Idazleak - Jose Inazio Basterretxea Polo - Laginak - Azken tranbiaren itzala

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Inazio Basterretxea Polo > Laginak

Narratiba

2011 Azken tranbiaren itzala | Elkar

Azken tranbiaren itzala(Elkar, 2011)

Irailak hamalau, bosgarren aldiz hurbildu da asteon Otxategira. Makuluak lagundu dio baserriko ganbararaino hurbiltzen, polioak indarge utzi baitzion ezkerreko berna umetan eta hogeita hamar urtetik gora baitaramatza bere herrena ezkutatu ezinik.

Esku-argiaz baliaturik hasi du eguna Jose Santos Basabe Hiriartek. Sabai uger horretan, gogorapen eta bizipenak ari da biltzen begi-belarri. Zangoa ez eze, iragana eta oraina begitantzen zaizkio aspaldion motz, eta hotz.

Jakingura erikor batek erakartzen du egunero-egunero gizona mandiora. Urduri dago gainera, Karmenen bisita espero baitu eguerdian. Hamabietan azalduko zela agindu zion hark.

Karmenengan, haren gorpuzkera sotila miresten du. Haren azal leun eta zuria du atsegin. Haren katu-soa eta begi urdin gartsuak. Blue-jean estuak zeramatzan lehenengoz ikusi zuenean, Otxategi zaharreko giltzen bila izeba Margarirenera jo zuenean. “Ke-ai” arrunt batez agurtu zuen hark, jaka beltza askatu eta mahaira eseri zenean. Bular sendo haietan inkatu zituen begiak Jose Santosek.

Bi minutu lehenago, denek entzun zuten heltzen bere Kawasakian, zazpi eta erdiko motor gorri ederra, berrehun  kiloko altzairu hegalaria.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta