Idazleak - Jose Inazio Basterretxea Polo - Laginak - Mandatarien gerra

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Inazio Basterretxea Polo > Laginak

Narratiba

2008 Mandatarien gerra | Elkar

Mandatariaren gerra (Elkar, 2008)

Belarrira esan dio alargunari: “Zuretzat dira, Rosario; senarrak hala nahi izan zuen”. Ohiko eskularru beltzak erantzita hurbildu zaio bisitaria, atzamar zartatu eta behinola nabarmen kiskaliak agerian dituela. Tortura zaharren arrasto iraunkorrak.

Atzetik hurbildu zaio, zirimola leun batean. Joanetorri labur bat besterik ez da izan bisita. Txantxangorri ero baten jolaskeria, katazuri baten aitzinean.

Lodia da eguratsa Mexiko DF-n; eta, Miguel Hidalgo- ko panteoi frantsesean, itsaskorra oso. Bero erreak eta euri-jasa hurbilak bakarrik dakiten moduan mamitua eta gizendua da airea gaur. Ukabilkada lakarra jotzen dute tanta sarriek aurpegi babesgabeetan, kopeta soilduetan.

Hegala ezkerretara alboratuta daraman kapela beltz dotorearekin ezkutatzen ditu bisitariak aurpegia eta ile-mototsa. Gabardina grisaren lepo zabalekin bezala. Ezpain bete eta kalakariak baizik ez dizkio ikusten Rosariok. Ez kokotsik, ez begirik. “Heldu honi, arren. Parisen eskatu zidan Alberto Miguelek zeuri emateko”.

Ez oraingoz inoren aurrean erabiltzeko orri-laurden horiek, begi zoliak baitauzka sasiak. Etxean irakurtzeko, bakardade isilean; belarri luzeak baititu holtzak. Behar duen denbora baliatzeko… Olivetti zahar batean idatzitako paper horiek direla-eta akabatu dute senarra Frantzian.

Konturatu orduko, udagoieneko trumoi-tanta lodi epelaren moduan, lurrundu egin da berriemailea. Etorri den gisara, isilpean utzi du zeremonia. Ez du ezagutu alargunak.

Hitz egiteko moduagatik, itsasoaz bestaldeko espainiarra zen.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta