Idazleak - Jose Inazio Basterretxea Polo - Laginak - Marearen erraietan

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Inazio Basterretxea Polo > Laginak

Narratiba

2006 Marearen erraietan | Alberdania

Marearen erraietan (Alberdania, 2006)

Taxi bana deitu dituzte Lorek eta Irunek. Arratserako bidean da eguna eta ama biak distiratsu daude, Beñat eta Maialen besoetan hartuta. Basurtuko espaloian daude, autoak noiz hurbildu zain.

Eguerdia bera ere distiratsua da, Bilbon gutxitan izaten den horietakoa. Udaberri eta uda hasieratan izaten dira, izan, egun argiak, zeru garbikoak eta haize fina usaintzera ematen dakitenak. Hala ere, gaurkoa bereziki da gardena eta atsegina. Ederra, beste barik.

Eman, ematen du autoek ez dutela hiria zikintzen euren gas ilunekin. Ematen du autobusek ura darabiltela. Ematen du ortziak ozono geruza osotu duela. Ematen du Bilbora sartzen den haizeak printze eta printzesa zoriontsuen amodiozko musuen fereka dakarrela. Eman, ematen du espaloietako oinezkoek Ravel entzuten doazela, magiazko eta misteriozko rapsodiaren bat, edo balet exotiko eta enigmatikoren bat, Dafnis eta Kloe adibidez.

Bitxia da Bilbok zein modu ederrean asmatzen duen bere buruaren metamorfosiarekin, zelan dakien eterrezko kotoiarekin biltzen bere protagonistak, zein erraz gozatzen duen bere begiratua. Eta ozpina bihurtzen xanpain.

Demagun Ravelen musikak gora egin duela, konpas luze horietako batean dagoela, marrubizko oihal bat dela musika-notei eusten dien pentagrama, eta airera askatu duela Iruneren ilea orkestrak isurtzen duen graziaren dohain miragarriak.

Enbarazu egiten dio begietako batean, eskuinekoan. Lorek erretiratzen dio begitik ileondo ero puska hori. Irribarre amultsua eskaintzen dio, atseginezkoa, magurdizko ezpain handiak zabalduz eta ahoko zuritasun distiratsuak erakutsiz. Aurpegia betetzen zaio kolorez.

–Izugarri distiratsu zaude.

–Ez al dut arrazoirik horretarako? Enbata beltzaren ondoren, begien aurrean daukat urrezko itsaskiaren ur gora.

–Bizitza aldatuko dizu Maialenek.

–Horixe besterik ez dut desio, ume honek bizitza aldatzea: beltza zuri egitea, ilberria ilbete…

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta