Idazleak - Jose Inazio Basterretxea Polo - Hemeroteka - “Eklipsatu behar nituen bonba handiak, gizaki txikiak biluztu ahal izateko”

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Inazio Basterretxea Polo > Hemeroteka

Elkar

2008-04-16 “Eklipsatu behar nituen bonba handiak, gizaki txikiak biluztu ahal izateko” |

Nondik etorri zaizu istorio hau idazteko ideia?

Barruan eraman izan dut beti Espainiako Gerra Zibila deitu zen faxisten estatu-kolpearen ondoriozko gudua. Francoren alde nola, haren kontra borrokatu zen nire familia; 36an bezala, baita gerora ere. Hurbil bezain urrun suertatu da gure etxean gerra: askotan hitz egin da hartaz, baina gauza gutxi kontatu da ganoraz, historiaren zientifikotasunaz indarturik. Gerrako dokumentu zaharrak arakatzen ari nintzen batean, pasarte fantastiko bat aurkitu nuen Aragoiko liburu batean. Ezezaguna zitzaidan orrialde haietan kontatzen zena, erabat berria. Txundigarria. Liburu hartan azaltzen zen Bielsako Poltsa deitutakoaren odisea zibil eta militarra. Hango pasarte batek erakarri ninduen. Irakurri ahala, zuriaren gaineko letra beltzak koloretako irudi bihurtzen zitzaizkidala konturatu nintzen. Iruditu zitzaidan printza hori, niretzat aurkikuntza zen hori, izan zitekeela fabulatzeko aitzakia eder bat. Narrazio labur bat idatzi nuen lehendabizi, baina gehiago eskatzen zidan kontuak. Eta, gertakariei beste buelta bat, beste itzuli bat eraginda, eleberria etorri zen gero.

Eta zenbateraino izan zara gertakariei leial, eta zenbateraino erabili duzu fikzioaren askatasuna?

Ispiluaren moduan funtzionatu dut. Ispiluari begiratu diot, eta han ikusitakoa narratu dut. Neronek begiratu diot ispiluari, eta neronek eraiki dut islaren interpretazioa. Erraz urtzen eta desegiten ez den harri bereko osagaiak dira historia eta literatura. Unibertsala da joko hori. Eternoa, esango nuke. Herri guztietan gertatu da iraganari begiratu eta Historia deskubritzea, lehen bezala, baita orain ere. Baina, zer da historia, eta zer literatura? Agian, teorian argi daukagu zein apaletan kokatu behar diren historiako liburuak eta zeinetan literaturakoak, baina, gauzak ez dira hain errazak izaten luma tintontzian zikintzen hasten zarenean. Marko Polok, Pertsian eta Indian ibili zenean, beste hainbat gauza txundigarriren artean, errinozero bat ikusi omen zuen. Bidaia haietatik bueltan, Veneziako bere etxekoen artean, bizitzan lehenengoz ikusi zuen animalia hura deskribatzean, unikornioa ikusi zuela esan zuen... Zer bestela ikusiko zuen, errinozeroa bazenik ere ez baitzekien! Fikzioa ez da historia, jakina. Baina, fikzioaren eta historiaren arteko harremanak oso dira estuak. Historiako liburuak irakurtzen ditugunean ere, nork bere buruan fikzionatzen du gertakari historikoa. Egin dezagun ariketa txiki bat: nola gorde du gutariko bakoitzak buruan Intxortako bataila?

Irakurleak berak fabulatu dezala


Espioitza-kontuak, egoera nahasiak, maitasun-istorio bat erdian... “Casablanca” gogorarazten du, baina Pirinioaren erdian...

Casablanca-n barik, Peña Blanca izeneko mendi-magal baten inguruetan gertatzen dira eleberri honetan azaltzen diren gehienak. Rol garrantzitsua jokatu dute Pirinioek gure inguruko gatazka armatuetan, Espainiako Gerran bezala baita Bigarren Mundu Gerran ere. Eta berdin lehenagoko batzuetan nahiz ondoren. Gerra Zibil hori aitzakiatzat hartuta, leku aproposa zen Pirinio mendialdea intrigazko eleberri bat kokatzeko. Eta, gainera, Pirinioetako bihotzean gertatua da abiapuntuko faktu erreala, historikoa: Bielsako Poltsaren baitakoa. Zirrikitu asko daukate Pirinio mendiek, eta historia eder bat du haietarik bakoitzak. Era berean, istorio trepidante bat kontatzeko aukera eman diezazuke urrun bezain hurbil dagoen zirrikitu horietarik bakoitzak. Mendia fantastikoa da, basajaunez betea eta basanderez korritua.

Nobela laburren sariketa irabazi du zure lanak; ez dakit generoak behartuta ala zeuk nahi zenuelako, modu eskematikoz kontatu dituzu sarritan gauzak, labur-zurrean.

Ipuina du oinarrian eleberri labur honek. Hezurdura eta elipsia dira narrazio laburren giltzetako batzuk. Labur-zurrean ibili banaiz, generoak hala eskatzen zidalako izan da. Baina, generoa neronen hautua izan da. Irakurleak berak hainbat gauza imajinatzeko beharra sentitu dezan kontatu dut istorioa hain modu eskematikoan. Irakurleak berak fabulatu dezan nik aurrez fabulatua. Behar hori senti dezan. Irudikatu zezan lekua. Istorioaren haria. Pertsonaien akzioen nondik eta norakoak. Duda egin zezan balizko traizioaren eta ezinbestezko bizitza nahasi eta errearen artean. Generoak behartu nau, baina gustuko beharretan, malda pikorik ez da.

36ko gerrari buruzko nobelak gehitxo dira batzuen ustez; beste batzuek diote oraindik gutxi landu dela. Zer deritzozu zuk?

Ez dut nik esango asko direnik. Gudu-zelaian jokatzen dira gerrak. Bai eta paperean ere, kazetan edo liburuetan. Gudu-zelaietako gerrak dira gehitxo, ez besteak. Genero moduan, erakargarria da gerra, dudarik gabe. Bizia da. Leherkorra. Uholde bat bezalakoa da gerra, tintontziaren ahoan. Ez, ez nuke esango 36ko gerra horrek dena eman duenik. Ez historikoki ezta literarioki ere. Literaturaren tasun handienetako bat da esana dagoena bestela esatea.

Kolorea eta fantasia


Istorio epiko handi baterako gaia zeukan kontagaiak, baina zuk berriz ihes egin diozu horri, edo “epika txikia” erabili duzu...

Gerra, desesperoa eta maitasuna dira eleberri hau zeharkatzen duten ardatz nagusiak. Liburu txikietako epika-arrazoi handiak dira horiek, nik uste. Ez da bataila sonaturik kontatzen eleberrian, pertsonaren hautu sonatuak baizik. Epika txikia bada hori, ondo, horixe baita eleberriak azaleratu behar zuena. Eleberrian, kontraesan batzuk kontatu nahi izan ditut: traizio militarra, eramanezintasun politikoa, bortxa-garaiko giza harreman pozoitsuak... horrelakoak daude presente istorio honetan. Epika ohikoari eta handiari ekin izan banio, bigarren maila batera kondenatuko zituzketen trintxera zartatuek gai horiek. Eklipsatu behar nituen bonba handiak beraz, gizaki txikiak biluztu ahal izateko.

Komunikazioaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza da zure lan-arloa; hortik kanpo, baina, narrazioak asmatzeari ekin diozu: zer ematen dizu batak, besteak ez daukana?

Testu zurruna idatzi behar duzu ikerkuntzan, hala eskatzen dute esku-liburu guztiek, hala desio omen du zientziak berak. Testu neutrala, ponderatua eta jantzia irakaskuntzan. Horiek dira Akademiaren estropadak dauzkan arauak. Fikzioak beste arraun batzuk uzten dizkizu eskuetan: oroz gain, kolorea eta fantasia. Gure fakultatean, testutik desagertzeko eskatzen zaio kazetariari. Eta, gertakariarekin fidela izateko kontakizunean. Narrazioan libreago naiz, nahi dudan kolorez margotu dezaket nire aurpegia, amestu dezaket, sui generis fokalizatu dezaket kamera... Eta halere, egia bat kontatu. Jakina, egia literario bat, ez derrigor historikoa, ezta ezinbestean periodistikoa ere. Argazki zuri-beltza ematen dit unibertsitateko lanak. Bestelakoa narrazioak. Biak behar ditut, geminis naiz-eta!

Eta aurrerantzean...?

Errail bi horien gainetik egin beharko du berriz ere trenak aurrera...

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta