kezkak eta entseiuak era xume soil batez bildu, antolatu, gezi bilakatu eta etorkizunerantz jaurtikitzen ditu. Gezia ganoraz jaurtikiz gero, Txillardegik Putzu-n bezala, etorkizun hori, orain bilakaturikoan, gezi horrek zeharkatua izango da. Kurosawa, Kant, Turner, Chateaubriand dauzkagu adibide… eta baita betiko Txillardegi berria ere, Jainkoak gorde dezala.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta