Idazleak - Jose Inazio Basterretxea Polo - Laginak - Aurkari Ikusezina

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Inazio Basterretxea Polo > Laginak

Saiakera

2003 Aurkari Ikusezina | Zerberri

KONTRAESANA
minez barrena


Munduan (herrietan, lurraldeetan, nazioetan, estatuetan, batasunetan) gizakiak eta gizarteak daude; beste berba batzuetan esan gura baldin bada: pertsonak eta taldeak. Eta nola pertsonak hala taldeak, nork bere izaera du: bere sentipen eta arrazoi propioak; esan nahi baita ezen, pertsonak euren nortasuna duten moduan, kolektiboak eurak ere euren ezaugarri-zerrenda partikularraren jabe direla eta gorputz autonomo legez ibili daitezkeela. Beraz, abiapuntu konplikatu baten aurrean gaude: zeren pertsona guztiak ez gara berdinak, herri guztiak ez gara berdinak, eta herri bereko pertsona guztiak ez gara berdinak. Denak gara berdinak, desberdinak gara eta.

"Nork bere begiekin ikusten ditu gauzak" irakurria diogu Arestiri; beraz, ezin esan inor beste inor baino gehiago dela, ez behintzat besteak ezinor direlako. Denak omen gara nor, batez ere geure etxean. Eta guk legez, besteek ere badute etxea. Hala ere, dena ez da dirudien bezalakoa. Eta erraza dirudiena, gaitza da, zaila. Zelan uztartu modu erakargarrian eskubide indibidualak eta kolektiboak, indibiduoak eta kolektiboak ikusten ez(in) direnean?

Desberdinen arteko elkarbizitza erosoa helburu hartuta, batzuen eta besteen desberdintasun berdintzaileak arautzea da kontua gaur eta hemen. Gutxi errespetatzen ei dira besteak. Besteenganako errespetua galduta egongo da, oro har, eta mingarria da oso. Baina errespetua galdu da batez ere txikienganako, besteak garen gu-geurenganakoa. Basarriren hurrengo bertsoa gogoratu beharko litzaieke askori; eta ez bakarrik kanpotarrei, jakina. "Errespetoa gorde zazue, ez jarri bide txarretik, hainbeste irain ez da egin bear, erri baten bizkarretik". Errespetua galduta: barrea eta iraina.

Desberdintasun indibidualak eta kolektiboak arautzea da gizarte modernoak burutzeko duen erronketako bat, elkarbizitza ahalbidetzeko; desberdintasunei eurei eutsita, horiek ezabatu barik, jakina. Eroso sentitu behar dugu desberdintasunean, disentsoan bizitzen berrikasi behar du gizaki modernoak; ahaztu egin zaigulakoan nago.

Estereotipoetatik intolerantziara bide laburra dago gizarte-komunikazioan; norbanakoen harremanetan, suspirio bat besterik ez. "Komunikabide burgesek populu tipien intolerantzia azpimarratzen dute ahantziz eta: estatu zapaltzaileek nazionalitate horiek minorizaturik dituztela1". Nago intoleranteenak ez ote diren tolerantziaren apologia gehien egiten duten horiek berberak.

Gauzak horrela, benetako arazoa ez da desberdinak ezin eramana, desberdinak ezin onartua baino (are larriago azken hau). Botereak herriari edo minoriei tolerantzia eskatzen dienean, Sarrionandiak dioenez, "beren negua ez dela jasatzeko hain gogorra, eta beren morrontza egonarriz sofritzeko agintzen zaie
Intolerantziaren zelaian, ankerrena ur bedeinkatzailea da. "Predikatzen zaigun mestizaiak seguru asko esan nahi du, miseriarekin kontent egotea izan behar duela gure destinoak. Txikizio asko egin eta gero hasten da mestizaia aberastasun izaten, historian kalbario asko bezala2".

1 Sarrionandia, J., (1988): Marginalia, Elkar, Donostia.
2 Azurmendi, J., (2003): "Irakurketari jarraituz gogoetan" in Aiestaran, I., Munstro abertzalea, Elkar, Donostia.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta