Idazleak - Jose Ignazio Ansorena Miner - Biografia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Ignazio Ansorena Miner

Donostia, 1953.

Euskal musikarenganako zaletasun handia zuen familia batean jaio zen. Isidro Ansorena, txistularien Maisu ospetsua aitona eta aitaponteko izan zuen eta berarekin burutu zituen Txistu danbolin ikasketak Donostiako Kontserbatorioan bestelako musika arloekin batera. Filosofia eta Letretako Lizentziatura lortu zuen Deustuko Unibertsitateko EUTG donostiar ikastetxean, Filologia Erromanikoaren arloan. Bederatzi urtez gazteen irakasle izan zen Hizkuntza, Literatura eta Dramatizazio arloetan Donostiako Manuel de Larramendi ikastetxean.

Donostian ospatu zen I. TXISTULARI BAKARREKO TXAPELKETA irabazi zuen 1979. urtean, baita zenbait konposizio lehiaketetan lehenengo sariak ere. Donostiako Txistulari Taldeko Zuzendaritza, eta bertako Kontserbatorio Nagusiko Txistu Katedra ere lortu zituen oposizioz eta talde honekin lehiaketa garrantzitsuenetara jo ondoren, denetan Lehenengo Saria irabazi zuten. Kontserbatorio honetako zuzendari ere izan da hainbat urtez. Txistuaren afinakuntzaren aldetik, teknikaren ikerkuntza eta pedagogiaren bidetik eman ditu ahaleginik handienak eta honen ondorioz Txistu Gozoa izeneko metodoa eman zuen argitara lau tomotan. Hauxe da gaur egun Akademia eta Kontserbatorio gehienetan erabiltzen den gida liburua. Errepertorioa zabaltzeko ere lan ugariak egin ditu eta gehienak Txistulari aldizkarian argitaratu dira. Zenbait urtez ere aldizkari horretako zuzendari aritu zen.

1982.ean Euskaltzaindiak deitutako Felipe Arrese-Beitia Poesia Lehiaketa irabazi zuen, Emeki Itxaropendutako Egunkaria liburuarekin. Musikologia aldetik ikerkuntza lan asko ditu eginak. Aipagarrienak: Euskal Kantak eta Iztueta-Albéniz-en Musika Bilduma.

Donostiako Txistulariekin batera lau disko ditu argitara emanak, euskal herri dantzak bilduz. Eta bakarlari gisan ere beste bost: Ansorenatarren danbolina, Txistu hotsak, Le Basque, Haize hegoa, eta Gipuzkoako soinu zaharrak.

1982. urtean Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, bakarlari gisan hau ere, estreinatu zuen Concierto para Txistu y Orquesta, Tomás Aragüés-ek idatzia, Errenteriako Musikasten eta geroago beste hainbat aldiz ere eskaini. 2002.ean, Euskadiko Orkestrarekin batera jo du kontzertu berbera Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Aukera hori baliatuz prestatu zen zuzeneko grabazioa ELKAR disketxeak argitara eman du.

Txirri, Mirri eta Txiribiton euskal pailazo hirukote ezagunenaren fundatzaile eta partaidea da. Hauekin Euskal Telebistarako hirurehun programa inguru burutu dituzte. Baita zazpirehundik gora saio publiko aurreko eta tankera guztietako argitalpenak ere: ipuinak, diskoak, bideoak, komikiak,... Show-man gisan, Xabier Otaegirekin batera Funtzioa izeneko programa sortu zuen, hiru kurtsuetan Euskal Telebistako saiorik arrakastatsuena izan zen programa. Beste programetan ere zuzendari, gidoilari eta aktore lanak egin izan ditu: Balinda, Txiskola,... 1998-1999 kurtsuan Sikofonia saioa aurkeztu eta zuzendu zuen, eta bertan Euskal Herriko pertsona famatuenak elkarrizketatu. 1999-2001 urteetan, pailazo gisan, Barrebusa izeneko programan aritu da bere lagunekin batera, 2001-2002etan, Altza, Porru! izenekoan eta aurten Trikitraka Trikitron berrian.

Hogei urte baino gehiago dira beste arlo berezia lantzen hasi zela: Musikaren zabalkundea, modu askotan bideratua, baina batik bat Kontzertu Didaktikoen bitartez, antolatzaile edo aurkeztzaile gisan. Tankera guztietako talde musikalekin aritu da honetan: Orkestrak, Banda Sinfonikoak, Koruak, Ganbera Taldeak, Txistulari taldeak... Euskadiko Orkestrarekin ohiko elkarlana egiten du esparru honetan, baina beste zenbait Orkestrarekin ere aritu izan da: Frankfurt, Tenerife, Galizia... Mario Venzago, Pedro Halffter, Víctor Pablo Pérez, Juan José Mena, Juan José Ocón, Kike Ugarte, eta beste hainbat zuzendarirekin batera lan egin du.

2001. urtean, Mirri eta biok, pailazo bizitzaren oroitzapenetan oinarritutako liburua, eta Gloria izeneko antzezlana ere argitara eman zituen. Azken hau José Luis Greco konpositoreak musikatu egin du eta aurtengo maiatzan estreinatuko da Gasteizen eta Donostian. Pailazotzari jarraitzen dio eta bere lagunekin batera Euskal Herria osoa korritzen du saio ugariak eta arrakasta handikoak eratuz. Aurten, martxoan, haurrei eskainitako alderdi honetan, hasi zenetik hogeita hamaika urte beteko ditu. Joandako urtean, 2002.ean, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak bere Urrezko Domina eman zion, txistu eta danbolinaren alde egindako lanak eskertzeko.
 

BIBLIOGRAFIA

- Txistu gozoa | (lau tomotan)
- Concierto para Txistu y Orquesta | Elkar

GEHIAGO IKUSI

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta